Irun, scooter-aren mapan

Euskal Ligako lehen jardunaldia jokatu zuten apirilaren 29an, El Establo Piratak antolatuta

Azken urteotan indarra hartu duen kirola da freestyle scooter-a. Irungo skate park-a adibide egokia da. Truko ikusgarriak egiten dituzten neska-mutilez betetzen da astebururo. Pista estalian aritzeko aukera ere badago, Letxunborroko El Establo Piratan. Bertako arduradunak buru-belarri ari dira lanean, Irunen maila handiko lehiaketak egin ahal izan daitezen.

Apirilaren 29ko goizean, Scooter-eko Euskal Ligako lehen jardunaldia izan zen Irunen. Bidasoaren bi aldeetako parte hartzaile eta ikusle ugari bildu ziren, Santiago zubiaren ondoko skate parkean.

Estatu mailan aitzindaria da liga, eta lehen edizioa du aurten. Sei hitzordu izango ditu (Irun, Amara, Leioa, Bermeo, Gasteiz, Santa Luzia, Zabalgana). El Establo Pirata elkarteak antolatu du liga, eta Juan Luis Cáceres presidenteak harro azaldu du haren jatorria: Denbora daramagu Irunen eta inguruan scooter-ean aritzen diren gazteekin lanean. Gaur egun esan dezakegu estatu mailako scooter-aren mapan dagoela Irun. Erreferentzia da”.

Goizeko 10:00etan hasi zen lehiaketa, eta 53 parte hartzaile izan ziren guztira, adin tarte eta kategoria ezberdinetan banatuta: 14 urtetik beherakoak eta gorakoak, adinari dagokionez, eta amateurrak eta aurreratuak, kategoriari erreparatuta. Lau orduz ibili ziren ahalik eta truko onenak egiten, ikusleak harrituta uzten ahalegintzeko. Minutu onena, truko onena, flow onena eta jauzi onena baloratu zituzten epaileek, besteak beste.

Puntuazio onena lortu dutenak ranking-eko lehen postuan kokatu dira. 10 patinatzaileko zerrenda hori hurrengo hitzorduetan aldatuz joango da.

Skate-ari edo patinei aurre hartu dien kirola da scooter-a. Asko dira Irunen eta inguruan dituen zaleak, eta patinatzaile gazteenen adina kontuan hartuta, pentsatzekoa da etorkizuna duela.

Irunen beti egon izan da patinatzearekin lotutako tradizio handia: Sancheskiren patinen garaia, Sarjiako U hura, skate park-aren eraikuntza sustatu zuten gazteak, Sport Jam azoka, eta orain, El Establo Pirata elkartea. Tradizioak aurrera egingo duela dirudi.

Euskal Liga ez da hirian antolatuko den jarduera bakarra. “Espainiako Txapelketa hemen izango da. Lana eta denbora eskatzen du Irun maila horretan mantentzeak. Beste hiri batzuetan maila handiagoko patinatzaileak daude, baina hemen egiten dugun lanak oihartzun handia du estatuan”, aurreratu du Juan Luis Cáceresek.

Bukatzeko, jendea animatu nahi izan du, klubera hurbil dadin: “Aste osoan zehar etor daitezke gazteak, pista estalian patinatzera. Astelehenetan baino ez dugu isten. Entrenamendu bereziak ere eskaintzen ditugu, monitore profesionalekin. Gazteak kirola egitera bultzatzeko modua da, kalean egon ez daitezen”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude