Irunek Eguberrietako hiriburu bihurtzeko helburuarekin ekingo die Gabonei

Irailean aditzera eman zen bezala, Irungo Udalak hiria Gabonetako hiriburu bihurtzeko asmoari eutsi dio. Antolatutako ekintzak abendu osoan zein urtarrilaren hasieran egingo dira. Horrela, Irungo auzo eta kaleak jende ororentzako jarduerez beteko dira hiriko elkarte sarearen laguntzarekin antolatutako ekintzei esker. Hala ere, jarduera guztien antolaketa osasun agintariek ezartzen dituzten neurriengatik baldintzatuta egongo da.

“Irun, zure Eguberrietako hiriburua” kanpaina aurkezteko José Antonio Santano alkateak azaldu duenez, “Ziurrenik Irunen izan dugun Eguberrietako kanpaina handiena da”. Irungo alkatearen hitzetan, oso hilabete gogorrak igaro ostean, oraindik erne ibiltzea eta erantzukizunez jokatzea beharrekoa bada ere, urteko garai hau oso garrantzitsua izaten da hiriko sektore askorentzat. “Ilusio handiz prestatu dugu programa, batez ere irundarrei begira, baina, baita ere, pentsatuz egun horietan eskainiko ditugun plan guztiek erakarrita jende asko etorriko dela egun pasa”, adierazi du José Antonio Santanok.

Juncal Eizaguirre Kultura ordezkariak azaldu duenez, inoiz baino aukera handiagoa izan da programa honetan parte hartzeko. Izan ere, hiriko elkarte sareak aktiboki parte hartu du egitarauaren antolaketan. Batetik, bertako merkataritzako eta ostalaritzako elkarteek beren ekarpenak egin dituzte, krisiak haien sektoreak asko kolpatu arren, garai hau haientzat funtsezkoa baita. Horregatik, antolatutako ekintzen zati handi bat hiriko merkataritzaguneetan egingo da. Bestetik, kultura entitateek ere laguntza handia eskaini dute.

Gabonetako kanpainaren barneko lehen ekintzetako bat abenduaren 3an San Juan plazako haur jolasen alboan egindako Eguberrietako argiak pizteko ekitaldia izan zen. Irungo Kontserbatorioko ikasle talde batek gabon kantak jo bitartean, alkateak Elatzetako ikasleekin batera hiriko apaingarriak piztu zituen. Gainera, aurreko urteekin alderatuta, aurten Eguberrietako argietarako aurrekontua % 40 inguru igo da.

Antolatutako ekintzen egitaraua nahiko zabala denez, informazio guztia udalaren webgunean kontsultatu ahal izango da. Era berean, udalaren sare sozialetan ere, hau da, Twitterren eta Instagramen @irun_informa helbidean informazioa etengabe gaurkotuko da.

Eguberrietako herrixka
Abenduaren 3an Sarjia parkeko Eguberrietako herrixka zabaldu zen. Aurtengo Gabonetako proposamen berri bat da eta urtarrilaren 9ra arte egongo da martxan. Hainbat irudi eta elementu apaingarrik girotuko dute parkea eta egun jakin batzuetan haurrentzako ekintzak egingo dira bertan. Zehazki, hauek dira Sarjia parkean ipiniko den karpan egingo diren ekintzak: Abenduaren 17an, 17:00etatik 20:30era, errealitate birtualeko saio bat. Abenduaren 19an, arratsaldean, mahai jokoak, Alde Zaharra-San Juan auzo elkartearen eskutik. Abenduaren 20an, serigrafia saioa. Abenduaren 24an, erraldoien tailerra, Bidasoako Erraldoiak elkartearen eskutik. Abenduaren 27an, serigrafia saioa. Urtarrilaren 4an, gynkana eta zozketa Trikuharri elkartearekin.

Bola erraldoi ibiltaria
Irungo Eguberrietako beste ‘klasiko’ bat bola erraldoi ibiltaria dugu. Instalazio hori barnean argazkiak ateratzeko prestatuta dago, eguberrietako apaingarriz betea baitago. Bola erraldoi ibiltaria hiriko merkataritza-guneetan barrena ibiliko da txandaka. Abenduaren 17an Palmera Monteron egongo da eta 19an turismo bulegoaren ondoan. Urtarrilaren 3an San Migelera eta urtarrilaren 4an San Juanera iritsiko da. Honako ordutegi hauetan egongo da irekita: 11:00etatik 13:30etara eta 16:30etik 20:00etara.

Izotz pista
Abenduaren 10ean Ficobako izotz pista jarri zen martxan. Nahiz eta Irunen azken urteetan horrelako instalazio bat jarri izan den, inoiz jarri izan den izotz pista handiena da aurtengoa, 1.000 m2 baititu. Gainera, egun jakin batzuetan girotze emanaldi bereziak egingo dira bertan. Ficobaren kanpoaldean dago eta urtarrilaren 16ra arte patinatu ahal izango da pistan. Horrela, Eguberriak igaro ostean, beherapen garaian jendea Irunera erakartzen jarraitzeko baliatu nahi da pista. Izotz pistara iristeko doako autobus bat egongo da, Ficoba eta erdialdea lotuko dituena.

Pistaren ordutegia egun batetik bestera asko aldatzen denez, egokiena ordutegiak Irungo Udalaren webgunean kontsultatzea da. Prezioei dagokienez, berriz, 13 urtetik beherakoek 2 euro ordaindu beharko dituzte eta 8 euroren truke 5 sarrerako bonoa eskuratuko dute. Helduen eta 13 urtetik gorako haurren sarrera 3 eurokoa izango da eta 5 sarrerako bonoa lortzeko, berriz, 12 euro ordaindu beharko dira.

Eguberrietako azoka
Erreferentziazko beste gune bat berriz ere Eguberrietako azoka izango da, bertako merkataritzaren eta ostalaritzaren eskutik. Zabaltza plazan egingo da berriz ere, baina etxola gehiago jarrita, 20 guztira. Abenduaren 17an irekiko da, ostiralarekin, 11:00etan, eta abenduaren 31ra arte egongo da irekita, Eguberri egunean, abenduaren 25ean, izan ezik. Hau izango da ordutegia: goizez, 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldez, 16:30etik 20:00etara.

Merkataritzaren eskutik, hirian beste ekimen berri bat egingo da aurtengo Gabonetan. Egitasmoak “Ipuinetako erakusleihoak” izena du eta abenduaren 9tik aurrera, hamar establezimenduk erakusleiho robotizatuak sortuko dituzte, kanpoaldetik QR baten bidez aktibatu ahal izango direnak. Tom Sawyer-en abenturak, Edelvives editorialarena, izango dugu ikusgai. Ipuinaren 10 eszena erakutsiko dira, Antonio Lorente-ren ilustrazioekin.

Txirrista erraldoia
Abenduaren 17an txirrista erraldoia estreinatuko da. Oraingoan txirrista handiagoa izango da eta, berritasun gisa, Pio XII.a plazan jarriko da. Urtarrilaren 9ra arte egongo da irekita, udal webgunean kontsultatu daitekeen ordutegian. Pertsonako euro 1 izango da prezioa. Adierazi beharra dago izotz pista eta txirristarako sarrera konbinatua eskuratzeko aukera egongo dela 2,50 eurotan 13 urtetik beherako haurrentzat; eta 3,50 eurotan helduentzat eta 13 urtetik gorakoentzat.

Kale animazioa
Kale animazioa kanpainaren beste erakargarrietako bat da, eta hamaika jarduera antolatu dira hiri osoan zehar egiteko, hala nola kalejirak, kontzertuak, DJ saioak eta txarangak. Ekimen horiek hiriko toki desberdinetan egingo dira, Eguberriak auzo guztietara eramateko asmoz.

Gabonetako kanpaina abenduaren hasierarekin batera hastea aurreikusita zegoen. Eguraldi txarrak, ordea, ez zuen horretarako aukerarik eman eta zenbait ekintza bertan behera geratu ziren. Abenduaren 10ean izotz-pista Disney panpinekin dinamizatu nahi zen, baina ekintza bertan behera geratu zen. Era berean, abenduaren 10ean eta 11n izotz-pistan egitekoak ziren DJ saioak abenduaren 23an eta 27an egingo dira. Abenduaren 11ko Zabaltza plazako tango argentinar emanaldia bertan behera geratu zen. Santiagoko Deabruen kalejira Iparralde hiribidearen eta Zabaltza plazaren artean izango da, eta Demodet Quartet taldearen emanaldia Zabaltza plazan, 20:30etik 22:00etara.

