Irakurleentzako egun preziatua

Apirilaren 23an, munduko hainbat bazterretan bezalaxe, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zen Irunen. Irakurleentzat zeresan handia duen egun berezi honetan literaturaren inguruko ekintza ugari antolatu ziren hirian. Horien artean, urtetik urtera liburutegian antolatzen diren irakurketa publiko edo liburu azokaz gain, bookcrossing-a bezalako ekintza berritzaileak izan ziren aurtengo edizioan.

Liburuaren Nazioarteko Egunaren barnean, Carlos Blanco Aguinaga Irungo Udal Liburutegiak protagonismo berezia izan zuen. Urtero moduan, egun osoan zehar bi irakurketa publiko antolatu ziren liburutegiko mahaiak eta apalak betetzen dituzten liburuen omenean. Euskarazko irakurketarako Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia lana hautatu zen. Eleeberriaren autoreak ekin zion liburuaren lehen paragrafoen irakurketari, ostean, Jose Antonio Santano alkateak eta Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak irakurketarekin jarraitzeko. Gazteleraz, berriz, urtero moduan Miguel de Cervantes idazle espainiarrak idatziriko On Kixote Mantxakoa lana irakurri zen.

Euskaraz zein gazteleraz egindako irakurketa publiko horietan, ordezkari politikoez gain, egunean zehar hiritarrek esaldiak bereganatu eta bi obra literario hauek ozenean irakurtzeko aukera izan zuten ere, literaturari haien omenaldi propioa egiteko.

Bien bitartean, hiriko beste bazter batean, Liburuaren Azoka antolatu zen, aurten aldaketa txiki batekin. Izan ere, Zabaltza plazan kokaturiko eremu elektorala dela eta, Liburuaren Azokaren kokapena aldatu eta Luis Mariano inguruan egin zen aurten. Hala ere, Irungo liburutegiek ez zuten literaturarekin hitzordua galdu eta Elkar, Brontë eta Tinta Comics liburu-dendetako saltzaileek liburu eskaintza zabalarekin bete zituzten plazako postuak. Ylenia Benito, Brontë liburu-dendako arduradunak adierazi zuenez, “gaurko egunean zehar irakurle askoren bisita espero dugu, Irungo liburu-dendak ezagutu edo liburu edo autore berriren bat deskubritzeko”.

Azokaren ateak goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte zabalik egon ziren, irakurleen eskakizunei erantzuteko. Azokara ekarritako nobedadeengatik galdetuta, Ylenia Benitok azaldu zuen ezinezkoa zitzaiola nobedade gutxi batzuk hautatzea egunero argitaratzen diren lan-kopuru handia ikusita. “Nik nire liburu kuttunak ekarri ditut azokara, batzuk nobedadeak dira, besteak, ordea, literaturako klasiko ezagunak” azaldu zuen.

Liburuak irakurtzeko ohiturak aldatzen ari diren garai honetan, Ylenia Benito liburu saltzaileak azaldu zuen nahiz eta liburu elektronikoak bezalako irakurketarako tresna berriak asmatu, “irakurleak irakurleak dira eta edozein formatutan irakurtzen dute, baina, normalean papera gustatzen zaie”. Honela, askok ebook-a paperaren hiltzailetzat ikusten bazuten ere, eskuekin orriak laztantzea gogoko duten irakurleak gelditzen dira oraindik.

Ekintza berriak
Urtero antolatzen diren ekintzez gain, aurten bookcrossing bezala ezagutzen den ekintza berritzailea gehitu da Liburuaren Nazioarteko Egunaren programara. Ekintza honen bitartez, CBA Udal Liburutegiko liburu ugari sakabanatu dira hiriko eremu publiko ezberdinetatik irakurleen artean liburuen trukaketa bultzatzeko.

 

Irungo Luis Marianoko Liburu Azokako bisitariak

Jose Garcia:
Azoka tamainari dagokionez apur bat txikia dela iruditu zaidan arren, ondo dagoela uste dut. Azokara hurbildu naiz euskara ikasteko prozesuan murgildurik nagoelako eta hizkuntzaren ikasketa ariketak osatzeko asmoz, nire mailarentzako egokia izan daitekeen liburu baten bila etorri naiz. Horregatik, oso liburu zalea ez naizen arren, haurrei zuzendutako euskarazko liburu txiki bat erostea erabaki dut, honela, euskara ikasten jarraitzeko.

Maria Luisa Redondo:
Asko gustatu zait Irungo Liburuaren Azoka, irakurtzea asko gustoko duen pertsona naizen aldetik. Ikerketan oinarritutako eleberriak asko gustatzen zaizkit, suspenseko istorioak kontatzen dituzten literatur lanekin batera. Hala ere, denetariko liburuak irakurtzen saiatzen naiz. Azokara liburu zehatz baten bila etorri naiz titulua nonbait entzunda nuelako, baina, trilogia bat denez, hirurak batera lortzen saiatuko naiz. Egun oraindik paperean irakurtzea gustuko dudan arren, ebooka bidaietarako aukera egokia izan daitekeela uste dut, irakurleari ematen dion erosotasunarengatik.

Juan Jose Michelena:
Ez nekien Irunen horrelako azokarik antolatzen zenez, beraz, hemen inguruan nebilela honekin aurkitu naiz. Azoka ikusi dudanean bertan zegoena ikusteko hurbildu naiz, Stephen Hawkingsen liburu baten bila nabilelako eta, azokan bertan ez daukatenez, jarraian dendara hurbilduko naiz liburua bertan topatu dezakedan ikusteko. Irakurtzeko ohitura dut, batez ere, genero zientifikoarekin eta errealismoarekin loturiko lanak atsegin ditut. Liburu elektronikoa erabiltzen dudan arren, papera ukitzea eta literatur lanak bertan irakurtzea gustatzen zait.

Juncal Cepeda:
Aurreko edizioren batean Irungo liburu azokara etorri izan naiz, irakurtzea gustuko dudalako, bai gazteleraz zein euskaraz. Denetarik irakurtzeko ohitura dut, eleberri historikoak izan ezik, genero hori nahiko astuna egiten zait eta. Azokara gauza konkretu baten bila etorri naiz, hain zuzen ere, Eider Rodriguez idazlearen azken liburuaren bila. Azoka nahiko txikia dela uste dut, baina, dendariek gehiago saltzea lortzen ez badute ondo dago horrela. Garrantzitsuena da Irungo liburutegi txikiek negozioak aurrera ateratzeko salmentak izatea, izan ere, nire ustez, Elkar bezalako liburu-denda handiek erraztasun gehiago dauzkatelako negozioa aurrera ateratzeko.

David Roman:
Haurrarekin hurbildu naiz Irungo Liburu Azokara eta azoka gustatu zaidan arren, egia esateko, tamainari dagokionez nahiko txikia iruditu zait. Batez ere, haurrentzat zuzenduriko liburu eta ipuinetan zentratu naiz nire bisitan eta liburu bat erosi diot txikiari. Etxean nire emazteak irakurtzeko ohitura handia dauka, ni ahal dudan heinean saiatzen naiz eta umeak irakurtzeko ohitura har dezan saiatzen ari gara. Datozen edizioetarako, azokaren zabalera eta eskaintza zabaltzea eskatuko nuke, hirian antolatzen den azoka honen erakargarritasuna handitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude