IRITZIA. Xabier Kerexeta. Lehenak aldarrikatzen, azkenak erdiesten

mantusa 2color2015, aurten laurehun urte dira 1615 izan zela. Pernandok berak baietsiko lukeen egia nabari honek azalpena behar du: mendeurrenak ospatzea (edo deitoratzea edo besterik gabe gogoratzea, baina betiere zenbaki biribilen magiaz sorgindurik) maite duen gure gizarte honek badu Gipuzkoan aurten zeregin franko. Izan ere, duela lau mende ordura arte hiribildu nagusi zenbaiten menean zeuden herri (hots, parrokia baten inguruko kontzeju) askok lortu zuten askatzea eta hiri (alegia, udal) bilakatzea. Bandoen arteko gerren eta beraz jaun-txokerien garaia aspaldi handian bukatuta, hiribilduek babesa ez baina zama eskaintzen zieten. Huraxe izan zen askapena galdetzeko zioa; baina lortzearena besterik zen, eta lortu zuten, bai, orduko maiestateari ontza urre ugari ordaindu zizkiotelako askatasunaren truk.
Duela mende laurdena, orain oso urruti dirudien 1991n, Andoainek ospatu zuen askapenaren 375. urteurrena. Eta orduan txantxetan esaten genion elkarri -proiektu eder polit askotariko batean parte hartu bainuen- ospakizunak burutzeko ekitaldian: beno, 476.ean elkar ikusi arte! Tira, baten batek esan zuen orduan: ni 400.ean hemen egotearekin, konforme. Hortaz, Andoainera joan beharko, ospatzera.
Irunen ez dugulako zer ospatu: askapen mugimendu hartan aitzindari izandakoak, herri judua agindutako lurralderaino eramandako Moises batek nola, orduko hartan ere ez baitzuen Irunek erdietsi Hondarribiarengandik askatzea, hiribildua bezain handia ez bazen, berdintsu zen arren; edo agian horrexegatik. Gure arbasoak, besteak bezala, ordaintzeko prest zeuden, baina gure bizilagunenak askoz ere prestago.
Eta holaxe bizi gara Irunen, beti lehenak aldarrikatzen eta beti azkenak erdiesten. Edo hala dirudi behinik behin. Esaterako: Gipuzkoan egindako lehen “Euskal Lore Jokoak” Irunen egin ziren. Nork esango! Orain, Irun VIVO dagoela jakin dugu, bihotza eta guzti, “bizia” berriz, oso bista onekoendako baino ez omen dago, txiki-txiki eginda.
Aurten herri askok ospakizunak antola-tzen dituzten bitartean, guk aldarrikapena ospatu beharko. Inportanteena bidea omen da eta…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude