Borja de la Linde pilotua, Unai Arretxe kopilotuaren laguntzaz, Euskadiko Rally Txapelketako junior kategorian nagusitu da. Irungo bi gazte hauek elkarrekin lehiatu diren lehen urtea izan da, Citroën Saxo VTS kotxea bidelagun izan dutelarik. Matxurak eta ezustekoak tarteko, azken lasterketaren amaieraraino eusteak euskal txapelketan garaile izateko aukera eman die. Elkarrekin lehiaketako lehen urtean arrakastaren zaporea dastatu ondoren jada hurrengo denboraldian pentsatzen hasiak dira.
Rallyetan lehiatzen zareten lehen urtea izan da eta jada zuen kategoriako lehen postua lortu duzue. Nola egin duzue?
Borja: Egia esan, zaila izan da, baina pixkanaka gure esku zegoen guztia eginez lortu dugu. Apurka-apurka kotxeari neurria hartu diogu. Kotxea prest izateko lan egin dugu, notak hartzera joan gara eta zorte apur bat izan arren, etengabe gauzak egiten egon gara.
Unai: Bai, elkarrekin lehiatu garen lehen urtea izan da. Borjarentzat lehen urtea izan da eta ni, berriz, aurretik beste pilotu batzuekin ibilia nintzen. Gezurra dirudi, baina azkenean kategoriako lehen postura iristea lortu dugu.
Egoera berezia, pilotuak sariak eskuratu duelako eta kopilotuak, aldiz, ez. Nola izan liteke hori?
Unai: Kotxe berean joan arren, sailkapenean bi kategoria bereizten dira. Batetik, pilotuen sailkapena dago eta, bestetik, kopilotuena. Kasu honetan, Borja izan da junior pilotu azkarrena. Kopilotuen artean, aldiz, beste batek ni baino sailkapen hobea lortu du, beraz, berak eramango du saria, nahiz eta juniorra ez zen pilotu batekin lehiatu.
Azken lehiara arte ez al duzue titulua ziurtatu?
Borja: Bai, hala izan da. Gernikako azken probara joan ginenean, gure antzeko puntuazioa zuten beste aurkari batzuk izan genituen. Zortea gure alde egon zen. Esan beharra dago lehen bi zatietan oso azkarrak izan ginela. Gure aurkariei autoa matxuratu zitzaien, eta proba amaitu ondoren txapeldun izatea lortu genuen.
Denboraldian zehar hainbat arazo mekaniko izan dituzue, ezta?
Unai: Gure lehen lasterketan palierra hautsi genuen. Bigarren lasterketa osorik amaitzea lortu genuen. Hirugarrenean berriro ere palierra apurtu zitzaigun, aurreko aldiko berbera. Mekanika aldetik hainbat hutsegite izan ditugun arren, gainontzeko lasterketak bukatuta sailkapenean igotzea lortu dugu.
Zein izan da denboraldi osoan gehien gozatu duzuen proba?
Borja: Nire kasuan etxeko probak izan dira gehien disfrutatutakoak, Ibardineko Igoera eta Lesakako Rallysprinta. Azken batean, etxeko jendez inguratuta zaude, errepidea gehiago ezagutzen duzu eta azkarrago joaten zara.
Unai: Bai, niri berdina gertatu zait. Lesakako Rallysprinta etxetik gertu dugu, errepidea aski ezaguna da, beraz, azkarrago joateko aukera eman zigun. Bertan ezagun gehiago izan genituen lasterketa ikusten eta horrek ere lasterketa berezi egin zuen.
Nola kontrolatzen dituzue lasterketa hasi aurreko urduritasunak?
Borja: Urduritasuna saihesteko dena kontrolpean izaten saiatzen naiz eta horretarako gauzak ondo prestatu behar dira. Ateratzerakoan jada urduritasunak guztiz desagertzen dira eta disfrutatzeko unea da.
Unai: Egia esan, ez dut urduritasunak saihesteko metodo zehatzik. Esaterako, ni oso urduri jartzen naiz etxetik atera eta lasterketaren tokira iristeko bidean. Behin kaskoa jarrita eta asistentziatik aterata asko lasaitzen naiz.
Emaitza onak lortzeko pilotu eta kopilotuaren arteko harremana garrantzitsua da?
Borja: Noski, garrantzitsua da, pilotuak kopilotuaren beharra duelako eta alderantziz. Ni kopilotuak esaten didanaz fidatu behar naiz eta bera nire gidatzeko moduaz. Biek talde bat osatzen dugu eta ezinbestekoa da tartean harreman ona izatea.
Unai: Gainera, gure kasuan txikitatik ezagutzen gara, hortaz, konfiantza gehiago dugu. Lasterketaz gain, ordu asko ematen dituzte elkarrekin pilotu eta kopilotuek bai garajean zein entrenatzen.
Rallyek diru asko eskatzen dutenez, babesleen laguntza nabaria da?
Borja: Bai, asko eskertzen dugu. Gurekin dauzkagu Fotokop, Jabe Carrocerias, Sarasola eta Nexas Rap. Haientzat ere Covid-19aren ondorioz urte konplexua izan da, beraz, asko eskertzen diegu gure abenturara batu izana.
Garajean ordu asko sartu dituzue?
Unai: Lanetik atera eta askotan garajean elkartzen gara. Beti dago egiteko edo hobetzeko zerbait, bai proben aurretik bai eta ostean ere. Zerbait puskatuz gero hurrengo lasterketarako konponduta izan behar dugu.
Lasterketan asistentziaren babesa asko eskertzen da?
Unai: Bai, asko laguntzen digute. Bertan gure lagun edo gurasoak izan ohi ditugu eta lanerako prest daude beti, mekanikarekin lagundu eta janaria edo edaria eskaintzeko, gure lan karga arinduz.
Emaitza onak lotzeko kotxe on bat izatearekin nahikoa da?
Borja: Alde batetik, kotxe on bat izatea ona da, baina badira garrantzitsuak diren beste hainbat gauza. Adibidez, kotxea konpontzeko edo gidatzeko esku onak izan behar dira.
Datorren urtera begira, kotxe berberarekin errepikatzeko asmorik duzue?
Borja: Bai, kotxea gurekin geldituko da, beraz, datorren urtean behintzat horrekin lehiatuko gara. Saiatuko gara beste abiadura-kaxa bat sartzen eta atzeko zubia hobetzeko asmoa dugu. Kategoria irabazteagatik denboraldi amaieran saririk ematen ote diguten ikusi beharko dugu eta laster horren berri izatea espero dugu.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.