2008an sortu zen emakumezkoen futbola sustatzen duen talde apal hau. Harrez geroztik, Bidasoa eskualdeko futbolaren panoraman leku bat egiten saiatu dira klubeko partaideak. Euren helburu nagusia da 12-14 urte bitarteko neska gazte hauek jokalari eta pertsona bezala heztea, hainbat balio
helaraziz.
Arratsaldeko zazpiak dira eta Artiako futbol zelaia futbolari gaztez beterik dago. Gehienak mutilak dira, baina bertan badago 13 neskaz osaturiko Futbol-8ko talde apal bat. Astearte eta ostegunetan ordu eta erdi entrenatzen duten Irun Artia Kirol Elkarteko jokalari gazteak dira. Batzuk futbolean lehendik aritutakoak dira; besteak, ordea, hasiberriak. Ilusioa eta ikasteko gogoa dira guztiek komunean duten ezaugarria.
Ondo pasatzea helburu
Gaur egun kirolean nagusi den lehiakortasunaren aurrean, Irun Artia Kirol Elkarteak balioetan oinarritutako futbola eskaintzen du. “Guretzat garrantzitsuena neska gazte hauek pertsona bezala heztea da. Lehiakorra izatea eta partiduak irabaztea garrantzitsua da, baina ez da lehentasun bat gure klubarentzat”, dio baikorki Santi Arraras Irun Artia Kirol Elkarteko presidenteak. Neskei diziplinatuak, arduratsuak eta taldekideekiko solidarioak izaten irakasten saiatzen dira Gorka Maillo eta Sonia Garcia Maillo entrenatzaileak. Azken honen hitzetan, “edozein kirolarirentzat emaitzak inportanteak dira, baina, nire ustez, futbolean jokatzen disfrutatzea da benetan garrantzitsuena”. Soniak oso ondo ezagutzen du emakumezkoen futbola, entrenatzailea baino lehen jokalari izandakoa da eta. “Urte askotan ari izan naiz futbolean jokatzen; hori dela eta, berebizikoa iruditzen zait neskak motibatzea eta behar duten edozertan laguntzea” dio zuhurki entrenatzaileak. Hala ere, diziplina ez da ahaztu behar. Irun Artia Kirol Elkarteko presidenteak eta entrenatzaileek bat egiten dute diziplinak kirol honetan duen garrantziaz hitz egitean. “Nahiko zorrotzak gara neskekin, horrela entrenatzailea, taldekideak eta aurkariak errespetatzen ikasten dutelako”.
Emakumezkoen futbola: lehena eta oraina
Sonia Garcia entrenatzailea jokalari zenetik, gauzak asko eta onerako aldatu dira. “Nire garaian kategoria bakarra zegoen. Bertan, 14 urteko neska batek 30 urteko beste batekin jokatzen zuen. Imajina dezakezunez, desoreka nagusi zen garai haietan. Gaur egun, ordea, laguntza eta babes gehiago du emakumezkoen futbolak eta hori oso pozgarria da; hala ere, aurrera egiten jarraitu behar dugu”.
Bestalde, 12 eta 14 urte bitarteko neska talde hau erabat motibatuta dago denboraldi berri honi aurre egiteko. Izan ere, elkartasuna nagusi da haien artean. “Oso talde jatorra da eta denek elkarri etengabe laguntzen diote. Batek jokaldi batean akatsen bat egiten duenean gainontzeko taldekideek animoak ematen dizkiote, eta hori garrantzitsua da gaizki egin duenarentzat, taldekideen babesak hobeto sentiarazten duelako” diote entrenatzaileak eta presidenteak, hunkiturik.
Futbol-8ko talde gazte hau eredu bat da gainerako taldeentzat, lehiakortasunaz eta garaipenez harago bizitza egon dagoen erakusgarri baitira.