Irailaren 15ean irekiko da Gurasoekin eta Gazteekin programetan izena emateko epea

Gizarte Ongizateko arloak Gurasoekin eta Gazteekin programak abiarazi ditu beste urte batez. Izenak berak dioen bezala, gurasoei eta nerabeei laguntza emateko programak dira, hurrenez hurren, eta astearte honetan horiek aurkezteko prentsaurrekoa egin dute Gizarte Ongizateko ordezkariak eta bi ekimenen arduradun diren teknikariek.

David Nuño ordezkariaren hitzetan, «jakitun gara erantzukizun publiko bat dugula gure udalerriko senideei zein gazteei laguntza emateari dagokionez. Horregatik, programa prebentibo eta psikoedukatiboen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, haien egunerokotasunean behar bezala aritzeko bizi-tresna nahikoa izan dezaten».

Bi programetako edozeinetan parte hartu nahi dutenek https://www.irun.org/ webgunearen bidez edo 943505152 telefonora deituta eman dezakete izena, irailaren 15etatik aurrera urriaren 15era arte. Plazak mugatuak dira eta izena emateko ordenaren arabera esleituko dira.

GURASOEKIN

Programa guraso talde txikien bidez egiten da, astean behin edo hamabostean behin bilduta. Lantalde profesionala ION ARRUABARRENA enpresako kide hauek osatzen dute: Ion Arruabarrena, Ana Elosegi, Gema Campo, Andrea Aranguren, Begoña Arruabarrena, Josune Balenziaga eta Maider Andonegui. Programa doakoa da eta saioak Palmera Montero Zentro Zibikoaren 4. aretoan egingo dira.

Taldeak osatzeko, kontuan izan dira familien beharrak eta seme-alaben adina. Lau talde hamabostean behin biltzen dira, eta 12 saio egiten dituzten ikasturtean zehar (talde bat 0 eta 5 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoentzat, beste bat 6 eta 11 urte bitarteko haurrak dituztenentzat eta bi talde nerabeen gurasoentzat). Beste hiru talde astero biltzen dira, laguntza-behar handiagoa duten aita-amei zuzenduta.

Edizio honetan, 0 eta 2 urte arteko haurrak dituzten gurasoentzako talde bat sortu da, gurasoek berek eskatuta, beharrezkoa baita etapa horretan ere gurasotasun positiborako prestakuntza eta orientazioa lantzea.

Programa honek gurasotasun positiboa deritzana sustatzen du, hots, aita-amen eta seme-alaben arteko lotura afektiboak indartzen ditu eta, aldi berean, estimulazioa eta laguntza ematen die azken horiei. Horrela, errazagoa da gurasoentzat mugak ezartzea eta beren haurrak inolako indarkeriarik erabili gabe heztea, haurren eskubideak errespetatuta.

Helburu hori lortzeko, Gurasoekin programak zenbait alderdi lantzen ditu: familian komunikazio positiboa lantzea, enpatia-gaitasuna garatzea, grinen erregulazioa eta autokontrola bultzatzea, gatazkak ebazteko estrategiak egiten laguntzea, haurren adinerako egokiak diren arauak eta mugak ezartzea eta haurren adinaren arabera egokia den zaintza sustatzea gurasoen artean.  Laburbilduta, prebentziozko baliabide psikoedukatiboa da, eta familiako kideen garapena sustatzen du. Izan ere, seme-alabek ez dakarte erabilera-eskulibururik.

Irungo Udalak badaki familiei laguntzeko ardura publikoa duela, eta GURASOEKIN programaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Duela 26 urte jarri zen martxan lehen aldiz, baina planteamenduak eta dinamikak etengabe eguneratuz doaz.

GAZTEEKIN

Esku-hartze psikoedukatiboko programa hau 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago, eta bizitzarako trebetasunak lantzean oinarritzen da. Programa OME Osasunaren Mundu Erakundeak formulatutako nazioarteko ekimen batean oinarritzen da. Hamar gaitasun desberdin bultzatzen dira, eta horiekin, nerabeek eta gazteek egungo munduaren erronkei era positiboan aurre egiteko gaitasun handiagoa lortzen dute.

Bizitzarako behar diren hamar trebetasunak hauek dira: norberaren ezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazoak eta gatazkak kudeatzea, pentsamendu sortzailea, emozioak eta sentimenduak kudeatzea eta tentsioak zein estresa kudeatzea.

Horregatik, OMEk bizitzarako trebetasunak sustatzeko eginiko gomendioari jaramon eginez, Irungo Udalak GAZTEEKIN programan parte hartzeko aukera eskaintzen die herriko nerabeei, tokiko prebentzio-politiken esparruan, 2021-22 ikastaro honetan.

Gazteekin 12  eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago. Lau talde osatuko dira, eta astero bilduko dira 75 minutuko saioetan, azaroan hasi eta maiatzera arte. Taldeak psikologiako adituek gidatuko dituzte: Ion Arruabarrenak, Gema Campok eta Andrea Arangurenek. Haur eta nerabeen alorreko espezialistak dira guztiak.

Talde bat 12 eta 14 urte arteko nerabeek osatuko dute, eta bizitzarako trebetasunen tailerretan parte hartuko dute. Horietan, trebetasun horiek landuko dituzte, hiruhilekotan banatuta. Lehenengo hiruhilekoan, komunikazioarekin eta pertsonen arteko harremanekin lotutako trebetasunak landuko dira; bigarrenean, emozio eta sentimenduen kudeaketarekin lotutakoak, eta azken hiruhilekoan arazoak konpontzearekin lotuta daudenak.

Bigarren taldea 15 eta 17 urte bitarteko gazteek eratuko dute eta laguntza-taldean parte hartuko dute, alegia hausnarketarako eta nerabeen esperientzien trukaketarako talde batean. Bertan, parte hartuko duten nesken eta mutilen interesen arabera landuko dira gaiak, eta talde gidariak beste gai batzuk planteatuko ditu taldean bertan identifikatzen diren gai batzuen erantzun gisa (asertibitatea, enpatia, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, berdinen arteko laguntza-harremanak, gatazkak konpontzeko estrategiak…).

Programa doakoa da eta saioak ostegunetan egingo dira Palmera Montero Zentro Zibikoaren 4. aretoan. Bizitzarako trebetasunei buruzko tailerrak 17:30etik 18:45era emango dira eta laguntza-taldea 18:45etik 20:00etara bilduko da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude