“Irun Open Innovation” jardunaldiak abenduaren 1ean enpresa berritzaileetan arreta jarriko du

Irungo Udalak Irun Ekintzan Garapen Ekonomikorako eta Enplegurako Itunaren bidez antolatuta, abenduaren 1ean, ostegunarekin, “Irun Open Innovation” jardunaldiaren beste edizio bat egingo da Ficoban. Hitzaldi-jardunaldi horrek zazpigarren edizioa izango du, eta aukera paregabea da enpresan berrikuntzan oinarritutako esperientzia arrakastatsuak elkarrekin ikusteko.

Asmoa da urtetik urtera ekimen horren bidez kultura berritzailea sustatu eta hiriko enpresa-sarea modernizatzea, haren eremu guztietan berrikuntza bultzatuz, eta berrikuntzaren arloko esperientziak Irunera ekarriz, erreferente izan daitezen. Gainera, horrelako ekimenekin hemengo enpresek berritzeko duten aukera erakutsi nahi da.

Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, “aurten, pandemiaren ondoren, ohiko formatu presentzialera itzuli gara. Edizio honetarako, jasangarritasuna aukeratu dugu hitzaldien oinarri gisa, horrela 2021ean ekonomia zirkularrari buruz ikusi genituen edukiei jarraipena emateko. Gure ustez, foro erakargarria da enpresa-sarearentzat (enpresak, ekintzaileak edo interesa duten beste pertsona batzuk…). Elkar ezagutzeko eta esperientzia arrakastatsuetatik ikasteko gune bat. Aukeratutako gaia ez da hutsala, garai honetan eremu askotatik lan egin baitaiteke mundu jasangarriago baten alde”.

Horrela, bada, zazpigarren edizio honen ardatza berrikuntza bera izango da, funtsezkoa baita enpresetan estrategia jasangarriak garatzeko eta NBEak planteatutako Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko. Horretarako, aditu- eta profesional-talde bat etorriko da, eta Europako estrategiari eta gure egoerari buruz hitz egingo dute. Ikuspegi praktiko batetik, estrategia jasangarriak edo enpresetan gauzatzen diren prozesuak aztertuko dituzte, eta nola berrikuntza eta teknologia ekoizpen jasangarriko prozesuetan funtsezko papera betetzen ari diren.

Horretaz guztiaz hitz egiteko, eta José Antonio Santano Irungo alkateak aurkezpena egin ondoren, honako hauek parte hartuko dute: Jesús Alquezar Europako Batzordeko ingurumen-zuzendaritza nagusiko analista sozioekonomikoak; Carolina Blázquez Ecoalfeko berrikuntza- eta jasangarritasun-zuzendariak, eta, mahai partekatuz, Amaia Rodríguez Gravity Wave start up sozialeko CEOak.

Eta horiekin batera, Eva Garrel Talenteako aholkularitza jasangarriko proiektu-zuzendaria eta Acción en Verdeko fundatzailea eta Irungo esparru ekonomikoaren adibide diren Julene Iraola eta Julen Urtxegi, Wave Back Project-en sortzaileak. Proiektu hori moda jasangarrian ardazten da, eta material organiko eta/edo birziklatuen erabilera, tokiko ekoizpena eta bidezko eskulana ditu oinarri.

Miguel Ángel Páez Irungo Udaleko Hiri-bultzadako, Ekonomiako eta Ogasuneko ordezkariak emango dio amaiera jardunaldiari.

Zabalik dago izena emateko aukera

Jardunaldia goizean izango da (09:30-13:30), Ficoban. Izen-ematea doakoa da eta hemen egin daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude