Krisialdi sozio-sanitarioa hasi zenetik 8 hilabete igaro ostean, hiritar sarea osatu da osasun sistema publikoa defendatzeko. Osasun Sistema Publikoko langileen lan baldintzen okertzea eta sistemaren arazoak salatzeko asmoz, orain arte hiru elkarretaratze antolatu dira hiriko osasun zentroen inguruetan. Ivan Clementek herri ekimen honen helburuak zeintzuk diren azaldu ditu.
Zergatik uste duzue osasungintza publikoaren sistema defendatzeko mobilizazioak antolatzeko beharra dagoela?
Momentuko egoera dela eta, bai langileen zein hiritarrek osasun sistemaren barnean bizi duten egoera ikusita, zerbait egiteko beharra sentitu genuen. Azken hilabeteetan osasun sistema publikoko langileen lurraldean zehar hainbat mobilizazio egin dituztela ikusi dugu eta elkarretaratzen hauen bitartez osasun arloko profesionalei gure babesa erakustea bururatu zitzaigun. Sorrerari dagokionez, hiritar mugimendu bat izan da eta Irunen elkarretaratzeak antolatzeaz gainera, Oiartzun edo Bizkaiko beste zenbait herrietan antzeko ekintzak antolatu dira.
Osasun krisialdiaren testuinguruan, osasun sistemaren egoerarekiko kezkak aregotu dira?
Bai, osasun krisialdia iritsi arte, gure osasun sistemaren egoera oso ona zela uste genuen askok, baina, pandemiak osasun sistema publikoaren gabeziak azaleratu ditu.
Zeintzuk dira zuen eskariak?
Elkarretaratzeak antolatzen hastea erabaki genuen momentuan, hiru helburu zehaztu genituen. Batetik, lehen arretako zerbitzuetan baliabide gehiago jartzea. Bestetik, osasungintza publikoan egiten den inbertsio kopurua handitzea nahiko genuke, hau da, BPGaren %7ra gutxienez. Azkenik, arlo honetan murrizketak eta pribatizazioak saihestea nahikoa genuke.
Herritarren ekimenetik sortutako mugimendua da, ezta?
Bai, osasun arloko langileek haien mobilizazio propioak izan arren, herritarren ahotsaren bitartez osasun sistema publikoa defendatzea beharrezkoa iruditzen zaigu, guztioi eragiten digun gaia dela kontutan hartuta.
Dagoeneko hiru elkarretaratze antolatu dituzue. Nolako erantzuna izan du deialdiak?
Lehen saiakera orain dela bi aste egin genuen eta bigarren zein hirugarren deialdiak arrakastatsuak izan direla esan dezakegu. Erdiguneko anbulategian antolatutako elkarretaratzean 100 pertsona inguru bildu ginen eta Dunboako anbulategian 150 irundar inguru.
Osasun arloko profesionalek elkarretaratze hauen antolaketa eskertu dute?
Bai, modu zuzenean adierazi ez arren, antolatutako elkarretaratzeetan horietako asko guregana hurbildu eta mobilizazioetan parte hartu dute, pankartaren atzean gure alboan ipiniz.
Osasun krisialdiaren ondorioz , mobilizazioak antolatzeko garai konplikatua da?
Bai, horretarako, elkarretaratzeetako parte-hartzaileen artean zintak banatu genituen sinbolikoki anbulategiak inguratu eta osasungintzako langileei babesa adierazteko. Hortaz gain, pertsonen arteko 2 metroko segurtasun distantzia mantentzen zela ziurtatzeko modu bat izan zen.
Mobilizazioez gainera, osasungintzan konpetentziak dauzkaten instituzioekin harremanetan jartzeko ahalegina egin duzue?
Ez, momentuz behintzat ez. Lehen hiru mobilizazio hauek antolatu ostean, balorazio bilera bat egiteko asmoa dugu eta bertan erabakiko dugu zeintzuk izango diren etorkizunean osasungintza publikoaren defentsan emango diren urratsak.
Parte-hartzea ikusi ostean, osasungintzaren egoerak herritarren artean kezka eragiten dituela erakutsi da?
Bai, nire ustez, mobilizazioetan zuzenean parte hartu ez arren, gizarte osoan zabaldutako kezka dela ikusi ahal izan dugu aurreko asteetan. Osasun publikoko langileen egoerak okerrera egin duela ikusten dugu eta hori ekidin beharra dago, dudarik gabe.
Zeintzuk izango dira borroka honetan eman beharreko hurrengo pausuak?
Hori ikusteko dago oraindik, baina, ahal bezain laster erabakiak herritarrei jakinarazten ahaleginduko gara. Era berean, edozeinek gurekin harremanetan jartzeko asmorik badu osasunpublikoazaindu@gmail.com helbide elektronikora idatziz gurekin kontaktatzeko aukera izango du.
COVID-19 kasuen bilakaera Irunen
Irunen COVID-19 PCR positibo berrien arabera kalkulatutako 14 eguneko tasak eta intzidentzia tasaren arrazoiak pandemiak hirian izandako bilakaera adierazten du. 14 eguneko tasak 100.000 biztanleko proportzioan kalkulatzen da, biztanle kopuru ezberdinak dauzkaten herrien arteko konparazioa posible egiteko. Intzidentzia tasaren arrazoiak, berriz, pandemiaren momentuko egoera orain dela aste bateko egoerarekin alderatzea ahalbidetzen du. Tasaren arrazoia 1etik behera dagoenean behera egin duela esan nahi du, baina, azaroko hilabetea hasi zenetik, Irunen kasuan ez da horrelakorik gertatu. Hala ere, pixkanaka bada ere, intzidentzia tasaren arrazoiak behera egin duela ikus daiteke grafikoan.
Azken asteetan zehar berde, hori, laranja eta gorri koloreko semafotoa COVID-19aren intzidentzia maila erakusteko beste adierazle esanguratsu batean bihurtu da. Koloretako semaforoaren bitartez, 14 eguneko intzidentzia tasaren arabera 5.000 biztanletik gorako herritako intzidentziaren kalkulua egiten da. Irun urriaren 26an sartu zen semaforo gorrian, hau da, intzidentzia tasa 500etik gora dago. Ordutik hiria semaforo gorrian mantendu da egunero, intzidentzia tasaren beherakada garrantzitsurik erregistratu gabe. Eusko Jaurlaritzak azaroko lehen astean murriztapen neurri berriak hartu zituen, beraz, datozen egunetan zehar intzidentziak nolako bilakaera izango duen azteru beharko da neurrien benetako eraginkortasuna ikusi ahal izateko.