IRITZIA. Xabier Kerexeta. Alias Olandrea

 

XABIERMaiz historia zeinen injustua izaten den entzun edo irakurri ohi dugu. Gizon handien egitandiak aintzat hartu eta gainerakoak ahantzi egiten omen dira; alegia, ditugu. Jakina, hori dioenak ez ditu ahanzten eta bai aldarrikatzen: euskaldunak direla, emakumeak direla, langileak direla, ahotsik gabekoen alde hitz eta idatzi egingo duenik ez da faltako, eta ez da historikoki falta izan. Baina hemen ere, nahi gabe ere, badira mailak. Emakume euskaldunek ez dutela tokirik izan historian? Nork ez du, bada, Zugarramurdiko sorginen berri? Egia da larrutik pagatu zutela historiara pasa-tzea, baina haiek baino euskal emakume ospetsuagorik, nekez. Zerbaitengatik esaten da gure noizbaiteko existentziaren berri inork ere ez duenean hiltzen garela erabat.
Ikaragarria bazen ere, kontua da martirioak abantaila baduela. Ondorengo mendeetan izenak herritarren ahotan eta gogoetan edukitzea zertan den abantaila?. Ez dakit. Zugarramurdiko gizon-emazte errukigarriek ez, baina beste askok propio bilatu eta bilatzen dute. Zer dela eta jakingo genukeen Graziana Barrenetxearen berri, Logroñon Inkisizioaren eskutik pasa eta hil eta erre ez balute? Inesa de Gaxen hurbilago dugu, Hondarribian, haren patua hainen latza izan gabe ere bere burua salatzeari uko egin ziolako erresistentzia zibil avant la lettre moduko baten ikur bihurtuta.
Nork gogoratzen du, ordea, Etxalarko Maria de Endara, alias Olandrea? Alias? Delinkuente bat al zen? Susmagarri bai behinik behin, eta giltzapean eduki zuten, imajinatzerik ez dugun egoera penagarrian, sorgina zelakoan. Bada, ez, ez omen zen sorgina, eta azkenean askatu egin zuten, eta beraz ez da historiara pasatu. Hain zuzen, martirioaren palmorria bereganatu ez zuelako erabat ezezaguna zaigu. Haren alias kuriosoarengatik ez balitz, nihaurek ere ez nuen gogora ekarriko: Endarako olaren jabea zelako deitzen zuten Olandrea, norbaitek euskaldunen historia erdaraz idazten zuelako “alias” bihurtuta ezaugarri ekonomiko-juridikoa.
Olagizon eta olajaun gutxi salatuko zuten sorgintzat, ordea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude