Cristina Laborda Irungo alkatea Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru-diputatuarekin izan da hark Irunera egin duen bisitan. Haren departamentuak finantzatu dituen hiriko kirol-instalazioak bisitatu dituzte, hala nola Katea auzoko Pump truck eta Artiako futbol-zelaia.
Alkateak aukera baliatu du nabarmentzeko “zalantzarik gabe” Irunen “mugarri” izango den ekipamendu “izarra” erabilera anitzeko IAM espazioa izango dela, eta Kirol departamentuak ere horren aldeko apustua egiten du. Cristina Labordaren hitzetan, “aurten hasiko gara horrekin, proiektua enkargatuta. Espazio horretan, Gipuzkoako eskubaloiko elitearen partidak jokatuko dira, CD Bidasoa eta Bera Bera taldeek jokatuko baitute bertan”. Gainera, gaur egun lurraldean egin ezin diren musika- eta kultura-ekitaldi handiak ere egiteko aukera emango duela azpimarratu du alkateak. “Proiektu itzela da, baina, argia ikusteko, gainerako erakundeek ere proiektua babesteko konpromisoa hartu beharko dute”, azpimarratu du Labordak.
Alkateak foru aldundiak diruz lagundutako instalazioak ere aipatu ditu, eta aitortu du “ilusio berezia” egiten duela Irungo Pump Track bezalako proiektuak gauzatzeak, are gehiago herritarren proposamen batetik sortzen direnean. “Horri esker, kirol-ekipamendu berri bat izango dugu Irunen, berezia eta bakarra izango dena gure inguruan. Eskerrik asko Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari, berriz ere Iruni laguntzeagatik jarduera fisikoa eta osasungarria bultzatzeko kirol-inbertsioak eginez”, azaldu du.
Bestalde, Goizane Alvarez diputatuak ziurtatu duenez, “Irun kirol instalazioetan eraldaketa sakona egiten joan den hirietako bat da, aurreko planaren bitartez Uranzu pilotalekuaren erreforma egin zen bezala. Erreforma horrek, frontoia pilotaren radarrean jartzeaz gain, hiri-eraldaketa eragin zuen”. Eta alkatearen hitzak balioztatuz, gaineratu du, “Irungo kirolak etorkizun oparoa du. Hazteko lekua dago, batez ere Bidasoa CDari begiratzen badiogu. Kirolgi Fundaziotik hazten lagundu dugu, egungo instalazioarekin ahal den tokiraino. Zalantzarik gabe, I.A.M Pabiloia da hiri honek duen erronka nagusia kirol-azpiegiturari dagokionez, bai Bidasoa nazioartekotzeko, bai Irun hiri eta mundu mailako lurralde gisa kokatzen duten kirol-ekitaldiei zerbitzua emateko”.
Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planaren bidez emandako ekarpenik garrantzitsuena jaso du Irungo hiriak. Kirol-ekipamenduak hobetzeko hirian 187.847 euroko inbertsioa egin da: 124.180 euroko partida, Artiako zelaiko belar artifiziala aldatzeko eta beste hobekuntza batzuetarako, eta 63.667 euro, Pump truck eraikitzeko.
Irungo Pump truck-a
2023ko ekainetik dago zabalik, herritarren proposamen bati esker. Kirol-azpiegitura horretan egunero ibiltzen dira bizikletariak eta patinatzaileak maila eta adin guztietarako egokitutako zirkuituez gozatzen. Azpiegituraren kostu osoa 376.456,25 eurokoa izan da.
Irungo Pump truck Elizatxo hiribidearen eta Bizkaia kalearen artean dago, Porcelanaseko biribilgunearen ondoan. Kirol-modalitate bat da, eta modalitate horretan, bizikletari eta patinatzaileek aldapa edo oztopo txiki batzuk gainditu behar izaten dituzte, pistan aurrera egin ahala, aurretik abiada hartu gabe edo pedalei eragin gabe.
Instalazioak maila desberdineko hiru zirkuitu ditu. Diseinu eta tamaina desberdinak dituzte zirkuituek, eta egokiak dira jende guztiarentzat. Horrela, erabiltzaile gehiago joango dira bertara, eta instalazioaren funtzionamendu ona bermatuko da, askok erabilita ere.
Artiako futbol-zelaia berrituta ageri da
Iazko abuztuan, hiru hilabetez lanean aritu ostean, Artiako futbol-zelaia prest geratu zen Irungo klubak berriro ere lehiaketez baldintza onenetan gozatzeko.
Egindako hobekuntzen artean, nabarmendu behar dira, alde batetik, berritu egin dela zelai artifiziala, azken belaunaldiko teknologia ere sartu da, eta, bestetik, babes-sare berriak, ate berriak eta eserlekuak jarri direla. Guztira 374.288,09 euroko inbertsioa egin da.