Mai Egurza ilustratzaile irundarrak egin du irudia Irungo Udalaren kanpainarako, zeina hiriko merkataritza sektorearekin eta elkarteekin elkarlanean prestatu den. Laster, egitarau osoa iragarriko da: berriki aurreratu zenez, izotzezko hiru pista, txirrista erraldoi bat eta Zabaltza plazako merkatua hartuko ditu barnean.
Gabonetako argiak
Azken asteetan Gabonetan hiria alaitzeko argiak eta gainerako elementu osagarriak instalatu dira Irungo kaleetan, eta datorren ostegunean, abenduak 1, apaindura horiek pizteko urteroko ekitaldia egingo da San Juan plazan.
Ohi bezala, José Antonio Santano alkateak Irungo ikastetxe bateko ikasleak izango ditu laguntzaile, hiri osoko Gabonetako argiak aktibatzen dituen botoia sakatzeko orduan. Kasu honetan, Eguzkitza ikastetxeko talde bat izango da. Urtero bezala, akordeoien orkestrak eta Musika Eskolako abesbatzak girotuko dute ekitaldia.
Argiak hiri osoan zehar jarri dira: merkataritza-eremuetan eta Gabonetako kanpainako atrakzioen kokaguneetan, bertan argiteria berezia jarri baita, baina baita Irungo auzo guztietan ere. Aurten Gabonetako 308 apaindura jarriko dira: 86 arku, 191 farol eta 24 multzo apaingarri, biribilguneen eta espazio berezien artean. Gainera, ohikoa den bezala, erabili diren materialek efizientzia energetikoa sustatzen dute, eta elektrizitate-kontsumoa murrizten lagunduko dute. Izan ere, gutxiago kutsatzen duen sistema bat hautatu da, nagusiki LED teknologia erabilita (mikrobonbilla, argi-haria, lanpara, etab.).
% 25eko aurrezpen energetikoa
Gabonetako argiek hiria apainduko dute egunero urtarrilaren 6ra arte, egun hori barne, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Azken hori berritasuna da: argiak aurreko urteetan baino beranduago piztuko dira, energiaren kontsumoa apaltzen saiatzeko. Zehazki, ohi baino ordu erdi beranduago piztuko dira, eta ordu eta erdi lehenago itzali, gauerdiko 00:00etan, eta ez 01:30etan. Beste urte batzuetan bezala, auzoetan, 22:00etan itzaliko dira, baina, Gabon gauean, Gabon zaharrean eta Errege egunean, egun bereziak direnez, gauez ere utziko dira piztuta. Horrela, egunero bi ordu gutxiago egongo dira piztuta argiak, eta % 25eko aurrezpena lortuko da energiaren kontsumoan, aurreko urtearekin alderatuta.