Musikariak interprete eta irakasle gisa egin duen lana saritu du udalak
Irungo Udalak eskaintzen duen sari nagusia jaso du Ricardo Requejo (Irun, 1938) musikariak: Irun Hiriko Urrezko Domina. Ametsa Abesbatza Kultur Elkarteak egin du proposamena, hiriko hainbat kultur, gizarte eta kirol elkarteren babesarekin. Udal talde politiko guztiek onartu dute. Abenduaren 16an jaso du, udaletxeko areto nagusian, senide eta lagunen aurrean, eta udal ordezkari guztien parte hartzearekin.
Ekitaldi instituzionalean, José Antonio Santano Irungo alkateak azpimarratu du pianista handia baino gehiago dela Ricardo Requejo: “Merituak aitortzen ditugu, baina balioak ere bai”. Requejok, hunkituta, eskerrak banatu ditu, ezker eta eskuin. Baieztatu du, gaur egun, musikarekiko duen maitasuna eta pasioa handiak direla oraindik. Betiko helburuari eusten diola ere adierazi du: “Nire ekarpena egin nahi nuke, musikak, pixkanaka, gizartean merezi duen lekua eduki dezan”.
“Nire ekarpena egin nahi nuke, musikak, pixkanaka, gizartean merezi duen lekua eduki dezan”
Ricardo Requejo, musikaria
1938an jaio zen Ricardo Requejo, Espainiako Gerra Zibil betean, familia umil batean. Eguzkitza kalean eman zituen lehen pausoak, eta lauzpabost urterekin, Uranzu kalera lekualdatu ziren. Garai hartan, senideen diziplinaren eta esfortzurako ahalmenaren jabe egin zela aipatu du Requejok: “Nik anaiaren urratsak jarraitu nahi nituen. Berak eraman ninduen musika eskolara, Primitivo Azpiazu irakaslea ikustera. Hark esan zidan gazteegia nintzela, eta hurrengo urtean bueltatzeko”. Anaiarekin hasi zen musika ikasten, etxean. Musika eskolara itzuli zenerako, lehen mailako metodoa buruz ikasia zuen.
Primitivo Azpiazu irakasleak oboea jarri zion eskuetan, eta beranduago, Teodoro Muruak, bandan sartu zuen Requejo, 13 urterekin. Adiskide handi bat egin zuen, garai hartan: “Fernando Etxepare ezagutu nuen. Musikari handia, eta are lagun hobea”. Ametsa abesbatzaren sorreran parte hartu zuten biek, Requejok eta Etxeparek: “Olentzero koruekin hasi ginen. Etxepareren aitaren zurgindegitik ateratzen ginen, Santiago kaletik. Pentsatu genuen jarraipena ematea, eta urte osoan zehar entseatzen hastea”.
Musikari ibilbide oparoaren hasiera
Hamazazpi urterekin, piano ikasketak amaitu zituen Donostiako Udal Kontserbatorioan, karrera amaierako saria eskuratuz. Hezkuntza Ministerioak beka bat eskaini zion, Parisen piano ikasketei jarraipena emateko. “Parisen, Irungo etxe batean hartu ninduten: Agesta familiarenean”, gogoratu du Requejok: “Eskarne Agestak ikaragarri lagundu ninduen, nik ez nekielako frantsesez”. Dartington-en (Erresuma Batua), Santiago de Compostelan, Cascaisen (Portugal) edo Sienan (Italia), ere aritu zen, bere formazioan sakonduz.
“Musikenen eman ditudan urteetan ikusi dugu Irungo gazteak ondo prestatuta doazela”
Ricardo Requejo, musikaria
Interprete gisa egin zuen lanez gainera, musikaren irakaskuntza izan da Ricardo Requejoren fazeta nagusia. Hanburgoko Musika Eskola Nagusian hasi zen, eta Madrilgo Kantu Eskola Nagusian ere ibili zen, beranduago. Azken urteetan, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian aritu izan da. Harro dago, era berean, Irungo Udal Kontserbatorioa martxan jartzeko egin zuen lanarekin: “Arrakastaz bete genuen helburua. Musikenen eman ditudan urteetan ikusi dugu Irungo gazteak ondo prestatuta doazela”.
Irun Hiriko Urrezko Domina
Ohoreen eta Aitortzen Araudia onartu zuen Irungo Udalak 2003an, eta harekin, Irun Hiriko Urrezko Domina. Irunen bizikidetza, tolerantzia, zintzotasuna edo elkartasunaren moduko balioak sustatu dituzten pertsona edo elkarteak saritzeko helburua du. José Ramón Amunarriz, Menchu Gal, La Salleko anaiak, Agustin Ugarte, Gipuzkoako Odol Emaileen elkartea, Jaime Rodriguez Salis, Real Union eta José Ramón Iruretagoiena Irure izan dira sarituak, orain arte. Zerrenda horretan sartu da, aurten, Ricardo Requejo musikaria.