Iraganeko Oissora bidaia

Uztailaren 12tik 15era Dies Oiassonis jaialdiak Irungo kaleak erromatar ohiturez bete ditu. Ikuskizunak, berreraikitze historikoak, ekintza gastronomikoak, erromatar azoka eta beste hainbat ekintza antolatu ziren San Juan plaza eta Oiasso museoaren inguruko eremuan.

Dies Oiassonis jaialdiak iraganeko Irun erromatarrera itzuli eta, horrela, garai hartako ohiturak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Antolaturiko ekintza ugarien artean, “Navigium Iisdis” izeneko Isidis jainkosa omentzeko egiten den prozesioa izan da jaialdiaren bederatzigarren edizioko ekintza jendetsuenetako bat. Kristo ondorengo I. mendean nabigazio-denboraldiari hasiera emateko egiten zen prozesioa birsortu zen Irungo herritarren parte-hartzeari esker.

Erromatar zirkuak, antzerkiek eta bestelako birsorkuntzek ikusle gazte eta helduak aho zabalik utzi zituzten. Hiru egunetan zehar San Juan plazak anfiteatro itxura hartu zuen, zaldiek gidatutako koadrigen lasterketentzako eszenatoki bihurtzeko. Bestetik, Oiasso Museoaren inguruan haurrentzako eskulan tailerrak antolatu ziren, etxeko txikiei jolasen bitartez erromatar ohiturak hurbiltzeko.


Dies Oiassonis jaialdian Ars Culinariak Irun era desberdin batera dastatzeko aukera eskaini du antolatutako ekintza gastronomikoen bitartez. Horrela, erromatar garaiarekin loturiko esperientzia enogastronomiko ugari antolatu ditu. Jardunaldi horietan gaur egungo sukaldariek Erromatar garaiko errezeten interpretazioarekin egindako menuak disfrutatzeko aukera izan da.

Erromatar pintxoaren bidea

Dies Oiassonis egunak iritsi baino lehenago Irungo tabernetan erromatar zaporeko pintxoak dastatu ahal izan dira. Uztailaren 6tik jaialdiaren amaierara arte San Juan, Alde Zaharra, PIO XII eta Santiago inguruko 31 tabernetan dastatu ahal izan dira pintxo erromatarrak. Pintxoak sortzeko sukaldariek erromatar garaian erabiltzen ziren osagaiez baliatu dira.

Gauza berriak ikasteko aukera

Euskal Herriko Udako Unibertsitateak, Udako Ikastaroen programaren barruan, Dies Oiassois jaialdiarekin lorturiko ikastaro bat antolatu zuen. Uztailaren 11 eta 12an Gordailuan eta Oiasso Museoan egin zen ikastaroa. Atlantikotik Txinara Zetaren Bidearen aurretik izeneko ikastaroan iraganean distantzia luzeko harremanak eta elkartrukeak erromatar munduan nola egiten ziren ikasi ahal izan zuten ikasleek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude