Pertsona askok naturari begira lasai esnatzea amesten dutela gauza jakina da. Oxigenoa ere desberdina den esnatzea bilatzen dute. Iparra Txiki Berri Irungo Anaka auzoan dagoen ostatu turistikoa da, mendiz inguratua. 2020an bere bezero leialei zerbitzurik onenak eskaintzeko ateak ireki zituen etxe familiarra da. Ana Pérez Gútiezek, ostatuaren jabeak, etxe abegitsu honen historia eta bitxikeriak kontatu ditu.
Nola sortu zen alokairuko apartamentu turistiko bat sortzeko proiektua?
Egia esan, dena erorketa batetik etorri zen, berpizte batetik, birsortze batetik. Berrasmatu beharra zegoen, eta etxea edukita, ikusi genuen onena zela geneukanari etekina ateratzea.
Une zailean hasi zineten, ezta?
Ilusio askorekin hasi ginen. Proiektua gauzatu eta lehen solairuan erreformak egin genituen, baina irekitzeko momentuan gure lehenengo bezeroa covid-a izan zen. Ezin izan genuen ireki. Horrek larritasuna sortu zigun, ilusio guztia erori zitzaigun, baina hemen ezin da atzera begiratu, aurrera baizik. Orduan, askatasunaren ateak ireki zirenean, lan egiten hasi ginen, 2020ko ekainaren 2an. Pandemiaren hasieran negozioa ireki zuten ausarta horietakoak ginela konturatu ginen.
Nolakoa da ostatuaren kokapena?
Zoragarria, guztiaren erdian dagoelako, baina aldi berean baztertuta. Naturaren erdian kokatuta dago eta horrek isolatua egoteko eta atsedenaldi eraberritzailea izateko aukera ematen du. Era beran, deskonektatzeko eta telelana egiteko aproposa da, baina, aldi berean, edozein zerbitzutatik eta lekutik gertu dago, ezer falta ez izateko.
Lau logelen izenek inguruko paisaiarekin dute lotura, ezta?
Bai, horri ez nion buelta askorik eman. Bururatzen zaizu izen hoberik? Gela bakoitzari balkoitik edo leihotik duen ikuspegiaren izena jarri zitzaion. Guadalupe suite-an gaude orain, hemendik Guadalupe santutegia ikusten baita, noski. Bestetik, Jaizkibel gela dago eta aurrealdean Aiako Harria eta Zubelzu.
Zeintzuk dira bezeroei eskaintzen dizkiezuen zerbitzuak eta instalazioak?
Etxeak aparteko ateak dituzten lau logela ditu. Gonbidatuak sarrera nagusitik sartzen dira eta, behin erreserba eginda, bezero batetik bestera aldatzen doan kodea ematen zaie, sarrailak elektronikoak baitira. Horrela, bezeroek askatasun osoa dute, gainerakoekin inolako kontakturik izan beharrik gabe. Hori, egia esan, pandemia garaian sekulako abantaila izan zen. Eta zer zerbitzu eskaintzen ditugun? Ba batez ere atseden berritzailerako aukera, lekua lasaia delako. Egia da, adibidez, ez dugula jatetxe zerbitzurik, baina logela guztiek mahai bat eta kafe makinak dituzte, ongietorri opari gisa.
Nolakoa izaten da bezeroen profila?
Denboraldi baxukoak bertakoak izaten dira normalean, asteburua pasatzera edo Irungo familia bisitatzera etortzen direnak. Goi-denboraldian, aldiz, atzerritarrak izan ohi dira, erromes asko ere bai, gure Done Jakue bidearen zigilu propioa eta guztiz sortu dugu! Beste bezero mota europarra da, bere bigarren egoitzara doana, Portugalera edo Espainiako hegoaldera, eta gu bide erdian gaude. Europako bezero dezente ditugu fidelizatuta, normalean belgikarrak eta alemaniarrak, baita frantses asko ere. Gero, bezero nazionalak daude eta horiek dira egonaldi luzeenak egiten dituztenak.
Zer izaten da gehien baloratzen dutena?
Arreta. Kokapena, adibidez, aldatu ezin den zerbait da, beraz, bereizteko aukera bakarra arreta pertsonalizatua eskaintzea da. Hori lortzeko zure etxearen ateak ireki, laguntza eskaini, zure burua aurkeztu eta, batez ere, zerbitzua maitasunez eman behar duzu. Bezeroek egonaldi zoragarria eta ahaztezina izan behar dute, etxean bezala senti daitezen.
Orduan, arreta asko zaintzen duzuen zerbait al da?
Bai. Ni zerbitzuko emakumea naiz, bizitza osoa eman dut besteentzat lan egiten. Dudarik gabe bezeroen arreta guztiaren gainetik dago.
Zein izaten da okupazio handieneko garaia?
Lehen bultzada handia Aste Santuan hasten dela esan genezake. Ekainetik urrira arte okupazioa % 100ekoa da. Ez dago hutsunerik, eta ezerezteren bat izanez gero, berehala betetzen da berriro.
Bukatzeko, nola aurreikusten duzu 2023ko urtea?
Zorionez erreserba asko ditugu, uztaileko egun ugari beteta baitaude. Lan asko egin behar dugu, noski. Egia da pandemia batetik gatozela eta ez daukagula aurreko urteekin alderatzeko aukera, baina beti goraka goaz.