Iritzia. Yurre Ugarte. Kontrako norabidean

Trenera igo dira; gizon itsua bi emakumek lagunduta, eskuineko besotik heltzen diona bata, ezkerrekotik bestea. Itsua altua denez, daraman (mendiko) makila-makulua ere luzea da, eta bizarra fin eta luzaxkarekin batera, Jesukristo mendira igo zeneko nolabaiteko itxura ematen dio. Noizbait urdin-urdinak izango ziren itsuaren begiak, orban beltz hedakor batek ia desagertarazi ditu, haien gainean norbaitek rotring trakets batez markatu izan balu bezala. Bibliaren jatorrizko pertsonaiak dirudite. Edo, zehazkiago esateko, Koran beretik irten direla esan beharko, zeren bi emakumeek hiyab eta al-amira motako beloak daramatzate, eta larruazalagatik ere hirurek hemen eta egun “musulman” itxuraz ezagutzen duguna haragiztatzen dute. Tren garaikidera antzinako Palestinako lehen biztanleak sartu bailiran. Gu geu sermoia irakurtzen ari gara egungo gure biblian: egunkaria. Bertan, Parisen burutu den manifestazio erraldoiaren harira ateratako foto batean, ageri dira mendebaldeko eta ekialdeko agintari-presidente ahalguztidunak besotik elkarlotuta. Airetik ateratakoa denez, argazkiak nabarmentzen du agintari eta bizkartzainen atzean ez dagoela inor, ez jendetzarik, ez herritarrik, ez manifestaziorik; hutsune bat besterik ez, distantzia izugarri handia, haiek beharrezko duten babeslekua. Argazkia ez da portada izan inongo egunkaritan.

yurreLiburua
Guk sermoiak irensten jarraituko dugu, ohartu gabe elkarlotutako agintari-presidenteen eta trenean goazenen arteko distantzia gero eta handiagoa dela, kontrako norabideetan goazela ez esateagatik. Ikusi nahi ez duen itsua baino
itsuagorik ez dago, esan ohi da. Ordea, trenera igo den bezalako pertsonari deitzen diogu “benetako itsu”, lasai asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude