Irun oso aspalditik ari zaio eskatzen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari hiriko osasun-egoera hobetzeko jarduketak egin ditzan. Eskariaren arabera, lehenengo jarduketa hirian hirugarren anbulatorio bat eraikitzea izango litzateke, osasun-zentroetan lan egiteko eta arreta emateko bizi duten egoera prekarioari erantzuteko.
Egungo egoera
Cristina Laborda Irungo alkateak gogorarazi duenez, “Oinaurren 10.000 m2 inguruko partzela bat dago hirugarren anbulatorio hori eraikitzeko. Beti defendatu izan dugu aukerarik onena eta azkarrena dela, udalak 2015etik prestatuta daukan eremu bat baita eta Eusko Jaurlaritza berehala has liteke bertan eraikitzen”. Ildo beretik, lehen zinegotziak bigarren aldarrikapen bat ere gogorarazi du, esanez “duela urtebete, Irungo Udalak egindako hirigintza-txosten bat helarazi genion Osasun Sailari. Txosten horretan, erdialdeko anbulatorioa dagoen partzelaren xehetasunen berri ematen zen, eta esaten zen aukera zegoela 1.500 metro karratutan baino gehiagotan handitzeko.
Labordak nabarmendu du herritarren kezka nagusietako bat dela; izan ere, “Argi dago Irunen profesionalak eta espazioak falta direla, kontuan hartu behar baita Euskadin paziente gehien artatzen dituen anbulatorio bat daukala hiriak”.
Bestalde, Igor Enparan Hondarribiko alkateak azpimarratu duenez, “hondarribitarrok ere egoera hori jasaten ari gara, eta, beraz, bat egiten dugu osasun-zerbitzua hobetzeko aldarrikapenarekin. Alde horretatik, Bidasoko Ospitalea handitu dadin eta espezialitateak har ditzan nahi dugu zerbitzuak hurbiltzeko eta herritarrentzat eskuragarriagoak izateko helburuarekin”.
Eusko Jaurlaritzara erantzun eske
Bi alkateak kezkatuta agertu dira gai honen inguruan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote modu serio eta zehatzean azter dezala gaia, osasungintza “funtsezko zerbitzu bat baita eta saihestezina izan beharko luke”. Era berean, eskerrak eman dizkiete osasun-langileei eta Osasun Bidasoa plataformari, Bidasoa eskualdean osasungintzaren kalitatea hobetzeko denbora honetan guztian egin duten lanagatik. Alde horretatik, bi udalek baieztatu dute gaiak ukitzen dituen gainerako kolektiboekin ere bilduko direla datozen asteetan.