IRITZIA. Yurre Ugarte. Mingarri

Lasa-y-Zabala

Haize-hegoa bezain saihetsezin iritsi da “Lasa eta Zabala” pantaila handira, Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean. Filmaren kartelak Saul Bass diseinatzaile grafikoak film ezagun ani
tzetarako (Vertigo, Psicosis, West side story eta abar luzea) egindako kartelen eragin zuzena dauka. Hain zuzen, “Lasa eta Zabala”ren kartela lehendabizikoz ikusi nuenean, “Erailketa baten anatomia“ (Anatomy of a murder, Otto Preminger 1959) deritzon filmarena ekarri zidan gogora. Edo agian, automatikoki lotu nuen hemengo filma aipatutako filmaren izenburuarekin.
Elkarren artean zerikusirik ez daukaten bi film dira, baiki; hala ere, Erailketa batzuen anatomia izan liteke “Lasa eta Zabala” filmaren azpititulua: haserako kredituetako tituluetatik bete-betean kolpatzen baikaitu iraganean gertatu ziren bai hilketen bai epaiketaren berreraikuntzak. Filmaren zuzendariak berak, Pablo Malok, esan, esan du zinemaz aritzeko irrikan dagoela, politikaz hitz egiten aritu beharrean. Baina filmaren edukiak gainezka egiten digu/dio, eta, hemen inguruotan behintzat, zaila suertatzen da filmaren azterketa soilik zinematografikoa. Iraganeko gertakizun saihestezinen kontakizuna baita, azkenean pantaila handian dagoena. (Kasik) fikzio izpirik ez duen dokumentuaren garrantzia dauka. Ez gehiago, ez gutxiago. Horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen balioko duen galdegin genezake inozoki… Hain muturreko kasuak, agian, nekez errepika daitezke. Ordea, torturaren aurkako salaketek ez dute etenik, ez eta filma zinemaldian ematen ari ziren unean ere… Hau da, torturatzaileen inpunitateak bere horretan darrai gaur egun. Beraz, baiki, segitu beharko da kontatzen iraganeko zein egungo gertakari oro, mingarriak eta garratzak izan arren; preseski mingarri eta garratz direlako behar ditugu kanporatu eta partekatu. Inspirazio iturri izan daitezkeen makina bat pasarte, istorio eta gertakizun bizi izan dituzte, bai alde batean zeudenek, bai beste aldean zeudenek eta bai erdi-erdian zeudenek ere, guztiak historiari ikuspuntu ezberdin edo argigarri bat gehituko dion kontakizunaren zain.
“Lasa eta Zabala” ikusi eta izozki aringarri bat irentsi ondoren, haize-hegoak ekarri digun film-filma daukagu hostoen artean: “Loreak”, hauek ere ezinbestekoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude