Iritzia. Xabier Kerexeta. Entzun, mesedez

mantusa 2color

 

Gaurgero baten batek erantzungo dit: idatzi egiten baduk, “irakurri, mesedez” beharko duk, eta ez entzuteko eskatu. Bada, horixe bera etortzen zait neuri burura Irungo tren geltokian mugitzen diren letra gorri argi-tsuz osaturiko kartela ikusten dudan aldiro. Erdarazko atención señores-en euskal bertsioa da. Hortik aurrera badu euskaraz akatsik; baina tira, larriegirik ez, euskaldunok zeinen gaizki ohitu garen kontuan harturik. Egia esan, okerrago ere izan zitekeen. Batetik, mezua ahoz ematekoa balitz (seguruenik hartara prestatu zen, eta gero idatzira zuzenean pasa) ez legoke batere gaizki, alderantziz: baten batek euskaraz esateko pentsatu du mezua, itzulpen hutsa egin gabe!; bestetik, señores hori jaun-andreak ez baina jaunak itzultzea ere bazuten, eta zuzenean kendu egin dute.
Beharrik!
Ez zatekeen lehen aldia izango erdaraz gaur egun zaharkiturik -besterik ez esatearren- dauden esamoldeak euskaraz are larriago geratzea. Gogoan dut duela ez hain aspaldi Txingudi Ikastolan zabaldutako hiruhileko bazkarien programan (eta catering enpresa Arrasatekoa denez, ziur aski Euskadiko hainbat eta hainbat tokitan) erdarazko “los hijos” euskaraz “semeak” itzuli zutela. Euskaldunon artean beti kexatu behar duenik falta izaten ez denez, norbait kexatu omen zen, zeren eta hurrengo ikasturtean erdaraz “los hijos e hijas” jarri baitzuten. Imajinatzen dut eszena: euskarazko gutun bat iritsiko zen bulego batera; batek ireki, euskaraz zegoela ikusi eta beste bati, beharbada kanpoko itzultzaile bati, erdaratzeko eskatu. Erdaraz irakurri eta, nola ez, genero kontuetan Euskal Herriko erdaldunak oso sentiberak direnez gero, zuzentzeko agindua eman.
Hori bai, euskaraz “semeak” jarraitu zuen. Izan ere, nori pasako zitzaion burutik gaiak euskararekin inolako zerikusia izan zezakeenik? Nori pasako burutik euskara ez dela erdararen kalko hutsa, bere ezaugarriak dituela? Oraindik ere, eskerrak eman beharko, hasierako bertsio hartan “los padres” “aitak” ez baina “gurasoak” itzuli zutelako!
Hamaika entzuteko jaioak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude