Iritzia. Yurre Ugarte. Saltzen, saltzen

 

shoppingob_wikiSaltoki-gune bateko “kalea”: ehunka orga erosketez gainezka, aire desgirotua, soinu banda axolagabea fondoan (edo kontrara, zure buruaren erdigunean iltzatua), superproduktuen balizko eskaintzak, ugaritasunaren paroxismoa apalategietan, hodi fluoreszenteen argitan erosleon arimak ihes egin digularik ziztuan; eroso erosi dugun gorputza gara besterik gabe, salduta gaude jada (sartu orduko salduta ginen agian). Jakin ere ez dakit zehazki nongo merkataritza-gunean nagoen, gehienak an-tzekoak baitira, “marka” ezberdinak gora behera. Baiki, horietako saltoki-gune batean bainago, eta zin dagit: azkeneko aldiz nator saleroslandia hauetako batera, ez naiz itzuliko. “Zin dagit” esan dudan aurreneko aldia ez da, ordea… Tira, bada, Irun inguruan eraiki eta ireki behar omen dute horrelako beste purgatorio bat, beste dendatzar “inportante” bat. Lehendik badago saltoki-gune bat hiri inguruan, ez dakit konturatuko ziren baimena eman dutenek. Duela hamabost urte ireki zen saltoki-gune horrek, ez dakit konturatuko ziren, hutsik dauzka, alokairuan edo salgai, gune barneko hainbat etxabe. Hogei kilometro harago, bai iparraldera, bai hegoaldera, saltoki-gune handiak egon badaude, ez dakit konturatuko ziren. 2014. urtean, saltoki-guneen aurkako mugimendua sortuta dago jada, non eta haien sorterrian bertan, hau da, Amerikako Estatu Batuetan, guneen antzutasunaz ohartuta azkenean; anti-mall movement deritzo. Halaber, ez dakit konturatuko ziren, hiriaren erdigunea, etxabeen errenta garestiak direla eta, komer-tzialki hilik da; etxabe asko eta asko soilik aberastu nahi duten enpresa erraldoietako dendek okupatuta, edo etekinak kanpora bidaltzen dituztenen eskuetan, edota beren aberastasun materiala infinitoraino gehitu nahi dutenen menpe; bertako asko soldata merkedun saltzaile bihurtuta. Antza, Eusko Jaurlaritzan ere konturatu dira saltoki-guneek herrietako bizitzan duten eraginaz, eta igorri dute komunikabideetara iragarki bat non grafikoki adierazten den “komertzial-gunea = 0 bizitza kalean”. Martxa honetan, hamabost urte barru, ezpada lehenago, Jaurlaritzak hiri eta herrietako kale hilen eskelak ipini beharko ditu komunikabideetan, saltoki-guneen jabeek ordainduta, noski.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude