Iazko edizioa pandemiagatik eten ondoren, Irungo Udalak Irun Ekintzan Berrikuntza Sarien zazpigarren banaketa antolatu zuen martxoaren 29an. Ekimenaren izena hiriaren sustapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko lan egiten duen mahaiaren izenetik dator. Mahai horretan, udal-arduradunak, elkarteak, enpresak eta Irungo beste erakunde batzuk daude.
Hala, ekonomia- eta gizarte-sare horren ordezkaritza zabalak gozatu ahal izan zuen tokiko enpresa-ekimenak aitortzeko balio izan zuen ekitaldiaz; izan ere, enpresa-ekimen horiek ekoizpen-prozesuetan neurri berritzaileak aplikatzeko egiten duten ahaleginagatik nabarmentzen dira.
José Antonio Santano alkateak zorionak eman zizkien irabazleei eta adierazi zuenez, “sari hauek, batez ere, berrikuntzaren aldeko apustua errekonozitzen dute, enpresen ideien bereizgarritasuna, handiena zein txikiena, tradizionalena zein berriena”. Alkateak azpimarratu duenez, “aukera ekonomikoak, batez ere, bizi proiektuak egiteko aukerak dira; familiek eta pertsonek bizitzeko eta lan egiteko Irun bat izateko proiektuak egiteko aukerak. Pertsonak gure kapital soziala dira… eta aparteko balio bat; pertsona berritzaileak eta egiten dutena suharki egiten dutenak; hiri honetako mugimendu ekonomiko, sozial eta kulturalaren benetako sortzaileak; gure identitate ikur nagusia; Irunen beti zerbait gertatzen ari izatea lortzen duten pertsonak”.
Aurtengo irabazleak
Irungo 20 langiletik beherako enpresarentzako Irun Ekintzan berrikuntza-saria, 4.000 eurokoa, Moov DRIVES TECHNOLOGY SL enpresarentzat izan zen. Proiektu horretan, berrikuntzaz gain, nazioartekotzea eta gizarte-erantzukizunari egindako ekarpena, kasu honetan mugikortasun garbiaren bidez, aintzatetsi dira. Zehazki, ibilgailu elektriko arinen beharretara egokitutako eta optimizatutako trakzio elektrikoko sistemak diseinatzen eta fabrikatzen dituzte Moov-en.
Irungo zerbitzu-enpresarentzako Irun Ekintzan berrikuntza-saria, 4.000 eurokoa, Suministros Jaizkibel SLrentzat izan zen. Enpresa horrek burdindegiko gaiak eta industria-hornidurak saltzen ditu. Sektore tradizional bati lotutako familia-negozio baten berrikuntza ez-teknologikoaren balioa nabarmendu nahi izan du epaimahaiak.
Ideia berritzailearen Irun Ekintzan saria, 2.000 eurokoa, partitura adimendunen editorea den Javier Aguirre Herrerorentzat izan zen. Bere proiektuaren helburua da musikariek ahotsarekin azkarrago eta denbora errealean edozein lekutan konposatu ahal izatea. Proiektuaren egitura ona, potentziala, seriotasuna eta aurkezpen egokia balioetsi dira.
20 langiletik gorako Irungo enpresarentzako Irun Ekintzan ohorezko saria Uvesco taldearentzat izan zen. Kasu honetan, familia-enpresa izanda enpresa handi bihurtzeko egindako ibilbidearen balioa nabarmendu nahi izan da. Duen gaitasuna eta filosofia nabarmentzen dira: zalantzarik gabe ireki da mundura, baina tokiko erroak ahaztu gabe.