Iraultza moreak Irungo kaleak hartu ditu martxoaren 8an

Martxoaren 8an hainbat ekintza antolatu ziren Irunen Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira. Hortaz gain, egunean bertan antolatutako ekintzez gain, martxoaren 8aren aurreko eta ondorengo egunetan hiriko elkarte ezberdinek beste hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean.

Eguneko lehen ekitaldia martxoaren 8ko goizeko 11:00etan hasi zen Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak deitutako kontzentrazioarekin. Elkarretaratzea San Juan plazan egin zen, Irungo udaletxearen aurrean. Hortaz gain, udaletxeko balkoian begizta morea jarri zen eta more koloreko argiarekin udaletxeko fatxada argitu zen martxoaren 7 eta 8ko gauetan. Kontzentrazioa hasiera batean goizeko 11:45etan egitekoa zen, baina, azkenean, elkarretaratzea goizeko 11:00etara aurreratu zen, ekitaldia goiz horretarako egindako beste deialdi batzuekin bateratu ahal izateko.

Martxoaren 8ko bigarren ekintza Txingudi eskualdeko hiru hiriak elkartu zituen mobilizazioa izan zen. Bidasoako Asanblada Feministak goizeko 11:30etan Fratzia eta Espainia arteko mugan kokatutako Santiago Zubian elkartzeko deialdia luzatu zuen. Hendaiatik abiatuta, mobilizazioak Iparralde etorbidea igo, Colon pasealekua zeharkatu eta Hondarribia kalean behera abiatu zen, Hondarribiko bidea hartu eta Portu auzoraino iristeko.

Egun bat baino gehiago
Martxoaren 8an bertan antolatutako ekintzez gainera, otsailaren 28tik martxoaren 19ra bitarte Emakumearen Nazioarteko Egunarekin lotutako beste zeinbait ekintza antolatu dira Irunen. Horretarako, Irungo Udalaren lanaz gainera, Argoiak, Parean, Uxoa, Bidasoa Elkarte Feminista eta Gaurko Andreak elkartearen lankidetza ezinbestekoa izan da. Horrela, era askotariko ekintzak antolatu dituzte: tailerrak, bazkariak, pelikula emanaldiak, antzerkiak, dokumentalak, erakusketak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta poema emanaldiak, besteak beste. Emakumeak izan dira ekintza guzti horien ardatza.

Azken ekintzak
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, ordea, hainbat ekintza egingo dira datozen egunetan zehar Irunen. Adibidez, martxoaren 13an, ostiralean, Bidasoaldeko Elkarte Feministak “¿Mejoran las asociaciones la vida de las mujeres? El empoderamiento en los espácios colectivos” hitzaldia antolatuko du eta Palmera Montero Guneko 2.aretoan egingo da.

Martxoaren 14ean, larunbatean, arratsaldeko 17:00 Concepcion Arenalek, kartzeletako bisitariak bideoforo eta solasaldia eskainiko du. Ekintza Behobiako Adinekoen-tzako Gizarte Zentroan egingo da, Bidasoako Elkarte Feministaren antolakuntzari esker.

Asteazkenean, martxoaren 18an, “5 horas con Mario” antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute arratsaldeko 17:00etan Argoiak elkartearen egoitzara hubiltzen direnek. Rosa Gómez arduratuko da antzezlanaren interpretazioaz Argoiak elkarteak antolatutako ekintza honetan.

Azkenik, martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintzei amaiera emateko, martxoaren 19an Emakumearen Ahotsa egitasmoaren barneko III. zikloa egingo da. Zineforumean “La lucha de las mujeres argentinas y latinas por la despenalización del aborto” gaia landuko du Patricia Viviana Poncek. Zineforuma Oiasso Museoan egingo da, arratsaldeko 19:00etan eta Gaurko Andreak elkartea izango da jardunaldiaren antolatzailea.

Asun Casasola Ipuin Lehiaketako irabazleak
Asun Casasola Ipuin Lehiaketa Irunen Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako beste ekintzetako bat da. Lehiaketaren sariak martxoaren 5eko 19:00etan banatu ziren Irungo Kale Nagusian kokatutako Brönte Liburudendan. Lehiaketaren V. edizioak aurretik antolatutako edizioen egitura mantendu du. Hortaz, guztira, 4 kategoria bereiztu dira, lehiaketara aurkeztutako testuen hizkuntzaren eta parte-hartzaileen adinaren arabera banatu direnak.

Helduen kategorian, euskarazko ipuin irabazlea Miren Usabiaga Artolaren idatzia izan da eta gaztelerazko testu irabazlearen egilea Maria Antonia González García izan da. Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren V. edizioak gazteei haien sormenak lehiaketara aurkezteko aukera eman die. Gazteen kategoriaren barnean, euskaraz idatzitako ipuin irabazlea Uxue Azkue Muxikaren lana eta gaztelerazkoa, aldiz, Julia Alia Castillejosena izan da garaile.

Saritutako idatziez gain, antolakuntza oso pozik azaldu da lehiaketaren V. edizioak utzitako datuekin. Izan ere, guztira 338 lan aurkeztu baitira lehiaketara, aurreko urteetan antolatutako lehiaketetako marka guztiak apurtuz. Gainera, antolakuntzak aurtengo parte hartzearekin bi helburu nagusi lortu direla azaldu du. Batetik, 2018 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker lehiaketa gazteei ireki ostean, idazle gazteen parte hartzea nabarmen hazi da, 12 eta 16 urte arteko gazteek idatzitako 110 ipuin jaso baitira. Bestetik, euskaraz idatzitako lan gehiago jaso dira eta kopurua aurkeztutako idatzien %25a izatea lortu da. Lehiaketara Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetako biztanleek ipuinak bidaltzeaz gainera, Asun Casasola Ipuin Lehiaketak estatuko puntu ezberdinetatik eta baita munduko hainbat txokotatik (Kolonbia, Mexiko, Argentina, Brasil, Txile…) bidalitako ipuin proposamenak jasotzen ditu ere.

Errotik aldatu beharreko jarrerak
Gizartean gertatutako emakumeen ahulduntzeari loturik, emakumeen eskubideen aldarrikapenerako egunean bihurtu da martxoaren 8a. Martxoko zortzigarren egunean Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen denetik, emakumeen askatasun eta eskubide berdintasunaren aldeko aurrerapauso asko eman diren arren, oraindik gizartean gauza asko aldatu eta ezabatzeko beharra dago.

Hain zuzen ere, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu baino bi egun lehenago Irungo Udalak aurreko astelehenean hirian gertatutako indarkeria matxista kasua salatzeko kontzentrazioa deitu baitzuen. Biktima 21 urteko bere bikotekidearengatik erasotua izan zen eta erasoa gertatutako inguruan aurkitzen zen segurtasun pribatuko agente batek emakumearen ohiuak entzun eta biktima laguntzea lortu zuen, Ertzaintzak erasotzailea atxilotzea lortu zuen bitartean. Gertatutakoa gaitzesteko udalak eraso matxista salatzeko kontzentrazioa deitu zuen martxoaren 6ko arratsaldeko 19:30etan San Juan plazan.

Azken hamarkadetan gizartean emakumeen alde lortutako lorpen garrantzitsuak horrelako gertakarien ondorioz ezerezean gelditzen direla iruditu arren, oraindik gizarteko ohiturak eraldatzen jarraitzeko lan asko egiteko dagoela agerian gelditzen da. Era honetan, etorkizunean berdintasunean oinarritutako gizarte seguru eta justuago bat eraikitzea posible izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude