Gizon beltz-beltz bat. Mendebaldeko gizaki zurion ikuspuntu topiko arinak esango luke “masai” tankerakoa. Bi metroko garaierari eusten diote mokasin motako zapata zuri-zuriek; soin sendo eta gihartsua praka bakeroek eta elastiko argi batek ahal moduan estaltzen dute. Urre koloreko ordulari distiratsua urrea (gutxienez) merezi duen eskuan. Irribarre beteko ahoan, hortzak zapatak baino zuriagoak. Gizonaren ondoan emakume zahar bat, larruazala oliba marroien kolorekoa daukana; ilea, eskasa eta luzea, motots batean jasota. Familiako beste bi kide zaharrez inguratuta dago; ohiko ikuspuntu arinari jarraiki hiruei “ijitoa” esaten diegu. Alboan, eskubitara, badago emakume gaztea, burua zapi beltzaz estalia duena, soina ere zapi zabal eta handi bat dirudien soinekoaren baitan gordea; kotxetxoan daraman haur jaioberriari baizik ez dio begiratzen. Hurrengoa, berrogeita piko urteko “gizona” da. Esan nahi baita, mendebaldeko gizon zuria, kalean zoazela atentzioa emango ez dizun horietakoa. Horrelako beste hiru gizaki sartu dira bat-batean, bakoitza bere kabuz. Bat “Diariovasco” irakur-tzen. Bestea “Gara” irakurtzen. Ez daukate non eseri, ez baitago eserleku librerik. Kanpoan, badaude jada lauzpabost emakume, guztiak arraza zurikoak eta “normal” tipologiakoak, hauek ere zain. A, eta badago, baita, hego hemisferioko indigena tankerako emakume bat. Non gaude? Londreseko metroan? Madrileko Gran Viako bar batean?… Jada hirurogei mila biztanle dituen Irunek duen Lanbideko bulego bakarrean, alegia, laguntza sozialak bideratzen dituen bulego bakarrean. Jakin nahiko nuke eserlekurik ere ez dutenen artean zenbatek eman dieten botoa gure gaurko agintariei; zenbatek eskumen borroketan murgildurik, hurrengo hilabeteetarako falta diren larrialdi sozialen laguntzetarako dirua ez jartzea erabaki duten horiei. Politikarientzat, horrelako bulegoetara astero-astero bisita bat egiteak gomendagarria ez ezik derrigorrezkoa behar luke. Agian utziko liokete dirua itxurakerietan xahutzeari eta hasiko lirateke behar den tokietan eta behar dutenentzat ipintzen. Eta beste edonorentzat, halabeharrez egin behar ez duten horientzat (zorionekoak) ere bisita gomendagarria da. Mendebaldeko gizaki orain arte fortunatu zurion ikuspuntu topikoa gaindi-tzeko sikiera.