Irungo Udalak Gabonetako kanpainaren lehen zertzeladen berri eman du. 2020. urteko Eguberriak, ordea, ezohikoak izango dira, izan ere, COVID-19ak eragindako osasun krisialdiarengatik guztiz baldintzatuta egongo baitira. Nolanahi ere, udaletik Olentzero eta Errege Magoekin kontaktuan daude urtero bezala hirira haien magia segurtasunez iritsi dadin.
Eguberriek Irunen urte batetik bestera errepikatzen diren ekitaldiak izan ohi dituzte. Aurten, aldiz, COVID-19aren pandemia dela-eta, ekitaldirik ohikoenetako batzuk egitea ezinezkoa izango da. Hala ere, kultura arloak beste zenbait ekitaldi momentuko egoerara egokitzeko lanean ari da, osasun agintariek unean-unean ezartzen dituzten neurri eta murrizketak betetzeko. Juncal Eizaguirre kultura ordezkariak adierazi duenez, “badakigu aurtengo Eguberriak ez direla nolanahikoak izango”.
Gauzak horrela, “Zure Eguberriak Irunen daude” lelopean Irun Gabonetako egun berezi batzuk bizitzeko prestatzen ari da. Eguberrietako programazio ezohiko eta berezi hau antolatzerako orduan Kultura ordezkariak jarduerak antolatzerako orduan pandemiak gogorkien jotako jarduera sektoreak kontutan izan dira eta horiek izango dira Eguberrietako kanpainaren protagonistak Juncal Eizaguirrek baieztatu duenez. Gainera, Olentzero eta Errege Magoen desfileak ezingo dira orain arte bezala egin, eta, horregatik, Kultura Arloak ordezko ekitaldi estatikoak antolatzeko aukera landu du azken asteetan zehar. Zehazki mota honetako ekitaldien bitartez edukiera kontrolatu nahi da, horrela, jende pilaketarik ez gertatzeko
Kultura arloak jakinarazi duenez, Eguberrietako programazioaren barnean bertan behera geldituko den jardueretako bat urtero abenduaren 21ean Urdanibia plazan antolatzen diren San Tomas eguneko ekitaldi guztiak izango dira, hau da, San Tomas azoka, txosnak eta musika emanaldiak . Era berean, abenduaren 24ko arratsaldean San Juan plazan egin ohi den Gabon Kanten Jaialdia antolatzea ere ezinezkoa izango da. Bestalde, Hiri Bultzadako Arloak jakinarazi duenez, aurten ez da izotz pistarik jarriko.
Olentzero eta Errege Magoak
Juncal Eizaguirrek azpimarratu duenez, hiriko txikienak Olentzero eta Errege Magoen etorreraz segurtasunez gozatzeko ekitaldi ezberdinak antolatuko ditu Kultura arloak. “Beharrezkoa bada, hirira lehenago etortzea ere eskatuko diegu, elkar ikusteko denbora gehiago izan dezagun”, gaineratu du Kultura arloko ordezkariak. Antolatuko diren ekitaldi estatiko horiez gozatu ahal izateko haurrek eta haien familiek aurrez gonbidapenak lortu beharko dituzte, era honetan, aretoen edukiera kontrolatu eta jende pilaketarik sortzea saihesteko.
Olentzeroren kasuan, Betti Gotti elkartearen eskutik, Amaia Kultur Zentroa apainduko da abenduaren 22 eta 23an Olentzero eta Mari Domingiri harrera egiteko. Egun bakoitzean hiru emanaldi antolatuko dira 12:00, 16:00 eta 18:30etan. Gonbidapenak sarreren salmentarako udalak kudeadutako webgunean eskuratu ahalko dira abenduaren 15eko 10:00etatik aurrera. Pertsona bakoitzak 4 gonbidapena eskuratu ahalko ditu gehienez. Gainera, udaletik gogoratu dutenez, emanaldiaz gozatu nahi duten haur zein heldu guztiek gonbidapen bana eskuratzea ezinbestekoa izango da.
Errege Magoen kasuan, berriz, harrera Ficobako 3. pabilioian egingo da urtarrilaren 4 eta 5ean. Etxeko txikienek Meltxor, Gaspar eta Baltasarren bisita urtero desfilean parte hartzen duten Disney pertsonai eta haien karrozekin gozatzeko aukera izango dute. Kasu honetan, ekitaldiak “azoka formatua” izango du, beraz, bi egunetan zehar 20 minuturo Erregeak ikusteko paseak antolatuko dira urtarrilaren 4ko arratsaldean eta urtarrilaren 5eko goiz eta arratsaldean zehar. Kasu honetan ere sarrera doakoa izango da eta aurrerago jakinaraziko den egun eta orduan eskuratu ahalko dira. Emanaldi estatikoan Errege Magoak, haien laguntzaileak, karrozak eta bestelako animazioak ikusi ahalko dira.
Era berean, Kulturako ordezkariak hirira Olentzero eta Errege Magoen etorrera antolatzen laguntzen duten elkarte eta entitate guztiei eskerrak eman dizkie. “Haien inplikazioa eta dedikazioa funtsezkoak dira urtero, are gehiago aurten, dena ondo atera dadin”, azaldu du Juncal Eizaguirrek. Olentzeroren kasuan Betti Gotti elkartea antolatzen da hirira bere etorrera antolatzea. Errege Magoen harrera ekitaldian, aldiz, honako entitate hauek parte hartuko dute: Irun Hiria Musika Banda, Irungo Atsegiña, Santiagoko Deabruak, aisialdiko taldeen koordinakundea, Analia Bellydance Ekialdeko Dantzako Akademia, 22 Academy, Batukada Skola Musik, Ondare Kultur Elkartea, San Vicente de Paúl Majoretteak, Auntxa Trikitixa eta BAF 7301 Trenaren Lagunak.
Eskutitzen bilketa
Momentuko osasun krisialdia dela eta, Olentzero zein Errege Magoentzat haurrek idatzitako gutunak biltzeko bide ezberdinak eskainiko dira aurten. Abenduaren 18tik aurrera hirian barrena Olentzero eta Errege Magoen eskutitzak jasotzeko postontzi apainduak ipiniko dira. Postontzi horiek Palmera Montero gunean, Mendibil merkataritza guneko BM saltokiaren aurrena, Amaia Kultur Zentroko erakusketa aretoan eta Euskal Herria hiribidean Skola Mucik-en egoitzan kokatuko dira. Eskutitzak entregatzeko postontziek ordutegi desberdinak izango dituzte egunaren arabera, udal webgunean kontsultatu daitezkeenak.Horrela, Olentzeroren gutunak abenduaren 18tik 23ra arte jasoko dira, Errege Magoenak, berriz, abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra jasoko dira. Postontziek gainera bi figuranteen konpainia izango dute postu bakoitzean, gutunaren entrega dinamizatu eta hiriko txikienekin interakzioan aritzeko.
Ildo beretik, bideokonferentziak puri-purian dauden honetan, teknologia berriak baliatuz, Kultura arloa aplikazio bat erabiliz etxetik gutunak bidali ahal izateko aukera eskaini ahal izateko lanean ari da. Horrela, gailu mugikorren bitartez, haurrek Errege Magoekin eta Olentzerorekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, haien eskaerak eta eskatu nahi dituzten opariak helarazteko aukera izan dezaten. Gutun hori abenduaren 18tik aurrera udal webgunearen bitartez bidali ahalko da.
Era berean, abenduaren 24ean arratsaldeko 20:30etan Olentzerok mezu berezia bidaliko die hiriko neska-mutilei Irungo Udalaren Youtube kanalaren bitartez. Urtarrilaren 5eko 20:30etan, berriz, Errege Magoek hiriko haurrei zuzendutako bideo berezia argitaratuko da.
Hirian zentratutako kanpaina
Aurtengo Gabonetako kanpaina aurkezteko “Zure Eguberriak Irunen daude” leloa aukeratu da, hiritik atera gabe Gabonetako giroaz gozatzeko aukera eskaintzeko. Era honetan, pandemiak bertako jarduera sektoreetan, hala nola, ostalaritza eta merkataritzan, izandako ondorioak direla-eta, arduraz jokatzea eta erosketak egiterakoan bertako ekonomiaren aldeko apustua egiteko mezua helarazi da. Eguberrietako Azoka hurbileko merkataritza bultzatzeko aukera hobezina izango da udaletik adierazi denez.
Guztira zurezko hamabi etxola jarriko dira eta hauek izango dira azokako parte hartzaileak: Zinia loradenda, Ekialde, Orlegi, Sonia Ruiperez, El baúl de las ideas, The Museum Food & Drinks, Deperita fruta-denda, Picking Pack, A Pedir de Boca, Sugar, etaSportjam Shop. Aurten berritasun gisa azokak irauten duen guztietan erakusketari berdinak izango dira, ez da postuen txandaketarik egingo. Gainera, aurreko urteetan parte hartu ez duten saltokiek lehentasuna izan dute azokan izena ematerako orduan.
Eguberrietako Azoka abenduaren 18tik 27ra bitartean jarriko da eta aurten Zabaltza plazan kokatuta egongo da. Azokak ordutegi ezberdina izango du egunaren arabera, jada udal webgunean kontsultatu daitekeena. Udalak hirugarren urtez jarraian azokaren antolaketaren aldeko apustua egitea erabaki du. Aurten, gainera, azoka handiagoa izateko apustua egingo du udalak, pandemiaren ondorioz Zabaltza plazan aurreko urteetan egin bezala izotz pistarik jarriko ez dela aprobetxatuz.
“Made in Irun azoka izatea nahi dugu”
Juncal Eizaguirre, Kultura ordezkaria
“Made in Irun azoka izatea nahi dugu” azaldu du Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkaria. Izan ere, azoka bertako artisten sorkuntzekin eta argiztapen bereziarekin apainduko da. Era honetan, azokan bertako artisten parte hartzea sustatuko da, Zabaltza plaza arte areto inprobisatu batean bihurtuz. Horrela, 0KM-aren aldeko apustuaren bidez, gertuko saltokiak eta kultura babestuko da.
Segurtasun neurri guztiak beteko direla bermatzeko azoka eremuaren sarreran, edukiera, segurtasun distantzien errespetua eta gel hidroalkoholikoaren eta maskararen erabilera egokia kontrolatzeko arduradunak izango dira. Behin bisitariak eremuan sartuta, berriz, markatutako bideari segitu beharko zaio, eta segurtasun distantziak errespetatuz eta ibilbide zirkularra jarraituz. Gainera, egun bakoitzaren bukaeran, azokako instalazioak garbituko dira.
Bestelako ekitaldiak
Dena den, Eguberrietan zehar Irunen egingo diren ekitaldi guztiak udal webgunean sortutako atal berezituan kontsultatu ahalko dira. Egun zehatz batzuetan Ficoba eta erdialdea lotuko dituen doako autobus zerbitzua martxan jarriko da. Zerbitzua abenduaren 12, 19, 23, 24 eta 26an egongo da martxan. Etenik gabeko zerbitzua izango da, 10:20tik (Genaro Etxeandiaren irteera) 14:00ak arte (azken irteera Genaro Etxeandiatik) Hiru irteera izango dira orduro (’00 ’20 ’40), eta tarteko geraleku bat izango da Iparralde hiribidean. Bertako sektorearen eskaera bat jasotzen du proposamenak, eta helburua Eguberrietako kanpainan hiriko establezimenduetan kontsumitu dadila erraztea da. Era berean, Eguberrietako kanpaina honi begira, Irungo Udalak 10.000 bonu banatuko ditu, herriko merkataritzaren eta saltokien elkarteen eskutik, TAOn minutu batzuetan doan aparkatzeko, eta saltokiek bezeroen artean banatu ahal izango dituzte, beren dendetan erosi ondoren.
Aipatutako ekitaldiez gainera, Kultura arlotik Eguberrien inguruan urtero antolatzen diren beste jarduerak aurten nola egingo diren azaldu da. Urtero bezala Amaia Kultur Zentroan Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak jaiotza eta Olentzeroen erakusketa jarriko du abenduaren 18tik urtarrilaren 4ra bitartean. Bestetik, BAF 7301 elkartearen eskutik, tren maketen erakusketa antolatu da abenduaren 21etik urtarrilaren 4ra. Tren maketen erakusketa Palmera-Montero Gunean bisitatu ahalko da astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 11:30etik 13:30era.
Ekintza hauekin guztiekin Gabon ezohiko bezain seguruak ospatuko dira hirian 2020. urtea agurtzeko.