Arineketan hasi aurretik, gomendagarria da beroketa ariketak egitea eta gorputza lasterketaren esfortzurako prestatzea. Hain zuzen ere, horixe da Irun 23. Korrikaren hasiera iritsi aurretik egiten ari dena. Hiria euskararen aldeko ekimen erraldoiaren abiapuntu izateko atontzen hasi da. Horrela, martxoaren 14ra bitarteko itxaronaldia arintzeko eta girotzeko ekintzak egingo dira.
Korrikaren hasieraren egun handia iritsi aurretik, Irungo Udalak eta Bidasoaldeko AEK-k hiria ekitaldi handirako prestatu nahi dute. Izan ere, Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kulturako eta Euskarako ordezkariak azaldu duenez, “Irun martxoaren 14an Korrikaren abiapuntu izateko prestatzen ari da”. Horretarako, urtarriletik martxora arte luzatuko den jarduera programa prestatu dute elkarlanean, handi zein txikiek aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten. Maddi Sanz AEK-ko ordezkariak adierazi duenez, “martxoaren 14an Korrika Irunen abiatuko denaren aitzakiapean uste genuen Irun ekitaldiz, kulturaz eta euskaraz betetzea oso garrantzitsua izango zela”.
“Martxoaren 14a anekdota bat baino zerbait gehiago izatea nahi dugu”, azaldu du Maddi Sanz AEK-ko kideak. Ildo beretik, Nuria Alzagaren ustez ekimen hauek apustu argi bat dira hiriko kultur eskaintza eta aisialdiko aukerak deszentralizatzeko. Udaleko ordezkariak erantsi duenez, “Korrika auzoetara iritsiko da”. Izan ere, auzoetan egingo dira Korrika girotzeko antolatu diren ekimenetako asko. Zehazki, Katea, Larreaundi eta Santiago auzoetan izango da Korrikaren festaz gozatzeko aukera. Gainera, auzoetan egingo diren Korrika Egunak “familia guztiarentzako” izango dira, Euskara eta Kultura ordezkariak azaldu duenez, haur, gazte eta helduentzako ekintzak egingo baitira.
Maddi Sanzek azaldu du antolatutako ekintzak larunbatetan egingo direla antolatzaileen asmoa delako Korrikaren eta euskararen alde ahalik eta jende gehiena biltzea. Nuria Alzagaren hitzetan Korrikak euskaldunak batzeko duen ahalmenaz gain, euskara ikasten ari direnek edo hizkuntza ikasi nahi dutenek ere egitasmora batzeko aukera ederra dute. Euskara eta Kultur ordezkariak gogoratu duenez, “jarrera da garrantzitsuena”. Beraz, irundar guztiak animatu ditu Korrikan zein aurretik egingo diren ekintzetan parte hartzera.
Prestaketa guztiak lotzeko Korrika Batzordearen lana funtsezkoa izaten ari da. Dagoeneko bi bilera egin ditu batzordeak, lehena Gabonen aurretik eta bigarrena urtarrilaren 12an. Batzordearen parte-hartzeari dagokionez, Maddi Sanzek azaldu duenez: “bilerak jendetsuak izaten ari dira eta uste baino hobe erantzuten ari da herria”. Herritar oro gonbidatuta dago Korrika Batzordeetan parte hartzera, Sanzek aipatu duenez elkarren artean ideiak partekatzeko: “denon artean egingo dugu edo hau ez da ondo aterako”. Era berean, Nuria Alzagak azpimarratu du programazio guztia prestatzeko, udalak beti egiten duen bezala, “etxeko” elkarteekin eta eragileekin lan egin dela.
Lekukoaren lehen kilometroak
Irteera data hurbiltzen doan heinean, Korrikaren edizio berriaren xehetasunak ezagutarazten doaz. 23. Korrikaren lekukoak, 11 egunez eta 10 gauez Euskal Herri osoan barrena ibili aurretik, lehen kilometroak Irungo kaleetan egingo ditu. Horrela, martxoaren 14an 16:00an irtengo da 23. Korrika Irungo San Juan plazatik. Nafarroa hiribidea jaitsi, Urdanibia plazatik igaro eta Euskal Herria hiribidea igoko ditu lasterketak ibilbidearen lehen 10 kilometroetan. Ondoren, Colón pasealekuan sartu eta Hondarribia kalea jaitsiko du, 16:23ean lekukoa hondarribiarrei emateko.
Hondarribiko lurretan ibili ostean, 23. Korrika Irunera itzuliko da 17:03an Zubi-musu biribilgunetik. Hondarribia eta Zubiaurre kaleak igo eta Colón pasealekuaren zati txiki bat egin ostean, Cipriano Larrañaga kalean sartuko da, Iparralde etorbidea jaitsiz Hendaiarako norabidea hartzeko. Azkenik, 17:19an lekukoa iparraldeko bizilagunen eskuetan geratuko da euskarak bere bidea egiten jarrai dezan, martxoaren 24an Baionara iritsi arte. Dena den, Korrikaren App-an lasterketaren ibilbide eta ordutegia kontsultatu daiteke xehetasun guztiekin.
“Irun martxoaren 14an Korrikaren abiapuntu izateko prestatzen ari da”
Nuria Alzaga, Irungo Udaleko Euskara eta Kultura ordezkaria
Badon opera garaikidea
Korrika Kulturalaren barnean ekitaldiak antolatzen dira jendarteak Korrikaren alde egindako lana eskertzeko. Horrela, kultur eskaintza bazter guztietara iristea lortzen da. Irunen kasuan, Badon izan da Korrikarekin loturiko lehen kultur ekitaldia. Izan ere, Badon* proiektua Korrikaren I. kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea izan zen. Urtarrilaren 13an Amaia kultur zentrora hurbildu zirenek opera garaikide honetaz gozatzeko aukera izan zuten. Badon proiektua diziplinarteko hausnarketa artistiko eta sorkuntza kolektiborako sormen laborategia da. Gainera, ikuskizunera bertaratzen laguntzeko haurtxoko zerbitzua eskaini zen Erdialdeko Haurtxokoan, kontziliazioa errazte aldera.
Kultur pizgarriak
Korrika egiten hasi aurretik, hiria eta gorputza girotzen hasteko antolatutako lehen ekitaldietako bat dugu. Katea izan da Korrika Eguna ospatzen lehena, nahiz eta datozen hilabeteetan Korrikaren aurreko festa hiriko beste auzoetara iritsiko den. Urtarrilaren 20an egun osoko egitarauaz gozatu zuten Kateara hurbildu zirenek: Bikonetek antolatutako altxorraren bila, Auntxak girotutako trikipoteoa, bertso bazkari musikatua auzo elkartean Irunabar eta Larrearen eskutik, Teknika Surf Eskolaren skate tailerra eta Elatzeta elkarteak antolatutako Kantu Jira.
Beroketa ariketa luzea
Gauzak horrela, hauek izango dira Irunen Korrikarekin loturik datozen hilabeteetan izango diren ekintza garrantzitsuak. Otsailaren 18an, Amaia kultur zentroan Korrikaren eta Irungo Harrera Sarearen arteko topaketa bat egingo da. Ekitaldian migrazioaz eta nortasunaz hitz egingo da. Otsailaren 24an, berriz, Korrika Eguna ospatuko dute Larreaundi auzoan goizeko 11:45etik aurrera, txupinazoarekin eta txalapartariekin hasiko baitute eguna. Egunean zehar, haurrentzako jolasak eta azokak antolatuko dituzte, besteak beste, eta runba erritmoan mugituko den kontzertu ibiltari batekin amaituko da eguna.
Martxoari ongietorria egiteko hilaren 2an Santiago auzoak ere Korrika Eguna ospatuko du. Beraz, aurrekoetan egin bezala, egun osoko egitaraua prestatuko da aurten ere haurrek zein helduek Korrikaren itxaronaldiaz goza dezaten. Martxoaren 14ko egitarauaz, ordea, ezer gutxi aurreratu dute, sorpresez beteriko eguna izango dela ziurtatu diguten arren.