Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Arbes egoitza berriaren proiektua onartu du gaur Diputatuen Kontseiluan. Cristina Laborda, Irungo alkatea, Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia, Maite Peña, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua prentsaurrekoan agertu dira gaur, hartutako erabakiaren eta egoitza berriaren xehetasunen berri emateko.
Egoitza berria eraikitzeko proiektuaren arabera, 130 plaza sortuko dira adinekoentzat, zazpi bizikidetza-unitatetan banatuta, eta 26 plaza desgaitasuna duten pertsonentzat, bi unitatetan banatuta. Horrez gain, eguneko bi zentro sortuko dira, adinekoentzako 30 plaza eta desgaitasuna duten pertsonentzako 25 plaza dituztenak, eta tutoretzapeko 48 apartamentu, mendekotasunik ez duten 50 adinekorentzat.
Erakunde adjudikazioduna Arbesko Egoitza da (GSR kooperatibak, Kreanek, eta Altuna y Uriak osatzen dute), eta bera arduratuko da proiektua idazteaz, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin zentro berria eraikitzeaz, abian jartzeaz eta 22 urtez kudeatzeaz, 263,6 milioi euroko balioarekin. Lanak irailean hasi eta 2026an amaituko dira.
Auzora irekitako egoitz
Obraren aurrekontua 32.421.183,97 eurokoa da, eta prozesuaren hurrengo urratsa izango da egikaritze-proiektua eta azterketa tekniko osagarriak egitea (segurtasuna, osasuna, kalitate-kontrola eta hondakinen kudeaketa).
Peñak zehaztu duen bezala, egoitzak 6.913 m2-ko lurzati trapezoidal bat hartuko du, guztira 19.363,32 m2-ko azalera eraikia duena, Irungo Arbes auzoan, “eta auzoari irekitako espazio bat eratuko du, non komunitatearekiko lotura lehenetsiko den”. Egoitza zentroak, bere zerbitzu eta instalazioen artean, kafetegi bat eta kanpoko urbanizazio bat izango ditu, erlazio hori ahalbidetzeko.
Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitzak zazpi modulu izango ditu guztira, 19 plazako lau bizikidetza-unitate, 20 plazako beste bi unitate, eta arreta psikogeriatrikoko unitate bat, 14 plazarekin. Eremu komunek hall bat, kontrol-postu bat, kafetegia, egongelak, jantokiak, ikus-entzunezko gela, eremu komunak, ile-apaindegia, podologia, fisioterapia, bilera-gelak eta bulegoak izango dituzte.
Gune horretan 12 eta 14 plazako bi egoitza-modulu ere egongo dira, desgaitasun larria duten pertsonentzat, guztira 26 plazarekin. Gainera, eguneko bi zentro ere eraikiko dira, adinekoentzat 30 plazarekin eta desgaitasuna duten pertsonentzat 25 plazarekin. Tutoretzapeko 48 apartamentu ere gaituko dira adineko autonomoentzat, 50 plazarekin eta udal-eskumenekoak izango dira, Irungo Udalarekin sinatutako hitzarmenaren baitan, izan ere, Udalak Aldundiari laga zion lursaila eta Aldundiak finantzatuko ditu tutoretzapeko apartamentuetako 50 plazak.
“Funtsezko” proiektua Irunentzat
Bestalde, Cristina Laborda Irungo alkateak azpimarratu duenez, “adineko pertsonen ongizateak lehentasuna izan du beti Irungo Udalarentzat, eta hiriaren behar historiko bati erantzungo dion proiektu baten aurrean gaude. Zalantzarik gabe, gure adinekoen bizi-kalitatea hobetuko duen ekipamendua da, Aldundiarekin lankidetzan egiten ari dena”.
Egoitza-zentroaren baitan hainbat zerbitzu eta azpiegitura aurreikusten dira. Zehazki, Irungo Udalak tutoretzapeko apartamentuetako 50 plazak jarriko ditu martxan, udalaren eskumena baita. Alkatearen hitzetan, “ekipamendu honek helburu garrantzitsuak beteko ditu, hala nola, erabiltzaileak komunitatean egon daitezen erraztea, autonomia pertsonala eta gaitasunak hobetzea, isolamendu-egoerak saihestea edo segurtasun-sentimendua erraztea”.
Aldi berean, Irungo Udalak aurrera egiten du proiektu hori gauzatzeko beharrezko urratsak emanez. Hala, joan den asteazkenean, apirilaren 17an, tokiko gobernu batzarrak Arbesko Errota-Arbes bideko 1 faseko ET aireko linea desbideratzeko obrak kontratatzea onartu zuen. Proiektu honek urbanizazio- eta eraikuntza-obrek eragindako lurzatia gurutzatzen duen erdi-tentsioko aireko linea bat lurperatzeko lanak aurreikusten ditu. Azken horiek hasteko, ezinbestekoa da aipatutako lurperatzea eginda egotea, eta, beraz, beharrezkoa ikusten da lurzatia urbanizatzeko lanen lehen fase gisa, aipatutako erdi-tentsioko aireko linea elektrikoa desmuntatzea eta lurperatzea. Oro har, urbanizazio-eragiketa osoak 2.700.000 euroko udal-aurrekontua du.