Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak gaur goizean jakinarazi duenez, Bidasoaldeko Elkarte Feministaren ekimenez, genero indarkeriaren kontra sentsibilizatzeko programazioaren esparruan, unibertsitate arteko prestakuntza eta eztabaida jardunaldi bat antolatu du udal erakundeek, gizarte zibil antolatuak eta mundu akademikoak berdintasuna sustatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko egiten duten lanaren inguruan. Hitzordua maiatzaren 12an izango da, 17:00etan, Amaia KZn.
Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek nabarmendu duenez, “ikasleen eta hemengo, Euskadiko, eta atzerriko irakasleen arteko horrelako topaketak aukera aparta dira, horrelako foroetan hobeto uler baitaiteke nola aplikatu esparru teorikoa praktikan bai erakundeen bitartez, bai gizarte zibilaren ahaleginaren bidez”. Era berean, “eskerrak” eman dizkio “Bidasoaldeko Elkarte Feministari, hark eman baitizkigu guztion artean ekitaldi hau gauzatzeko ideia eta beharrezkoak ziren kontaktuak”.
Mahai inguruan, Sciences Po Ikasketa Politikoen Parisko Institutuko irakasle Maider Moreno García irundarrak parte hartuko du. Zientzia Politikoen barruan Latinoamerikan espezializatzen diren ikasleak dabiltza Sciences Po unibertsitatean, Poitierseko campusean, eta ikasle horiek Europar Batasunarekiko eta, bereziki, Iberiar penintsularekiko azterketa konparatiboak egiten dituzte. Urtero, campusak bigarren mailako ikasleekiko bidaiak antolatzen ditu, eta, hain zuzen ere, 2022-2023 ikasturtean Euskadira etorriko dira, ekitaldi honetarako aurreikusitako egunetan. Maiderren esanetan, “akademiaren, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko sinergia beharrezkoa da jakintza alor guztietan eta, bereziki, aztergai dugunean: ikasketa feministetan eta genero ikasketetan. Oso harro nago jardunaldi honetan benetako berdintasunaren aldeko borrokaren oraina eta geroa ordezkatzen dutenekin parte hartzeagatik”.
Marta Luxán Serranok ere parte hartuko du. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle agregatua da Marta, eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterraren arduraduna, eta, azpimarratu duenez, “mugimendu feminista oso garrantzitsua izan da indarkeria matxista agerian utzi eta salatzeko, oso arazo sozial larria izan da-eta eta oraindik ere bada eta. Bestalde, ikasketa feministen eta generokoen garapenak lotura estua du mugimendu horren eginkizunarekin, eta, Maider Morenok planteatu duenez, iruditzen zait aurrerapausoa dela gizarte eta genero berdintasunik ezaren aurka borrokatzen saiatzen garen gizarteko sektoreen arteko harremanak estutzea”.
Bakarrizketa saritua
Topaketaren barnean, Pamela Palenciano aktibistak No sólo duelen los golpes bakarrizketa emango du, eztabaida sustatzeko marko bat sortzeko. Bakarrizketa hau izan genuen aurrez Irunen, Bidasoaldeko Elkarte Feministaren eskutik, eta Elkarteko buru Maritxu San Pedrok eskerrak eman dizkio Udalari, haren prestasunagatik, baita parte hartzen duten unibertsitateei ere; alegia, Sciences Po unibertsitateari eta EHUri. Maritxuren esanetan, “adin eta jatorri guztietako emakumeak aintzat hartzeko eta laguntzeko gure belaunaldi arteko eta nazioarteko proiektuaren barruan kokatuta dago ekitaldi hau, bete-betean. Izan ere, gure ustez, hezkuntza berdinzalearen bitartez bakarrik lortuko dugu emakumeon diskriminazio egoera aldatzea”.
Aipatzekoa da bakarrizketa horrek sari hauek irabazi dituela besteak beste: GODOFF 2016; Martxoak 8 kolektiboaren XIV. saria; Getafeko Martxoaren 8ko sarien XX. edizioko sari nazionala, 2017an; eta Fuenlabradako Udalaren 2017ko Emakume Saria.
Topaketara joateko interesa dutenek eskura dituzte dagoeneko gonbidapenak, Udalaren webgunean, www.irun.org/entradas helbidean.