Irun Euskaraldiaren bigarren edizioaren atarian

Euskaraldia hasteko egun gutxi batzuk falta direnez, Irungo hiria euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren bigarren edizioren prestaketetan murgildurik dago. 2020ko Euskaraldia aurrera eramateko, Ahobizi edo Belarriprest gisa parte hartuko duten norbanakoez gainera, hiriko elkarte eta entitateak batuko dira ariketara.

Dagoeneko 1.652 irundarrek izena eman dute Euskaraldian parte hartzeko, zehazki, 1302 Ahobizi eta 350 Belarriprest. David Izaga Euskara arloko teknikariak bereziki Belarriprest rola aukeratu eta irundarrak Euskaraldira batzera animatu ditu ariketa soziala hasi aurrretik. Bestetik, Irunen 85 entitatek izena eman dute Euskaraldian eta ia 400 Arigune sortuko dira.

Azaroaren 14an Palmera Montero Gunean egindako formazio-saioen ostean, txapen-banaketarekin jarraituko da hiritarrak ariketan murgiltzen joan daitezen. Dena dela, aurreko edizioko txapa berberak izango dira, beraz, txapa gordeta duten horiei Irungo Euskaraldiaren lantaldeak aurreko edizioko txapak berrerabiltzeko deia egin du, ingurugiroa babesteaz gainera, egungo egoera dela eta jende pilaketa saihesteko.Euskaraldiaren aurreko edizioan egin bezala, txapak Udal Euskaltegian banatuko dira. Ahobizi eta Belarriprestek txapak jasotzeko azken egunak azaroaren 17 eta 19a izango dira. Txapak goizeko 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara jaso ahalko dira.

Euskal Herri mailan Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egitea aurreikusita badago ere, Irunen kasuan euskararen inguruan antolatutako ekintzak abenduaren 5era arte luzatuko dira. Gainera, Irungo Euskaraldiaren inguruan antolatzen diren ekintza guztien inguruko informazioa jasotzeko aukera berri bat gehitu da, izan ere, Telegram aplikazioaren bitartez taldea sortu baita. Taldearen izena Irungo Euskaraldia 2020 da eta parte-hartze irekiko taldea da.

Euskarazko kultura protagonista
Azken urteotan bezala Irungo Udaleko Euskara Arloak hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldia ospatzeko. Mónica Matinez Euskara ordezkariaren hitzetan, “euskara, Irungo plazetan nahi dugu, indartsu eta sendo, euskara, hizkuntza erabilia eta bizia izatea”. Hiritarren ahalegin hori laguntzeko zenbait ekimen antolatu dira hirian abenduaren 5era arte. Hortaz gain, azaroaren 20an Ainara Maia idazleak Palmera Montero Gunean arratsaldeko 19:00etan bere liburu berria aurkeztuko du.

Euskara ardatz hartuta antolatutako ekintzak azaroaren 25ean hasiko dira. Amaia KZn taularatuko da “TXOR TXOR” umorezko bakarrizketa eta Nerea Arriola arituko da eta “euskaldunok eguneroko egoeretan euskararekiko ditugun harremanei buruzko gogoeta” egingo du. Azaroaren 27an, “ENE KANTAK” talde nafarrak familientzako “LILURAGARRIA, gorputz barrura goaz” ikuskizuna estreinatuko du Amaia KZn, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Abesti eta koreografien bidez, Nere eta Eneko pertsonaiek leku liluragarri bat ezagutuko dute.

Azaroaren 28an arratsaldeko 17:00etan, aldiz, Glu Glu taldearen “MARI ERRAUSKIN” familientzako antzerkia programatu da. Antzerki taldeak antzerkirako ipuin klasikoen moldaketetan aurrerapausoak eman ditu. Oraingo honetan klasikoetan klasikoa den Mari Errauskin ekarriko dugu oholtzara eta printzesen ipuinari buelta emango dio: gelako liderra eta eskolako printzesa sentitzen den ume bat izango da protagonistetako bat. Betiko euskal musikazaleek, aldiz, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Bentazaharreko mutiko alaien eskutik “KANTUJIRA” doinuekin primeran pasatzeko aukera izango dute Musika Eskolako auditorioan.

Hilabetea aho zapore onarekin bukatzeko, azaroaren 29an, arratsaldeko 19:00etan eta Amaia KZn, AXUT!, ARTEDRAMA eta DEJABUK ekoiztutako “ZALDI URDINA” ikuskizuna antzeztuko da. Antzezlanak kontatzen digu nola Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin den, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, “trapitxeroa” bera delakoan. Antzezlan gogor bezain inpaktantea.

Abenduaren 1ean umorearen txanda izango da, izan ere, “ZOAZ PAKE SANTUAN” helduentzako antzerkiarekin ondo pasatzeko aukera izango baita. Bi dira pertsonaiak, senar-emazteak, eta daraman bikote bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, Andreak (emazteak), zirt edo zart, gizona pozoitzea erabaki du. Barre algarak ziurtatu daude!. Abenduaren 3an, Euskara Nazioarteko Eguna, bertso saio berezia izango da Amaia KZko Areto Nagusian, “… NAHI DUGU HITZ ETA JOLAS”. Oihana Bartra, Julio Soto eta Maite Berriozabal bertsolariek «euskarak gure bizitza nola zeharkatzen duen» landuko dute.

Euskaraldia eta euskararen inguruan antolatutako ia ekimen guztiak doakoak izango dira, bat izan ezik, “MARI ERRAUSKIN” horretarako sarreraren prezioa 4,40 eurokoa izango da. Beste ekitaldi batzuetarako gonbidapenak Turismo bulegoan jaso ahal izango dira azaroaren 17tik aurrera, edo Amaia KZren leihatilan, ekitaldi bakoitzaren egunean bertan. Jarduera guztietan segurtasun- eta higiene-neurriak mantenduko dira (maskara, gel hidroalkoholikoa, distantziak, kopuru mugatua, etab.). Azaroaren 28ko KANTUJIRA eta abenduaren 5eko LABURBIRARAKO sarrerak lortzeko mezu bat idatzi behar da euskara@irun.org posta kontura Izen-abizenak eta “KANTUJIRA” edo “LABURBIRA” zehaztuz. Udaletik gonbidapena helaraziko zaie interesatuei bueltan aforoa bete arte.

Euskaraldi berezia
Aurtengo Euskaraldiak izaera berezia izango duenez, hiritarrak haien etxeetako balkoiak eta leihoak apaintzera animatu nahi dituzte Irungo Euskaraldiaren lantaldetik. Horretarako, Irunen Euskaraldiaren banderatxoak eskuratzeko aukera egongo da Uranzu kaleko 13. zenbakian kokatutako Labore eta Foru kaleko 13. zenbakiko Labe-Gorri dendetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude