Oiasso Museoak antolatu duen Erromatar Jaialdiaren egun handiak
uztailaren 17a, 18a eta 19a izango dira.
Duela mende erdi inguru aurkitu zituzten arkeologoek lehen aztarna erromatarrak Irunen. Harrez gero, antzinako arbasoen inguruan informazio berria jaso dute etengabe irundarrek. Oiasso Museoa ondare arkeologikoa biltzeko gune garran-tzitsu bilakatu zen 2006an. Baina hori baino gehiago ere bada. Beste urrats bat eman du museoak Dies Oiassonis jaialdia antolatzen duenetik. Aurten bosgarren urtez, Oiassoko hiritarren bizimodua ezagutzeko aukera izango dute irundarrek eta bisitariek. Gladiadoreak, senatariak, soldaduak, esklaboak, artisauak zein jainkoak topatu ahal izango dituzte Erromatar Museoaren inguruko kaleetan zehar.
“Aurkitu ditugun aztarna arkeologikoek esaten digute hona erromatar bizimodua eta ohiturak iritsi zirela”, azaldu du Marijo Noain museoko jardueren arduradunak. Luxuzko zeramika, bitxiak, jokoak, termak… Bizitza-kalitate handiko arrastoak aurkitu izan dira Irunen egindako indusketetan. Jaialdiaren bidez, erromatar hiri bateko eguneroko ekintzak berregin nahi dituzte museoko arduradunek. Guztira, hiru eguneko hitzordua izango da Dies Oiassonis. Uztailaren 17an hasiko da, Elena Torregarai EHUko Antzinako Historiako irakaslearen hitzaldi batekin. Antzinako Erromako praktika sexualen inguruan ariko da Torregarai, Oiasso Erromatar Museoan bertan.
Navigium Isidis zeremonia
Portuaren inguruan hedatu zen Oiasso hiria, itsasoari, arrantzari eta bereziki merkataritzari estu lotuta. Dies Oiassonis festibalak harreman hori berreskuratuko du. Navigium Isidis zeremonia birsortuko dute parte-hartzaileek uztailaren 18an. “Isis jainkosari eskaintzen zitzaion prozesioa zen, eta nabigazioaren epea irekitzeko egiten zuten. Erlijioa oso garrantzitsua zen erromatarrentzat”, argitu du Noainek.
II. mendean Apuleio idazleak “Urrezko Astoa” obran egindako deskribapena jarraituko dute prozesioa irudikatzeko. 150 figurantek baino gehiagok desfilatuko dute, museoan hasi eta Dunboako ubideraino. Bertan, ontzia kontsakratuko dute, jainkosaren ohoretan.
Uztailaren 19an, hainbat ekintza
Uztailaren 19an, Oiasso Museoko plaza bilakatuko da jaialdiaren erdigune. Ikuskizun zeharo ezberdinak egongo dira aukeran: gladiadoreen arteko borrokak batetik, txotxongiloen antzerkia bestetik. Antzinako Erromaren garaiko merkatu txiki bat ere izango da, hainbat artisauren lanekin. Haurrentzat pentsatutako tailerrak egongo direla aurreratu du Marijo Noainek: “Beirazko ontziak nola egiten zituzten ikasi ahal izango dute, adibidez”. Osagai gastronomikoa ere ez da faltako 2014ko Dies Oiassonis festibalean. Erromatar janarien dastatzea egin ondoren, Oiassoko biztanleen modura ardoarekin topa egiteko aukera izango da.