Irailaren 18an estreinatuko da Trikuharri elkarte soziokulturalak ekoitzitako “M” film laburra

 

Argazkia: Estudio Gover

Trikuharri elkarte soziokulturalak “M” film laburra estreinatuko du irailaren 18an. Estreinaldia Amaia kultur zentroan egingo da, arratsaldeko 19:00etan. Film laburra “Mari eta bere lagun magikoak” liburuan oinarrituta dago. Sarrerak Irungo Udalaren webgunean edo Irungo turismo bulegoan eskura daitezke.

Film laburraren gai nagusiak mitologia eta ingurumena dira, Trikuharri elkartearen lana euskal kulturan oinarrituta baitago. Film laburrak Mari jainkosak Anboto eta Landarbaso artean egin zuen bidaia kontatzen du. Bidaia horretan, Marik Basajaun, Tartalo, Galtzagorriak, Lamiak eta beste hainbat pertsonaia ezagutuko ditu. Bestalde, ingurumenaren egungo egoera aipatzen da eta Marik gaur egungo egoera zeinen larria den azaltzen du. Horrela, ingurumena zaintzea ezinbestekoa dela aditzera eman nahi da, etorkizun osasuntsu eta oparoa izateko. Era horretan, erretako mendiak, zikinkeria edozein bazterretan edo kutsadura-mailak gora egitea saihestu nahi da. Trikuharri elkarteak garrantzi handia ematen dio ingurumenaren kontserbazioaren gaia haurrekin zein helduekin jorratzeari. Txemi Moreda Artolak adierazi duenez, “talde txiki bat gai honen inguruan kontzientziatzea lortzen badugu, pozik egongo gara”.

“M” film laburra grabatzeko prozesua ez da erraza izan, neurri handi batean pandemiagatik eta orduan indarrean zeuden murriztapenengatik baldintzatuta egon baita. Grabaketarako ia sei hilabete behar izan ditu elkarteak, itxitura perimetralek edo talde txikiek prozesua zaildu baitute. Zenbait sekuentziatan, Akelarrea kasu, 4 pertsona baino gehiagok parte hartu behar zutenez, zailagoa izan da grabaketa antolatzea. Kasu horretan, adibidez, Txemik onartu duenez errazagoa izan zen, sorginak interpretatzen zituzten aktore gehienek txertoa jarrita baitzeukaten. Dena den, filmaketetan pertsonen arteko distantziak errespetatzen ziren eta maskarak erabili dira. Txemi Moredak dioenez, “film laburraren grabazioa abentura bat izan da”.

“Film laburraren grabazioa abentura bat izan da”

Txemi Moreda,“M film laburreko zuzendaria

Txemi Moreda film laburreko zuzendariak adierazi duenez, “hasieratik oso argi nuen zein lekutan grabatu nahi nuen”. Besteak beste, Irugurutzetako labeetan, Erlaitzen, Jaizkibelen eta Landarbason egin dira grabaketak. Janzkerari eta apaingarriei dagokienez, Trikuharrik hiru aldetatik jaso du laguntza. Alde batetik, Txemi Moredaren ama jostuna da eta laguntza handikoa izan da jantzien ekoizpenean. Bestalde, Trintxerpeko konpartsa batek asko lagundu die, garaiko jantziak utzi baitizkie. Azkenik, elkarteko kide den Isaren arrebak ere jantzien sorrera prozesuan lagundu die. “Hiru laguntza horiekin lan guztia aurrera ateratzeko gai izan gara”, azaldu du Txemi Moredak.

Pandemiak grabaketa prozesua zaildu duen arren, ez du atzerapenik eragin film laburraren estreinaldiari dagokionez. “Zein egoeratan geunden jakinda, ez dugu film laburra estreinatzeko epemugarik finkatu nahi izan”, azaldu du zuzendariak. Helburu bakarra Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko lehiaketarako garaiz iristea zen.

M hizkia hiru zati dituen proiektu baten laburpena da, eta Mariren, mitologiaren eta mendien laburpena da. Mari oraindik garapen prozesuan dagoen jarduera bat da. Asmoa zera da, Mari bi pertsonaiarekin, asto batekin eta ardi batekin, harremanetan jartzea, datozen hilabeteetan garatuko ditugun elkarrizketak sortzeko. Mitologiaren barruan, dagoeneko argitaratu den ipuina dugu, eta Trintxerpeko estanko batean, Iparralde etorbideko “Papel y más” dendan, Kale Nagusiko “El baúl de las ideas” dendan eta Manolo tabernan eros daiteke. Azkenik, Mendiak film laburrari dagokion zatia izango litzateke.

Ipuina eta film laburra ahalik eta haur gehienengana iristea da asmoa, proiektuak zabalkunde handia izan dezan. Trikuharriren asmoa ipuina eta film laburra ikastetxeetan banatzea da. Haurrek ipuina koloreztatu ondoren, film laburra ikustea eta eurek margotutako pertsonaiak nolakoak diren erakutsi nahi zaie. “Prozesu honen guztiaren amaieran, ikasleen ebaluazio txiki bat egin nahi genuke, gure proiektuaren bidez zer ikasi duten jakiteko”, azaldu du Txemi Moredak.

Kide izatetik aktore izatera
Txemi Moreda film laburraren zuzendariak azaldu duenez, elkarteko kideek aktore gisa parte hartzea ezinbestekoa izan da. “Zinemaren edo interpretazioaren munduarekin zerikusirik ez duten pertsonak dira, baina eskatutako mailan egoten jakin dute”. Film laburrean, trikuharri elkarteko kideez gain, bazkideen lagun eta senideek ere parte hartu dute proiektuaren berri izan ostean.
Adibidez, Maialen Barreiro Txemiren ilobak film laburrean parte hartu du eta Mariren pertsonaia interpretatu du, protagonistarena, alegia,. Barrez onartu du beti kasu egin behar izan diola osabari, bestela oso urduri jartzen baitzen. Maialen Barreirok kontatu duenez, “mendian hartualdi asko grabatu ditugu, pertsonaia mitologikoz inguratuta”. Film laburreko protagonistak gaineratu du: “grabatzen hasten ginenean benetan oso ondo pasatzen genuen eta barre asko egin genituen”. Maialenen kasuan, horrelako proiektu batean parte hartzen zuen lehen aldia zen, eta berriro egingo lukeela onartu du, “batez ere bere osabaren zuzendaritzapean bada”.

Beraz, lankidetza izan da proiektua aurrera atera ahal izateko gakoetako bat. Aktore guztien lankidetza desinteresatuaz gain, Nayade abesbatzaren laguntza izan du Trikuharri taldeak, eta Libera British Choirrek film laburrean entzun daitekeen abestietako bat utzi du. Bestalde, Miren Echeveste arduratu da ipuinaren itzulpenaz eta David Alonso ilustratzaile lanetan aritu da.

Erdizka dauden ideiak
Ohi bezala, trikuharri elkarteak oraindik aurkeztu ez diren proiektuetan murgilduta jarraitzen du. Elkarteak beste bi ipuin argitaratzeko asmoa du. Bestalde, elkartea 2020an egin behar zen gaueko joko ospetsua estreinatzeko zain dago. Azkenean, badirudi jokoa 2022an egingo dela, data aldaketa txiki batekin; izan ere, uztailean egin beharrean, azaroko lehen egunetan egingo da seguraski, Hallowenekin bat egin dezan. Beraz, pandemiaren garapenak uzten badu, litekeena da laster Trikuharritik proiektu berriak aurkeztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude