Irundarrek harrera beroa egin zioten Hondarribiko arraunlariek irabazitako Kontxako Banderari

 

Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariek Kontxako Bandera etxera eraman zuten irailaren 9an. Azken urteetan izandako Kontxako Banderaren final estuenetako bat izan zen eta, Zierbenaren aurkako lehia amaigabe baten ostean, Hondarribiko arraunlariek garaipena eskuratu zuten 90 ehunenen aldearekin.

Estropada irabazi ostean, gogor borrokatutako garaipena ospatzeko unea iritsi zen. Donostiatik itzultzerakoan, Irungo Udalak Kontxako Bandera irabazi berri zuten arraunlarientzako harrera ekitaldia antolatu zuen San Juan plazan. Zaletuen txalo zaparrada eta zoriontasun hitzen artean arraunlariek, txarangaren erritmoa jarraituz, San Juan plaza oinez zeharkatu zuten Irungo udaletxeraino iristeko.

“Kontxako Bandera bat irabazten denean, garaipenari behar

duen garrantzia ematen jakitea garrantzitsua da”

Joxemi Elduayen, Hondarribiko Arraun Elkarteko presidentea

Udaletxearen barnean, Jose Antonio Santanok, Irungo alkateak, zein udal-gobernuko kideek ongi etorria egin zieten arraunlariei. Jose Antonio Santanok Irungo alkateak gogoratu zuen, “alkate bezala hiru aldiz bizi izan dut momentu hau”. Izan ere, aspalditik dator Hondarribiko Arraun Elkarteak Kontxako Bandera irabazten duenean Irungo Udaletxean arraunlariei harrera egiteko ohitura. Hain zuzen ere, 2005 eta 2013 urteetan irabazi zuen Hondarribiko klubak azken aldiz Kontxako Bandera.

“Irunera etorri eta etxeko jendearekin garaipena ospatu ahal izatea zoragarria da”

Xabier Velasco, Hondarribiko traineruko arraunlari irundarra

Joxemi Elduayen, Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak edozein arraun elkarterentzat Kontxako Bandera irabaztea lan makala ez dela onartu zuen. “Kontxako Bandera bat irabazten denean, garaipenari behar duen garrantzia ematen jakitea garrantzitsua da”, gaineratu zuen elkarteko presidenteak. Klubak eskuratu berri zuen garaipenak eragindako poztasunaz gain, presidenteak azken urtean elkarteak gainditutako une gazi-gozoak gogoratu zituen.

Afizioaren babes mugagabea
Asko izan ziren San Juan plazaren inguruan Hondarribiko arraunlariei harrera egitera hurbildu ziren jarraitzaileak. Arraunlariak, ohitura den moduan, udaletxeko balkoira atera ziren bandera astindu eta plazan pilatutako zaletuak agurtzeko.

Xabier Velasco Hondarribiko traineruko arraunlari irundarrak adierazi zuen, “Irunera etorri eta etxeko jendearekin garaipena ospatu ahal izatea zoragarria da”. Irunen egindako harreraren ostean, arraunlariak Hondarribira itzuli ziren garaipena herri osoarekin ospatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude