“Irun kultur remix” SoinuLabor programaren azken emaitza da eta azaroaren 20ra arte Oiasso Museoan egongo da ikusgai. DJ Makalak eta VJ TXO!? ikus-entzunezko artistek lankidetzan egin duten proiektuaren emaitza da. Gainera, ekimenaren garapenean Ezmugak elkarteak parte hartu du. Soinu-erakusketa honetan irudiak eta hiriko kulturarekin zerikusia duten pertsonaia historikoetan inspiratutako soinuak uztartzen dira.
Instalazioa astearteetan, asteazkenetan, ostegunetan eta igandeetan ikusi ahal izango da 10:00etatik 14:00etara, eta ostiraletan eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Proiektuaren deskribapena
Nola erremixatu daiteke hiri bat? Nola moldatu haren historia, esentzia eta arima musikaren eta irudiaren bidez? Galdera horietatik abiatzen da DJ Makala Irun hiria erremixatzeko xedea duen proiektu honetan. Edo gutxienez, hiriaren historiaren zati bat, Irungo kulturari lotutako 6 pertsonaiaren biografien ikus-entzunezko proiekzio baten bidez. Hauexek dira pertsonaia horiek: Iñigo Muguruza, María Juncal Labandibar, Luis Mariano, Menchu Gal, José María Zabalza eta Jorge Oteiza eta Itziar Carreño.
Disko-jartzaileek (DJ) eta bideo-jartzaileek (VJ) etengabe egiten dute lan nahasketarekin, eta beraien lana garrantzitsua da remixaren kulturan. Horretan, ez da besterik gabe beste artista batzuen obra hartzen eta berreraikitzen, aitzitik, kulturatik lan egiten da kulturarentzat. DJek eta VJek herri kulturako artefaktu kulturalak biltzen, berreraikitzen eta esanahi berriez hornitzen dituzte, hala kritika nola gorazarre egiteko.
SoinuLabor proiektuak
Soinu Labor proiektuaren bidez elkarrekin harremanetan jartzen dira artistak edo musika-taldeak eta hiriko eragile sozialak. Horrela, komunean dauzkaten puntuak aztertzen dituzte sortzaileek berrikuntzaren eta artearen bitartez jendaurrean erakusteko moduko emaitzak lortzeko: kontzertu bat, tailer bat, soinu-pieza bat… Helburua, azken batean, musikaren ikuspegi tradizional eta klasikoenetik aldentzen diren esperientziak sustatzea da. Soinu Labor Kultura arloaren musika-programazioaren ardatz estrategikoetako batean sartzen da, «lerro beltz» edo ibilbide esperimentala deiturikoan, hain zuzen. Xede nagusia da ildo urratzaile eta berritzaileak aktibatzea, esperientzien trukea eta legatu sakona lortzeko.
Eskema orokorra bost saiok osatzen dute, baina ez da egitura zurrun bat, baizik eta lan egiteko era malgu bat. Horrela, proiektu bakoitzari eta behar zehatzei egokitzen zaie, lankidetzako eta sorkuntzako prozesuak iraun bitartean horrelakoak sortzen dira eta. Lehen saioan, artistak eta eragileak elkar ezagutzen dute. Hurrengo hiruei «laborategi» dei dakieke, eta horietan bi aldeen lana koordinatzen da. Azken saioan trukearen emaitza aurkezten da, formatu tradizional edo urratzaileagoetan hezurmamitua, kasuaren arabera.
Aurreko lankidetzak
Programa 2016an antolatu zen aurreneko aldiz. Soinu Labor bat egin zen Ainara Legardonekin eta Irungo Marrazketa eta Pinturako Udal Akademiarekin, eta beste bat Kalakan taldearekin eta Ametsa Gazte abesbatzarekin. 2017ko martxoan, «Sforzando» ikuskizuna egin zen, Mafalda Soloioren eta Irun Hiria Musika bandaren eskutik, eta 2018an Xabier Erkiziaren eta Bidasoko Irratizaleen Elkartearen arteko kolaborazioa aurkeztu zen. Soinu Laborren azken edizioko protagonistak Audience eta Irungo Argazkilaritza Elkartea (IAE) eta Harrera Sarea izan ziren.