Irun Aurrera bonuen hirugarren edizioa maiatzaren 6an hasi zen. COVID-19ak eragindako krisialdia dela eta, saltoki txikiak laguntzeko xedez abiatutako proiektua da. Irungo Udalak 10 euroko balioa duten 20.000 bonu jarriko ditu zirkulazioan, 206 establezimendu ekimenera batu ostean.
Behin kanpainari atxikitzeko epea itxita, 206 establezimenduk eman dute izena Irun Aurrera bonuen hirugarren edizioan. Hain zuzen ere, Irun Aurrera bonuen hirugarren edizioak 2020ko udaz geroztik antolatutako kanpainen parte-hartzerik handiena izango du, 49 establezimendu berri atxikitu baitira kanpainara. Juncal Eizaguirre Hiri Bultzadako ordezkariak adierazi duenez, programaren hirugarren edizioa indartu egin da, establezimendu gehiagok bonuak eskaintzeko aukera izan dezaten programaren aurrekontua handitu da eta. Zehazki, 74 saltoki eta ostalaritzako 32 establezimendutan erabili ahalko dira udalak erosketa-txartelak. Oraingo honetan, 15.000 bono merkataritzan gastatzeko zuzenduta egongo dira, eta 5.000, berriz, ostalaritzarako.
Kanpainara atxikitutako saltoki eta ostalaritza establezimenduen zerrenda Irun On webgunean kontsulta daiteke. Bonuak trukatzeko prozedura aurreko edizioetako berbera izango da, hau da, kontsumitzaileek erosketa-txartelak erbiltzeko NANaren zenbakia ematea nahikoa izango da. Izan ere, bonuek ez dute inolako euskarri fisikorik eta Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek erabili ahalko dituzte. Konkretuki, irundar bakoitzak guztira 10 bonu erabiltzeko eskubidea izango du, horietako bi gehienez establezimendu berean erabili ahalko dituelarik.
Erabilera baldintzak
Bonuak erabiltzeko saltokietan gutxienez 30 euroko erosketak egin beharko dira. Kasu horretan, bezeroak 20 euro ordainduko lituzke soilik, bonu bakoitzak 10 euroko balioa baitu. Ostalaritzaren kasuan, aldiz, erosketa minimoa 20 eurokoa izan beharko du, horrela, 10 euroko erosketa-txartela erabiliz bezeroak bere poltsikotik bakarrik 10 euro ordainduko lituzke. Guztira, Irun Aurrera bonuen hirugarren kanpainak 200.000 euroko aurrekontua izango du.
“Programaren hirugarren edizioa indartu egin da, establezimendu gehiagok bonuak eskaintzeko aukera izan dezaten”
Juncal Eizaguirre, Hiri Bultzadako ordezkaria
Dena den, bonuak erabiltzeko unean ezingo dira pertsona bat baino gehiagoren bonuak erabili erosketa bakarra ordaintzeko. Alegia, erosketa-txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du. Bestetik, ekimen honetatik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.
Parte-hartze handia
Kanpainara atxikitutako establezimenduek bonuak eskuragarri daudela adierazteko pegatina izango dute lokaleko erakusleihoan edo atean. Establezimendu bakoi- tzak, bere erabiltzaile eta pasahitza izango dute erabiltzeko oso erraza izango den webgune batean sartu ahal izateko. Bertan, bere establezimenduari zenbat bono dagozkion, zenbat gastatu diren momentura arte, baita zenbat geratzen zaizkion ikusteko aukera izango dute ere. Era berean, nortasun agiri baten zenbakia ipintzean, pertsona horrek zenbat bono gastatu dituen ikusi dezakete, baita zenbat geratzen zaizkion ere. Webgune hori, datu baseari lotuta dagoenez, denbora errealean eguneratutako datuak erakusten ditu. Bestalde, bonuak aplikazioaren bitartez kudeatzeak udalak kanpainari atxikitako denda eta establezimenduei askoz arinago ordaintzea ahalbidetzen duela azaldu du Juncal Eizaguirrek.
Bonuen aurreko edizioetan parte hartu duen saltokietako bat Beraketa karrikan dagoen Bioteka denda da. Dendaren izenean Óscar Echevestek adierazi duenez, “bonuek asko lagundu diete saltoki txikiei, eta hirugarren edizioa askoz hobeto etorriko da”. Biotetako dendariak azaldu duenez, orain arte indarrean egon diren murriztapen neurrien ondorioz, Irungo merkataritzak eta ostalaritzak Nafarroa, Iparralde edo Hondarribiko bezeroen falta asko nabaritu dute. “Bonuak irundarrek Irunen kontsumitzea bultzatzeko oso lagungarriak izan daitezkeela uste dut”.
Luis Camarero Jeca eta Bost arropa dendetako arduradunak azaldu duenez, bonuen kanpaina berria hasi aurretik, bezeroak jada erosketa-txartelak noiz aterako ziren galdetzen hasiak ziren. Gainera, Luis Camarerok gogoratu duenez, bonuen hirugarren edizioak Jaunartze garaiarekin bat egingo du, beraz, “bonuak jaunartzeek eragindako gastuak arintzen laguntzeko baliagarriak izango dira”.
Txaro Arribas Mercairuneko presidenteak nabarmendu duenez, berriz, “honelako ekimenak interesgarriak dira, abantailak ematen dizkietelako kontsumitzaileei. Merkatuan oso begi onez ikusi dugu, eta postu askok eman dute izena”. Biotetako dendariak esandakoarekin bat eginez, itxiera perimetralek hiriko merkataritzan duten eragina azpimarratu du eta erosketa-txartelek hiriko saltokiei lan egiten jarraitzeko aukera emango diela uste du.
“Bonuek asko lagundu diete saltoki txikiei, eta hirugarren edizioa askoz hobeto etorriko da”
Óscar Echeveste, Biotekako dendaria
Azkenik, Denok Bat ostalari elkarte sortu berriaren izenean, Don Jabugoko Eneko Mitxelenak espero du Irungo Udalak bonuen ekimen gehiago antolatzea, bertako ekonomia laguntzen jarraitzeko. Era berean, bertako merkataritza eta ostalaritzan kontsumitzea segurua dela gogoratu du Don Jabugoko jabeak. Eneko Mitxelenak “jende guztia parte hartzera” animatu du, bonu guztiak agortuko diren esperantzarekin.
Elkarteen bultzada
Juncal Eizaguirrek Bidashop merkatarien elkarte edo Danok Bat ostalaritza elkarteetako kide diren establezimenduen parte hartzea eskertu du, elkarte horiek egitasmoa hiriko saltoki eta ostalaritza establezimenduen artean zabaltzeko egiten duten ekarpen garrantzitsuaz gogoratzeaz gainera. Ildo beretik, Hiri Bultzada arloko ordezkariak ekimenak orain arte Ostalaritza Mahaian oso harrera ona izan duela azaldu du. Hortaz gain, Irun Aurrera laguntzen inguruan Irungo Udalak egindako inkestak agerian utzi zuenez, pandemiaren ostean hartutako neurrien artean bonuen kanpaina hiritarrek hoberen baloratutako ekintzetako bat izan da.