Irati Beorlegi oztopo lasterketako Espainiako Txapelduna izan zen 2019an txapelketaren barnean antolatzen diren hiru modalitateetan. Hori gutxi balitz, berriki, Europako txapeldunordea izan da 3km-ko modalitatean. Ez da izan Europako txapelketa batean parte hartu duen lehen aldia, iaz zortzigarren geratu baitzen distantzia luzeko kategorian. Irati Beorlegik bere kirolaren berezitasunaz hitz egin digu.
Europako txapelketan gertatutakoa espero zenuen?
Ez, azkenaldian oso lanpetua ibili naiz eta ez dut lasai egoteko eta gertatu den guztia barneratzeko astirik izan. Egia esan, ez nuen batere espero eta sekulako sorpresa izan da. Oso pozik nago, asko entrenatzen dugun arren, zaila da Europa mailan horrelako lorpen bat imajinatzea. Lehenengoaren atzetik helmugara iritsi nintzenean ezin nuen sinetsi. Gainera, bera nire idoloa da eta nire ingeles kaxkarrarekin ia ezin izan nuen berarekin hitz egin ere, emozioaz gainezka.
Europa mailan kirol hau hemen baino ezagunagoa dela esan daiteke?
Badago Europa mailako federakuntza bat eta beste herrialde askotan jada kirol bezala ere aintzatetsia dago. Hemen oraindik aitorpen hori lortzeko lanean ari gara, ondorioz, beste herrialdeetan oztopo lasterketekin lotutako ekintzak antolatzeko hobeto prestatuak daude.
Nolako entrenamenduak egin dituzu txapelketa hau prestatzeko?
Txapelketak prestatzerakoan korrika egitea asko lantzen dut, nire ahulgunea delako. Horregatik, ia egunero edo behintzat astero bost egunetan korrika egiten dut. Zintzilikatzeko probak Gasteiz Trainning gimnasioan entrenatzen ditut asteazkenetan, libre dudan eguna delako. Indarra ere landu behar da eta hori astean behin bakarrik lantzen dut Irungo Sparta Sport Centerrean. Noizbehinka eskalatzea ere gustatzen zait. Abileziako probak, esaterako punteria probak, prestatzea zailagoa da.
“Lehen kirol honetan genbiltzan emakumeak gutxiago ginen, baina orain geroz eta gehiago gara eta hori ona da”
Beraz, txapelketa bakoitzak proba ezberdinak ditu.
Europa mailan normalean bai, lasterketako probak urte batetik bestera aldatzen dituztelako. Maila nazionalean aldiz, aurretik zehaztuak dauden lasterketen kasuan probak ez dira gehiegi aldatzen. Hala ere, zirkuitua nolakoa izango den azaltzen digute.
Europan aurten lortutako sailkapenarekin pozik zaude?
Aurreko urtean bakarrik kategoria luzean lehiatu nintzen, baina horretan korrika gehiago egin behar denez, laburragoetan aritzea nahiago dut. Motza ostiralean egin zen eta bigarrena izan nintzen eta luzean, hurrengo egunean egin zena, zazpigarrena izan nintzen, beraz, oso pozik nago, nekatuta egon arren iazko marka hobetu baitut.
Erraza da zein lasterketatan lehiatu nahi duzun aukeratzea?
2018an ezagutu nituen oztopo lasterketak eta 2019an izan nintzen Espainiako txapelduna. Pandemiaren ostean aldiz, lehiakideen maila geroz eta handiagoa da. Beraz, lasterketetan parte hartzen dut liga irabazten saiatzeko. Azken hiru urteetan ligako irabazlea izan naiz, baina ez txapelketa nazionalean. Aurten nahi dudan lasterketetan bakarrik parte hartzeko erabakia hartu dut, garrantzitsuenak egiteaz gainera: Nazionala, Europakoa eta Mundiala.
Entrenamenduez gain, hasi al zara zure bizitzako beste arlo batzuk lantzen emaitzak hobetzeko?
Bai, kirolari ona izateko garrantzitsua da dena osotasunean lantzea. Hasieran nire kabuz entrenatzen nuen bakarrik eta ez nuen ezer berezirik egiten. Orain Alacanteko entrenatzaile bat daukat. Horretaz gain, nutrizioa eta osasun mentala lantzeko gauzak egiten hasi naiz. Izan ere, beti ez da erraza izaten maila honetan lehiatzeko gai izatea.
Estatu mailan federazio bat sortzeko ahaleginean zabiltzate, ezta?
Bai, momentuz elkarte bat dugu bakarrik OCR España izenekoa eta hori arduratzen da liga, federakuntza eta oztopo-lasterketa arautuak antolatzeaz. Beraz, hor erabakitzen da nor doan Mundialera edo Europa mailako txapelketara. Hala ere, oraindik ez dugu lortu federakuntza ofizial hori sortzea, ez baitago kirol bezala errekonozitua. Bidaiak ordaintzeko laguntza bakarrak babesleak dira.
“ Asko entrenatzen dugun arren, zaila da Europa mailan horrelako lorpen bat imajinatzea”
Oztopo lasterketak ezagutarazteko zu bezalako erreferenteen papera garrantzitsua dela iruditzen zaizu?
Ilusio handia egiten dit jendea niregana etortzen denean esanez beraien idoloa naizela. Nik inguruan ditudan guztiak animatzen ditut kirol hau probatzera, elite mailan egon gabe oztopo lasterketetan parte hartu daitekeelako. Oso kirol polita da, gorputz guztia lantzeaz gain, laguntasuna edo elkartasuna bezalako balioak ere jorratzen direlako. Jendeak uste baino errazagoa da kirol honetaz gozatzea eta, saiatuz gero, bilakaera azkar ikus daiteke. Lehen kirol honetan genbiltzan emakumeak gutxiago ginen, baina orain geroz eta gehiago gara eta hori ona da. Horrela, emakumeen txapelketetan lehiakortasuna asko handitu da eta beste xarma bat ematen dio kirolari. Geroz eta gehiago izanda, errazagoa izango da oztopo lasterketak kirol bezala aintzatestea.
Azkar atzematen al da kirol honetan progresioa?
Azkenean entrenatzen eta txapelketak egiten zoazen heinean segituan konturatzen zara hobetzen ari zarela. Gorputzak prentsatzen duguna baino azkarrago ikasten du egin beharreko mugimenduak zeintzuk diren, ia gu konturatu gabe.
Irailean Munduko Txapelketan lehiatzekoa zara, ezta?
Bai, Munduko Txapelketa Belgikan jokatuko da irailean. Dena den, Europako Txapelketa amaitu ostean atsedenaldi bat egin dut, urtarriletik ez baitut nire prestaketan etenaldirik egin. Indarrak hartu ostean, udara erdialdean hasiko naiz berriro ere entrenatzen. Munduko txapelketan lasterka luzean, laburrean eta taldeka. Izan ere, aurten Txapelketa Nazionalean taldekako kategorian irabazleak izan ginen, eta mundialera Espainiako Txapeldun bezala gonbidatu gaituzte. Europako txapelketan gainera ninja kategorian ere parte hartu dut, baina kirolarien maila altuegia da niretzat, jendea bakarrik horren prestaketan zentratua baitago. Hala eta guztiz ere, gustatu zait eta sailkatzea lortu nuenez pozik nago. Beraz, mundialeko ninja proban parte hartuko dut agian eta horrela amaituko da nire denboraldia.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.