Abenduaren 17an 18:30etik 20:30era San Vicente de Pauleko majoretteak San Migeletik Luis Marianora ibiliko dira. Abenduaren 18an Irungo Atsegiña txaranga Behobian izango da 12:00etatik 14:00etara. Arratsalde horretan Burrunba Elektropatxarangaren emanaldia 19:00etan hasi eta 21:00etan amaituko da, Luis Marianotik San Juanera, Zabaltzatik igarota. Hurrengo egunean, abenduaren 19an, Colon ibilbidean Ondare Elkartearen erraldoiak ibiliko dira 12:00etatik 13:00etara eta 11:30etik 14:00etara dantza-akademien emanaldiak eskainiko dituzte, Dantza Eguna dela eta. Abenduaren 29an 19:00etatik 21:00etara hiriko kaleetan Rock ikuskizuna egongo da. Azkenik, abenduaren 30ean 18:00etatik 20:00etara, Oihan Vega DJak girotuko du izotz pista, eta dantza akademien emanaldiak egongo dira 17:30etik 20:30etara.

San Migel eta Alde Zaharra-San Juan
Era berean, aurten ahalegin berezia egin da hiriko agente desberdinekin programa partekatzeko eta parte hartzera gonbidatzeko. Kolaborazio horretatik sortu da aurtengo berrikuntza handienetako bat Bidashop eta San Migel auzo elkartearekin batera: karpa bat egongo da gazteentzako eta familientzako ekintzekin Txanaleta plazan eta oraindik zehazteko dauden beste jarduera batzuk. Zentzu horretan, azpimarratu Alde Zaharra-San Juango auzo elkartearen partaidetza izango dela kaleak dinamizatzeko ekintzekin.

Eguberrietako jarduerak Oiasso museoan
Eguberriak direla eta, Oiasso Erromatar museoak bereziki etxeko txikientzat izango diren jarduerak prestatu ditu. Ekintzak urte amaierara arte egingo dira eta jende asko bertaratzea espero da.

Abenduaren 11n eta 18an (larunbatak), meatzari trenak azken irteerak egingo ditu Irugurutzetara goizeko 11:00etatik 12:30etara. Abenduaren 12an, 19an eta 26an eta urtarrilaren 2an eta 9an (igandeak), Irun erromatarretik ibilaldia eta Santa Elena ermitarako bisita egin ahal izango da goizeko 11:00etatik 12:30etara. Horretarako, lagungarri izango dira TIR doako aplikazioa eta Oiassoko aztarnategi arkeologiko nagusien 3D birsorkuntzak.

Abenduaren 22an, 17:15etik aurrera, udazken honetan Oiasso museoan egin diren antzerki tailerretako parte hartzaileek emanaldiak eskainiko dituzte ikastaroari amaiera emateko. Haurrek eta helduek egindako tailer horiek Kutxa Fundazioaren laguntzarekin eta Oiassortu programaren barruan egin dira, eta helburua izan da kultura, historia eta ezagutza arte adierazpenaren bidez partekatzea. Abenduaren 23an, 18:00etatik aurrera, “Oiassoko emakumeak” bakarrizketen beste emanaldi bat egingo da museoan. 2021. urte osoan eskaini dira bakarrizketa horiek, eta horiek ere Kutxa Fundazioak babestutako Oiassortu programan sartzen dira. Ekitaldi horietarako sarrera doan izango da, tokia bete arte.

Batez ere 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Oiasso Museoak mosaikoen tailerra eskaintzen du. Aukera ona da teknika erromatarra modu errazean ezagutu eta tesela txikiak erabiliz aleren bat egiteko. Jarduera hau abenduaren 28an eta urtarrilaren 4an egingo da (ostiralak), 11:00etatik 12:30era.

Abenduaren 29an eta urtarrilaren 5ean (asteazkenak), 8-12 urte arteko haurrek beren antzerki maskara sortu ahal izango dute antzerki greko klasikoaren oinarrizko elementu batean sartzeko aukera emango dien eskulan tailerrean. 11:00etatik 12:30era egingo da jarduera hori.

Abenduaren 30ean, ostegunarekin, eta urtarrilaren 7an, ostiralarekin, (11:00-12:30), 8 urtetik 12ra bitarteko umeak arkeologo bihurtu ahal izango dira egun batez, eta aurkitutako objektuek zer misterio ezkutatzen dituzten deskubritu, museoko laborategian.

Urtarrilaren 8an, larunbatarekin, familian egiteko jarduera bat eskainiko du museoak: helduek, gazteek eta umeek marrazketa eta pintura lehiaketa batean parte har dezakete, eta sari dibertigarriak irabazi. Parte hartzen dutenak museora sartu ahal izango dira, eta han, bildumako pieza arkeologikoren bat marraztu ahal izango dute, edo bisitaldian gehien gustatu zaien gauzaren bat.

Jarduera horietan guztietan, mugatua da edukiera. Informazio gehiago eta erreserbak: 943639353 /info-oiassomuseo@irun.org; edo www.oiasso.com.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude