Iritzia: Yurre Ugarte. Pierre Lhande graffiti artean

sliderbmapirria copyBadago Pierre Lhande izeneko kale bat Irunen, baita Hondarribian ere. Zortea izan du Pierre Lhandek, Irunen behintzat, ze kale izendegian egokitu zaion zatitxoa ibilbidea da, eta ez gizaki arruntok bizi ditugun etxe arrunten arteko nolanahiko kale bat, ez. Pierre Lhande deritzon ibilbideak, Santiago kaletik hasita, Bidasoa ibaiari jarraitzen dio eskubi aldetik, hau da, Behobiranzko norabidea hartzea besterik ez dago Pierre Lhande-n barna joateko, bidegorria deitzen diogun horretan. Irungo lekurik ederrenetakoa da, Bidasoa ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten dutenekoa, padura eta uharte zaharren erresuma. Behin Behobiranzko norabidea hartuta, ibilbidea atzean utzirik jada, Lapurdin sartu eta Pierre Lhande zenaren arrastoen bila abia gintezke. Baionan jaio baitzen Pierre Lhande bezala ezaguna zen Pierre Bassagaitz Hegi (1877-1957) jesuita, poeta, euskaltzain, irakasle, eleberrigile, predikari eta hiztegigilea. Besteak beste, 1926. urtean Dictionnaire basque-français deiturikoa plazaratu zuen Parisen, lapurtera, behenafarrera eta zubereran oinarritua zegoen hiztegia. Baionatik Zuberoara egin zuen Lhandek, Zalgizera hain justu, non amaren familiaren etxean bizi izan baitzen gaztarora arte. 1908an argitaratu zuen liburua, Euskal sutondoa: kontakizun eta gogoetak (En torno al hogar vasco, Auñamendi), XX. mende hasierako Zuberoako familia-ereduaren ikerketa soziologiko sakon eta ederra da, Lhandek Zuberoaz zuen ezagutzaren isla, baita ere hark bizitzaz zuen ikuspegi sutsuaren isla. 1910ko L´emigration basque (La emigración vasca, Auñamendi) liburuan, euskal emigrazioaz ari zelarik, azaleratu zuen euskal senari buruzko ikuspegia, aski poetikoa. Gaur egun, Lhande ezezagun honen kalearen izena graffiti artean dago, garaiak eskatzen duen moduan. Carlos Blanco Aguinaga ere ezezaguna da irundar gehienentzat, eta oraingoz kalerik ez duen arren, liburutegi berriak bere izena eramango du. Hirurogei mila biztanleen hirian, liburutegi berriaren izena jada iragarri ostean, ez legoke gaizki garrantzia emango baliote, behingoagatik, liburutegiari, hirurogei mila biztanleko hiriak merezi eta behar duen liburutegiari. Besteak beste, Carlos Blanco Aguinagaren eta Pierre Lhande beraren lanak eskainiko dituen liburutegiari. Izenak izen eta graffitiak graffiti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude