Zuek nola idatziko zenukete: Udaletxearen Udaltzaingoko ordezkaria, Udaletxeko Udaltzaingoko ordezkaria, Udaletxearen Udaltzaingoaren ordezkaria, Udaletxeko Udaltzaingoaren ordezkaria? Argudia zenezakete, bai, Udaletxea berez udalaren (udaleko?) etxea, egoitza dela, ez erakundea bera, eta Udal Udal-tzaingo esapidea errepikakor samarra denez, zuzenean Udaltzaingo hitza aski genukeela, eta orduan gaitz erdi, literalki gaitz erdi. Hau guztia gertatzen da norbaitek lehenago erdaraz policía local del ayuntamiento idatzi duelako, eta euskaldunok hitzez hitz itzuli behar, omen. Eta nola gure erdaran casa consistorial ez den esaten, erdarazko ayuntamiento hitzaren zentzu biak nahasi eta euskaraz udaletxea jarri, udal behar den tokian. Erdaraz, berriz, ez dugu idazten policía municipal del municipio, policía local de la localidad edo policía local de la casa consistorial, non eta, azken kasu honetan behinik behin, ez baldin badigu gainez egiten bertsolari senak erdaraz ere.
Ez dezagun esajeratu: euskara ez dugu oso txukuna, baina gehienetan erdaraz ere ez dugu claro, concreto y conciso egiten. Correcto izatearekin aski dugu. Baina euskaraz hori ere ez dugu lortzen. Eta ez naiz -(e)ko ala -(a)ren atzizkiak erabiltzean sortu ohi zaizkigun zalantzez ari; areago, horiek hizkuntza bizia dugun seinaletzat har genitzake. Hori bai, Denadelako Denadelakoaren ordezkariaK jarriko genuke hau irakurtzen ari garen guztiok, ondorengo aditza “adierazten du” balitz. Bai ote? San Juan Harria inguruko tabernetan dagoen testuan (lehenago erdaraz, jakina, Irún eta guzti) ergatiborik gabe agertzen da. Taberna batean norbaitek boligrafoz K jarri badu ere, hilabeteak dira hortxe segitzen dutela kartelek lehengo lepotik burua.
Zorionez ordutegien polemika konpontzeko bidean dago. Zorionez, batetik, adostasunetara iristea ona izaten delako, eta bestetik, zorte pixka batekin kartelak noizbait kenduko dituztelako. Nekez, ordea, erdaraz inoiz ametituko ez genukeen akatsa zuzentzeko.
Gauza hauek uzten naute Urdanibia plazako obrengatik Santa Elena kalea bezala: MUZTUTA.