Abegi polita egin zioten irundarrek Kabigorri elkarteak eta Irunabar Bertsoaren Bilguneak antolatu zuten lehen bertso-gauari. Ekimen honek jarraipena izango du, hilabete orotako lehen ostegunetan Kabigorriko ateak zabalik egongo baitira Bidasoako eta inguruetako bertsolariak entzuteko.
Irunabar Bertsoaren Bilgunean aspaldiko partez lanean ari dira, bertso eskola jarduera nagusietako bat izaki. Oraintsu, urrats berri bat egin du, Kabigorri Ateneoarekin eskutik oratuta gure bailaran bertsogintzari eta euskalgintzari bultzada handia ematea jomuga duena. Irunek eta eskualdeak “behar duena bertsoekin zita finkoa bat da, urtetan mantenduko dena”. Halaxe iragarri zituen Egoitz Zelaia hendaiar bertsolariak urritik aurrera hileko lehen ostegunetan burutuko diren bertso-gauak.
Lehena Peña kaleko Kabigorriren ostatuan egin zen, urriaren 3an, eta bertan izango dira hemendik aurrerakoak ere, 19:30ean hasita. Zelaiak zehaztu zuenez, “ordubeteko edo ordu eta erdiko saioak izango dira, gutxi gorabehera, eta bertsolariak, ingurukoak: Lapurdi, Bidasoa, Malerreka, Donostialdea…”. Irunabar Elkarteko norbait gai-jartzaile arituko da. Ekitaldiak doan dira.
Lehenengo saioa
Urriaren 3ko saioan bertsotan jardun zuten Abel Zabala irundarrak, Eneritz Zabaleta baionarrak, Eneko Fernandez lesakarrak eta Alaia Martin oiartzuarrak. Irundarra izan ezik, beste hiruak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko parte-hartzaile dira. Gai-jartzaile lanak Egoitz Zelaiak egin zituen.
Kabigorriko ostatua bete zela ikusirik, antolatzaileak oso kontent zeuden ekitaldiak izan duen harrerarekin. Asmoa “eskaintza apala baina erakargarria egitea” izan dela esan zuen Zelaiak. Bistan denez, asmatu dutela esan liteke. Aurrera jarraitzeko “oso animatuta” daude, eta dagoeneko hurrengo hitzordua prestatzen hasiak dira.
Puntuari erantzunak
Eneritz Zabaletak Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzen du. Hortik abiatuz, beste hiru bertsolariek puntu bana jarri zioten.
Eneko
Eneritz, finalean ikusten al nauzu?
Eneritz
Oholtzarako txartela garestia da, aizu;
beraz, Eneko lagun, egidazu kasu:
Ikuslearen txartela erosi ezazu
Alaia
Poto egingo duzula badut bihozkada
Eneritz
Hori bera dugunak, Martin, asko gara;
baina alferrikan dugu bihotzean dardara
eta kantatuko dut onenen gisara
Abel
Potto onen mozkortzeko arriskua dago
Eneritz
Nahiz eta bodega batean sartzea nahiago
bertsotan egin behar da bota eta trago
errimekin mozkortzen ni ohituta nago
Bertso eskola
18 urte bitartekoentzat:
Hasiberri nahiz aurrez arituentzako taldea
Lekua: Irungo EKTn (Larretxipi kalea, 12)
Noiz: Astelehenero, 18:30etik 20:00etara.
Bertso eskolan izena emateko aukera ikasturte osoan zabalik egongo da.
Izen ematea DOHAINIK da.
18 urtetik gorakoentzat:
Hasiberri nahiz aurrez arituentzako taldea.
Noiz eta non:
– Asteartetan 18:00etatik 19:30era Urdanibia plazako Udal Euskaltegian
– Ostegunetan: Jaitzubian.
Bertso eskolan izena emateko aukera ikasturte osoan zabalik egongo da.
Izen ematea DOHAINIK da.
Zalantzak: irunabar@gmail.com eta
685 72 75 39 telefono zenbakian.
Jardueraren inguruko bideoa:
www.youtube.com/watch?v=fIO7qPZbEJM