Irun Ekintza Sariek bertako enpresen berrikuntza saritu dute

Atzo, hiriko enpresetako ordezkariak eta ekintzaileak Irun Ekintzan berrikuntza sarien IX. edizioko sari banaketan bildu ziren, Ficoban. Irungo Udaleko Hiri Bultzadako, Ekonomiako eta Ogasuneko Arloaren eskutik antolatutako ekitaldia da.

Irun Ekintzan sarien helburua, enpresaren esparru guztietan eta hiriko jarduera sektore ekonomiko guztietan berrikuntza bultzatuta, kultura berritzailea sustatzea eta hiriko enpresa ehuna modernizatzea da.  Uikan Dantza dantza konpainiaren emanaldi batek eman zion hasiera galari, eta, ondoren, Aitor Silva kazetariak sari banaketari ekin zion. Ohikoa denez, lau sari eman ziren, kategoria banatan.

Lehenik, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik hogei langiletik beherako enpresen berrikuntzaren Irun Ekintzan saria banatu zuen: FOREST PIONEER SLk 4.000 euro eskuratu zituen, basogintzarako makina guztiak urrutitik kontrolatzeko programa bat garatzeko.

Bigarrenik, BIC Gipuzkoako Proiektuetako zuzendari Amaia Fernándezek zerbitzu enpresen berrikuntzaren Irun Ekintzan saria eman zuen: ZUREGAINek 4.000 euro bereganatu zituen.

Hirugarrenik, berriro ere, ekintzailetza saritu zen, eta Irungo Udaleko lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako, Ekonomiako eta Ogasuneko ordezkari Miguel Ángel Páezek ideia berritzailerik onenaren saria banatu zuen: Unai Morales Díezek 2.000 euro irabazi zituen, Recharge proiektuagatik, ardatz muntatuetarako eta bogietarako babesgarriak fabrikatzeko teknika berri bat garatzeko eta, haren bidez, trenen sektoreko oinarrizko erronkei aurre egiteko, hala nola balastoaren kolpeengatiko kalteak txikitzeko.

Bide batez, Páezek atzera begiratu, eta Irungo Udalak eta Bidasoa bizirik-ek “elkarrekin eta elkarlanean” eskualdeko enpresen lehiakortasunaren eta berrikuntzaren alde egiten duten lan “anbiziotsuaren” garrantzia azpimarratu zuen.

Gainera, zorionak eman zizkien enpresaburuei , eta zera aitortu zuen: “Irun Ekintzan sariek ilusio berezia egiten didate. Izan ere, hemen dauden ekintzaileetako batzuek, bere garaian, Bidasoa bizirik-engana jo zuten, ideia bat zutela gogoan, eta poztu egiten nau gaur hemen ikusteak beren ideiak arrakasta izan duela”.

Azkenik, joan den astean iragarri bezala, hogei langiletik gorako enpresen ohorezko saria Bianditz SLk irabazi zuen. Irungo alkate Cristina Labordak eman zion. Gero, alkateak saridunak zoriondu, eta amaiera eman zion ekitaldiari, jarrera azpimarratuta, “berrikuntzaren eragilea den aldetik. Berritzea ausart jokatzea da. Desberdina izateko arriskua hartzeko ausardia eta adorearekin lotuta dago, eta hori Irunen DNAn dago. Zailtasunik handienetan ere, hiriak beti aurkitzen ditu aukerak”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude