Iritizia. Xabier Kerexeta. Gure beste erdara

mantusa 2color

Ez, ez naiz ingelesaz ari. Egia esan, horrela jarraituz gero laster antonomasiazko erdara ingelesa izango dugu, duela mende bat espainola edo fran-tsesa ziren bezala. Diferentzia, orduan euskaldun hutsak bazirela, eta hemendik ehun urtera, elebakarrik izatera, espainol edo frantses hutsak izango dela, eta kontent, auskalozenbateledun euskaldunik ere geratzen bada.
Orain gure hizkuntza baino are okerrago dagoen bat dut hizpide. Izan ere, auzo hizkuntza ez ezik, gure erdara ere izan da, Iparraldean oraintsu arte. Euskarari buruz denetarik esan da, eta gutxitan onik, idealizazio sarritan kaltegarriez gain. Baina gauza bat ezin ukatu: mugak muga, euskalkien arteko aldeak hanpatuagatik ere, gurea euskara dela. Beharrik! Aragoin eta Valentzian katalan hitza bekatu larria denean, Asturias eta Leon mendebaldekoa galiziera dela ezin esan denean, hispanofonoek berek gaztelaniaz ala espainolez ari ote diren ez dakitenean, gurea beti izan da euskara hizkuntza.
Ezin gure beste erdara horretaz gauza bera esan: lengua d’oc ez baina lenguas d’oc esan behar omen da, eta okzitaniera hitza, hizkuntza multzoa ez baina bakarra dela iradokitzen duen heinean, laidogarri omen zaie askori… gehienetan frantsesez. Ederki dakigu hemen latinez ere: divide et impera. Horregatik, sarritan aurkitzen dugu auzo-hizkuntza gaixoa, nahiz eta fran-tsesez eskualde bati izena eman, Languedoc, izen bakarraz ez baina eskualde-dialektotan aditzera emana: proventzera, limosinera, auvernhera, lenguadociera bera, eta gurean arruntago, bistan da zergatik, gaskoiera, xuxenek ezagutzen ez duen hitza, bide batez esanda.
Eta zergatik da gure erdara? Gurea, irundarrona esan nahi dut. Beste batean kontatu beharko. Baina jakizue urtea berri pozgarri batekin amaitu dela Biarritzetik Bordele aldeko Blaia herriraino (ezaguna, toponimoa?), Italiako Alpeetatik Monakoraino heda-tzen den lurralde zabaleko hiztun kopuru gero eta urriagoan: Interneten baino ez, egunean lau ordu soilik, baina sortu eta abian da ok hizkuntz(eta)n egiten duen lehen telebista. Adishatz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude