2022an 500 urte beteko dira 1522an San Martzialeko gudua gertatu zenetik. Efemeride horren kontura, Irungo Udalak, aurretik beste gertakari historiko batzuen harira egin izan duen moduan, data hori irundarren artean ezagutarazteko ekintza eta jardueren programa bat prestatu nahi duela iragarri du. Gainera, Udalak irudi bat prestatu du efemeridearen ospakizunaren esparruan egiten diren ekitaldi guztietan erabiliko dena.
José Antonio Santano alkateak adierazi duenez, “trena hirira iritsi izanaren 150 urteak eta Luis Marianoren jaiotzaren urteurrena baliatuz, gure historiaz hitz egin genuen, eta oraingoan ere aukera aprobetxatu nahi dugu”. Horretarako, jarduera historikoak, herrikoiak eta ondarea lehengoratzeko jarduerak antolatzeko asmoa iragarri du Santanok, Gazteluzar gazteluko lanez gain.
Horretarako guztirako, udala ekitaldi programa bat lantzen hasi da. Antolatutako ekintzen barnean jarduera instituzionalak, ondarearen balioa nabarmentzeko lanak eta jarduera ludiko eta kulturalak biltzen dira. José Antonio Santanok azpimarratu duenez, ospakizun horiek guztiak Irungo historian oso garrantzitsua izan zen gertaera historiko bat errepasatzeko aitzakia izan nahi dute.
Bestetik, V. mendeurrena Gazteluzar gazteluaren hondarren balioa azpimarratzeko erabili nahi da. Izan ere, Ama Xantalen ermitarekin, Arbelaitz jauregiarekin, udaletxearekin eta Junkal elizarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Donejakue bidearen barruan monumentu multzo gisa kalifikatu dituen hiriko bost guneetako bat da. Beraz, Gipuzkoako kultur ondarearen funtsezko pieza bat da.
Horrela, gudu historiko hori gogoan betiere, egungo bakearen eta auzotasun onaren balioa nabarmenduko dira. Urteurrena aprobetxatuz, Bidasoko nazioarteko uren inguruan elkarren ondoan bizi diren udalerriek (Irunek, Hondarribiak, Hendaiak, Urruñak, Biriatuk, Berak eta Lesakak) topaketa bat egiteko asmoa dago. Topaketaren helburua izango da guduaren oroitzapenaren bitartez egungo auzotasun onaren, bakearen eta lankidetzaren balioen garrantzia nabarmentzea.
Ekitaldi kultural eta herrikoiak
Ekitaldi kulturalen eta herrikoien helburua hiria guduaren garaian bezala girotzea izango da. 2022an musika ziklo baten antolaketa prestatzen ari dira, hainbat data, agertoki eta formatu izango dituena. Horrela, 1522ko gertakariekin nolabaiteko lotura duten hiriko agertoki enblematikoetan emanaldiak antolatzeko lan egiten ari da.
Gainera, hiriko historiarekin eta pertsona ospetsuekin erlazionatutako beste efemeride batzuk ospatzeko egin izan den bezala, hiriko merkataritza eta ostalaritza elkarteekin elkarlanean arituko da udala 1522ko gertakariekin lotutako egitarau bat prestatzeko. Asmoa lehen ere arrakasta izan duten ekintzak errepikatzea da, hala nola, hiriko erakustokiak berariaz “janztea”, gaiarekin lotutako antzezpenak egitea eta jarduera gastronomikoak (menuak, pintxoaren bidea, etab.) antolatzea.
Parte hartzea sustatu nahian, udal egitarauak hiriko elkarte eta entitateek 1522ko gertakariekin lotuta aurkezten dituzten ekintza eta proposamenak gauzatzeko eta haiek diruz laguntzeko deialdi bat prestatzen ari da. Dagoeneko proposamen deialdi horren oinarriak lantzen ari dira.
Urteurren historiko honen esparruan, EXFILNA Espainiako Erakusketa Filatelikoa 2022an Irunen egiteko eskatu zuen Irunek. Bigarren aldia izango da erakusketa hori Irunen egiten dena, 2009an ere egin baitzen.
1522 Fundazioaren lana
Irungo Udalak San Martzialgo Guduaren V. mendeurrena ospatzeko prestatutako ekitaldiak iragarri ostean, Irun 1522 Fundazioak harriduraz hartu ditu udalaren asmoak. Izan ere, fundazioko kideak behin baino gehiagotan bildu dira udal-talde guztiekin 2022rako proiektuak aurkezteko, baina adostasun politikorik aurkitu ezinik, Irun 1522 Fundazioak eskainitako proiektu gehienak gobernu-taldeak bere izen propioan aurrera eramatea erabaki du. Irungo Udalak, guztira, bost ekitaldi iragarri ditu. eta Iñaki Arruabarrena Irun 1522 Fundazioko presidenteak adierazi duenez, “harrigarria da Irungo Udalak aipamen txiki bat bera ere egin izana fundazioari, aurkeztutako bost ekimenetatik fundazioak hiru prestatu ostean”.
Egitasmo horietako asko Irun 1522 Fundazioak aurkeztu zituen 2020ko otsailean Amaia Kultur Zentroan egindako bileretan. “Adostasun politikorik ezak eragin du Fundazioak ezin kudeatu izatea zuzenean proiektu horiek”, adierazi du fundazioko presidenteak, hilabete luzeetan egindako lanarengatik Irun 1522 Fundazioak aitorpenik jaso ez ostean. Dena den, erakundeak bere burua zoriondu du bere proiektuak Irungo Udalaren programa batean islatu direlako eta iragarri du 500. urteurrena ospatzeko Fundazioak Irungo Udalari proiektuak aurkezten jarraituko duela.
Dokumentalaren filmaketa
Mario Simancas Ipso Facto Ekoizpen Artistiko irundarreko zuzendariak “Irun 1522: gudu bat baino gehiago” dokumentalaren filmaketa azaroko aurreko bigarren asteburuan hasi zela jakinarazi du. Grabazioa Gipuzkoakoako Foru Aldundiaren, enpresen eta partikularren ekarpenei esker gauzatu ahal izan da. “Dokumental honen helburua da 1522ko batailaren inguruan gertatutakoa azaltzea”, gogoratu du Iñaki Arruabarrenak.
Dokumentalean eskualdeko zenbait aktorek hartuko dute partea, besteak beste, Javier Tolosa eta Patxi Perez. Grabazioak Irungo Gazteluzar gazteluan, Aldabe Mendian, Hondarribiko Karlos V.a paradorean, Jaizubiako paduretan eta Jasokundeko, Sagarrondoko Andre Mariaren Parrokian eta Bidasoa eskualdeko zenbait kaleetan egingo dira. Aire zabaleko grabazioak egiteko, aldiz, udaberrira arte itxaron beharko da, birsortu nahi diren gertaerak ekainean gertatu baitziren. Gainera, erakundeak pandemia dela-eta bertan behera gelditu ziren ekintzak berreskuratzeko asmoa iragarri du, hala nola, hitzaldi-zikloa, ekitaldi gastronomikoak eta Basque Culinary Center-ekiko lankidetza. Ekimen guzti horiek gauzatu ahal izateko hiriko elkarteak, enpresak eta partikularrak proiektura atxikitzea ezinbestekoa dela gogoratu dute fundazioko kideek.