Ekaineko hilabetean sartzearekin batera Irungo jaiak ospatzeko atzera kontaketa hasten da. Bi urteko etenaren ostean, festak are gogo gehiagorekin espero dituzte irundarrek. Jaien itzulera ospatzeko Kultura arloak festa egunetarako ekintzen egitarau zabala prestatu du, aurreko urteko jaietako programaren egitura mantenduz, baina, hainbat berrikuntza sartuz.
Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak adierazi duenez, “berriz ere elkarrekin egoteko festak izatea nahi dugu”. Kultura ordezkariak azaldu duenez azken bi urte hauek oso gogorrak izan dira, beraz, aurtengo Sanmartzialak oso bereziak izango dira. “Ilusio handiz osatu dugu jaietako programa hau, Udalaren gainerako arloen laguntzarekin eta hiriko erakunde eta elkarteen parte-hartze handiarekin”, adierazi du Juncal Eizaguirrek. Jaien egitarauaren egitura aurreko urteetakoaren oso antzekoa da. “ Aurten pozarren diot egitura beste urte batzuetakoaren antzekoa dela, uste baitut 2019koen antzeko sanmartzialak izango ditugula esan ahal izatea denok besoak zabalik hartzen dugun zerbait dela”.
Guztira, 140 jarduera berezi egingo dira Irungo jaien barnean, honela banatuta: antzezlanak, zirku ikuskizunak eta/edo bakarrizketak (6); dantza (6); kirol ekimenak (39); musika animazioa eta/edo kalejirak (19); haurrentzako animazioak, erraldoiak eta buruhandiak (19); su artifizialak eta/edo jarduera piroteknikoak (3); kontzertuak, berbenak eta/edo zarzuelak (28); bestelako jarduerak (29). Udalak zuzenean antolatutako jarduerak 76 dira, eta gainerako 64ak 16 kirol erakundek eta 22 erakunde kultural eta sozialek antolatuko dituzte. Juncal Eizaguirreren hitzetan, “oso urte gogorrak izan dira kultura sektorearentzat, eta horrelako jarduerarik ez egoteak hondamena eragin du sektorean”. Zehazki, aurten 409.768,25 euro bideratu dira jaietako ekintzak antolatzeko, 2019an baino ia 60.000 euro gehiago.
Musika gehiago
Musika izango da 2022ko Sanmartzialetako ekintza indartsuenetako bat. Juncal Eizaguirreren hitzetan, “aurtengoak musikaren sanmartzialak izango direla esan dezakegu”. Esaterako, Urdanibia plazako emanaldiei beste kontzertu egun bat gehitu zaie eta Ficoban Koadrilen bazkarian Gozategik kontzertua eskainiko du. “Irun lehen mailako hiria da guretzat eta uste dugu lehen mailako musika programazioa merezi duela”, adierazi du Kultura ordezkariak. Festetako programak bestelako musika nobedadeak ere badakartza. Ekainaren 17an Irun Hiria Musika Bandak rantxera eta bolero kontzertu bat eskainiko du Santiago auzoko frontoian.
Gainera, ostiral horretan bertan, ekainaren 17an, txosnagunea irekitzeko dantza emanaldia eskainiko dute Irungo dantza akademiek. 22 Academyko Josune Gurruchagak azpimarratu duenez, “Irungo dantza akademiak oso eskertuta gaude gure hiriko jaietan parte hartzeko eskaini zaigun aukerarengatik”. Sheila Gurruchaga, Josuneren ahizpa eta lankideak, adierazi duenez, “ekainean dantza eskolen ikasturte amaiera ospatzeko modu polita izango delakoan gaude”. Miren Gomezek, berriz, ekitaldian parte hartuko duten akademien izenak gogoratu ditu: 22 Academy, My Dance Studio, Toxic, Pausoka, Jazzarte eta Studio de Danza Miren Gómez.
Eizaguirrek gogoratu du Irungo Atsegiña elkarteak aurten 100 urte betetzen dituela. Irungo Atsegiñak emanaldi bereziak eskainiko ditu bere mendeurrena ospatzeko. “Oso programa berezia prestatu dugu elkarrekin, eta, horri esker, erraldoiak ohi baino egun gehiagotan ikusi ahal izango ditugu”, azaldu du Kultura ordezkariak. Irungo Atsegiñako erraldoiak hiriko beste konpartsetako erraldoiekin eta hiritik kanpo etorritako bisitariekin ibiliko dira Irungo kaleetan. Eneko Calvo Irungo Atsegiñako ordezkariak udalari eskerrak eman dizkio aurtengo jaietako egun guztietan erraldoiak kalera atera ahal izateko proposamena onartzeagatik. “Beti gustatu izan zaigu erraldoiak kaleetan ikustea, biltegian gordeta ikustea baino gehiago”, adierazi du Eneko Calvok. Irungo Atsegiñako ordezkariak nabarmendu du mendeurrena dela eta Irun Hiria Musika Bandak Irungo Atsegiñarentzat bereziki sortutako konposizio bat oparitu diela eta ekainaren 29an entzun ahalko dela lehen aldiz. “Erraldoiek jarraitzaile asko dituzte Irunen eta oso jarduera arrakastatsuak izango direla uste dugu”, gaineratu du Juncal Eizaguirrek.
Haurrak erdigunean
Haurrentzako animazioak erreferentzia izango dira beste behin ere. Kultura ordezkariak azaldu duenez, auzoetatik eta auzo-elkarteetatik eskatu izan diete Irungo auzoetan kultur jarduera gehiago egitea. “Ildo horretatik, hiriko 6 auzoetan umeentzako kultur jarduerak egingo dira, beste urteetan jarri ohi ziren gaztelu puzgarriak ordezkatuz”. Hiriko sei auzotan egongo dira, txandaka. Katea, Behobia, Antzaran, Larreaundi, Palmera Montero, Anaka eta Belaskoenean. Gainera, haurrentzako ikuskizunak eta familia guztiarentzako emanaldiak egongo dira, hala nola kaleko antzerkia, dantza-ikustaldiak, erraldoiak eta buruhandiak, urteroko haurren pintura-lehiaketa, etab.
Jaietako agurra
Jaien hasiera ofiziala ekainaren 23an izango da, 21:30etan. Agur ofiziala egingo da ordu horretan Udaletxeko balkoitik, eta aurten Gipuzkoako Aspace arduratuko da horretaz, haien 50. urteurrena da eta. Egun horretan, ohi bezala, 19:00etan San Juango zuhaitz tradizionala jarriko da eta txistulari-bandak emanaldia emango du; 20:45etan suaren inguruan aurreskua dantzatuko du Kemen Dantza Taldeak eta, agur ofizialaren ondoren, San Juan sua piztuko du José Antonio Santano alkateak, 21:45 aldera.
Luis Marianoko postuak, bestalde, ekainaren 14an irekiko dira, eta uztailaren 1era arte egongo dira zabalik. Urdanibia plazako txosnek, aldiz, ekainaren 17tik uztailaren 1era bitartean funtzionatuko dute. Urtero bezala, etxez etxe banatuko da programa hiri osoan, datozen egunotan.