Irun Open Innovation jardunaldiaren zortzigarren edizioa azaroaren 9an egingo da

Irungo Udalak, Irun Ekintzan Garapen Ekonomikorako eta Enplegurako Itunaren bidez, ‘Irun Open Innovation’ jardunaldiaren beste edizio bat antolatu du, zortzigarrena: enpresa munduan berrikuntzan oinarritutako esperientzia arrakastatsuak elkarrekin ikusteko aukera paregabea ematen duen hitzaldien jardunaldia azaroaren 9an izango da, ostegunarekin, Ficoban.

Irun Open Innovation jardunaldien helburua kultura berritzailea sustatzea da, eta hiriko enpresa ehuna modernizatzea, esparru guztietan berrikuntza sustatuz. Gainera, horrelako ekitaldien bidez, bertako enpresen berritzeko gaitasuna erakutsi nahi da.

Urtez urte, ekimen honi esker, enpresari txiki eta ertainek lehen mailako profesionalen ezaupide eta analisiak entzun ditzakete, eta, ondoren, haien ideia eta gomendioak nork bere enpresan aplikatu.

Izen ematea zabalik

Jardunaldia goizez izango da, 09:30etik 14:00etara bitartean, Ficoban. Bada aukera online bidez ikusteko ere. Interesdunek doan eman dezakete izena, jardunaldiaren webgunean.

Zortzigarren edizioko ardatz nagusia talentuaren kudeaketa izango da, berrikuntza irekiaren ikuspegitik helduta eta garapen jasangarrirako helburuekin bat etorrita betiere.  Lidergo tekniketan eta talentuaren kudeaketan esperientzia duten adituek parte hartuko dute ekitaldian, eta nazioarteko esperientziei buruzko lekukotasunak emango dituzte, talentua erakarri eta kudeatzearen gainean duten ikuskera azaltzeko, askotarikoa bera: irakaskuntzarena, ekintzailetzarena, lantalde handien kudeaketarena… Horrela, Irun Open Innovation jardunaldiak eskainiko dituen estrategia eta ideiak aditu espezializatuenak izango dira, eta sektore eta tamaina orotako nolanahiko enpresetan aplikatzeko modukoak.

Irungo alkate José Antonio Santanok inauguratuko du ekitaldia, eta Xabi Pérez kazetari ezaguna arituko da moderatzaile. Lehenengo hizlaria Eva Asensio izango da, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko Enpresa eta Komunikazio Fakultateko dekanordea: talentuaren kudeaketari buruzko azalpen interesgarri bat emango du, irakaskuntzaren ikuspegitik, enpresa mundua eta unibertsitate mundua uztartuta. Nazioarteko ikuskera, berriz, Odysseas Spyroglou aholkulari greziarrak emango du, besteak beste: ekintzailetzan eta berrikuntzan espezialista da, eta enpresa txiki eta ertainen esparruan talentua kudeatzeko joera berriei buruzko gakoak emango ditu.

Bi mahai inguru

Hitzaldiez gain, bi mahai inguru izango dira, enpresa munduko adituak bilduko dituztenak. Bata ahalduntzearen eta autokonfiantzaren bidez profesional gisa hazteari buruzkoa izango da: Eva Asensio izango da moderatzailea, eta parte hartzaileak, berriz, Sofya Abramchuk diseinatzaile eta Inngenium Design Lab laborategiko fundatzaileetako bat; Eva Díaz, enpresa munduko lidergoan espezialista; eta Leire de Guevara, Eroskiren egoitza nagusiko zuzendari gerentea, zeinak hogei urteko esperientzia duen antolakundeari garatzen laguntzen eta pertsonak zuzentzen. Hiru profesional horiek lantalde baten baitan konfiantza sortzeko erabili beharreko tekniken gainean duten ikuskera emango dute.

Beste mahai inguruan, bost profesionalek berrikuntzaren eta talentuaren kudeaketaren arteko harremanari helduko diote: Carme Castrok, Kainova izeneko konpainiaren bitartez, zuzendari eta enpresei langileen talentua pizten eta sustatzen laguntzen die; Paula Vergarak My Beat Coach fundatu zuen, eta lidergo eta komunikazio programen garapen eta inplementazioan espezialista da; Patricia Buendía Claire Joster firmako Euskadiko eta Nafarroako hautaketa eta headhunting burua da –enpresetarako zuzendariak eta erdi mailako arduradunak bilatzen erreferentzia da Claire Joster–, eta Leire Aranzasti, firma bereko aholkularia; eta Xabier Olaizola Puertas Olamendi enpresako zuzendari-gerentea da, eta Irun Ekintza saria enpresaren berrikuntzan VIII. Edizioan. Bere ikuspuntua emango du, gertukoagoa, talentua kudeatzeko erabiltzen dituen estrategia eta tekniken inguruan.

Miguel Ángel Páez Irungo Udaleko Hiri Bultzadako, Ekonomiako eta Ogasuneko ordezkariak emango dio amaiera jardunaldiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude