Irungo Udalak ia Irun Aurrera plana aktibatu zuen COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu eta aste gutxira. Hiriko ekonomia eta gizartea suspertzeko planaren barnean, pizgarri ekonomiko eta fiskalak eta prestakuntza eta kontsumoa sustatzeko neurriak hartu ziren enpresa, autonomo eta familiei laguntzeko.
2020an barrena, plana osatzen, zabaltzen eta unean uneko egoerara egokitzen joan zen, eta, orain, pandemiak eragindako egoera luzatzen ari dela ikusita, 2021erako, Irungo Udalak Irun Aurrera planaren bigarren edizioa jarri du martxan, hainbat berrikuntzarekin. Planaren jardueretarako guztizko aurrekontua 4,2 milioi eurotik gorakoa da eta lau bloke nagusiz osatuta dago.
Pizgarri ekonomikoak
Pizgarri ekonomikoen atalaren barnean dago Irun Aurrera planaren 2021eko edizioaren berritasunetako bat: mikrokredituak emango zaizkie autonomo eta mikroenpresei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei. Mikrokreditu horiek 10.000 euro artekoak izan ahalko dira, lau urteko epea izango dute eta Udalak finantzatuko ditu interesak. Gainera, kultura sektoreari lagunduko zaio, Kultura km 0 programaren bigarren edizioa martxan jarrita. Era berean, Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren barruko diru-laguntzak eta irisgarritasuna sustatzeko laguntzak emango dira, familiei laguntzeko eta bertako gremioen jarduna sustatzeko. Azkenik, hornitzaileei azkar eta arin, zazpi egunetan, ordaintzeko konpromisoa mantenduko du Udalak.
Pizgarri fiskalak
Pizgarri fiskalekin loturik dago planaren beste berrikuntzetako bat: hilabete honetan, 2021ean kirol taldeek udal kirol instalazioak erabiltzeko tarifari ia %100eko hobaria aplika dakion onartzea proposatuko zaio Udalbatzari. Bestalde, 2021 osoan, %95ekoa izango da terrazak instalatu edo Urdanibiako azoka txikiko salmenta postuak eta antzekoak jartzeko hobaria.
Azkenik, pandemiaren harira ezarritako aldi baterako itxialdiek kaltetutako jarduera ekonomikoak urez hornitzeko eta berauen zaborra biltzeko tasei % 100eko hobaria aplikatzea aurreikusten da. Beste berritasunetako bat denbora luzez itxita jarraitzen duten jarduerek (txokoek, kultur jardueretarako lokalek, aisialdikoek, gauekoek…) ez dute tasa ordaindu beharko. Era berean, familia zaurgarrientzat ordaindu beharreko tasen % 50eko hobaria mantenduko da.
Pizgarri sozialak
Pertsonentzako laguntza ekonomikoek osatuko dute planaren lerro nagusia. Joan den urteko hazkundea mantenduko da, baita diruz lagundu daitezkeen gastuen inguruko aldaketak ere (maskarak, online eskoletarako ekipamendu informatikoa, etab.). Gainera, 2021eko aurrekontuen barruan, 20.000 euro gehituko zaizkio, COVID-19aren ondorioak arintzen laguntzeko.
Bestalde, Zubia zentroa 24 orduz egongo da zabalik, eta gaueko harrera zerbitzuaren gaitasuna handituko da. Gainera, doluan laguntzeko taldeak eratuko dira, egungo egoeraren edo gaixotasunaren beraren ondorioz kaltetuak izan diren pertsonei laguntza terapeutikoa emateko.
Bertako merkataritza eta kontsumoa
Aste batzuen buruan eta uztailaren bukaerara bitartean, Irungo saltoki eta ostatuetan erosteko eta kontsumitzeko bonuen hirugarren edizioa martxan jarriko da. Era berean, bertako saltokiek online saltzeko plataformaren diseinua eta ezarpena kontratatzeko lanean ari da Udala. Horrekin batera, bertako saltokien digitalizazioaren esparruan, TicketBAI proiektua abian jartzeko laguntza gehiago emateko lerro bat sortuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahitaezko programaren bidez.
Azkenik, Irun Aurrera planaren barruan badira lehendik saltoki berriak irekitzea bultzatzeko arrakasta izan duten jarduerak, hala nola K-Biziak programa, aurten 95.000 euro aurrekontua izango duena. Gainera, Merkataritza Mahaiaren ekimenez bertako saltokiei laguntzeko komunikazio digitaleko kanpaina bat jarriko da martxan.
Prestakuntza sustatzeko pizgarriak
Planak merkataritza eta ostalaritzaren alorreko offline eta online prestakuntzarako hainbat jarduera hartzen ditu barnean, marketin digitalaren eta COVID-19aren osteko erronka berrien gainekoak, baita mendetasun egoeran dauden pertsonentzako arreta soziosanitarioaren profesionalizazioa ziurtatzeko prestakuntza jarduerak eta ekintzailetza zirkularra sustatu eta hartaz sentsibilizatzeko jarduerak ere.