Irun izango da 23. Korrikaren abiapuntua. 2024ko martxoaren 14an euskara hauspotzeko lasterketa Irunen hasi eta martxoaren 24an iritsiko da Baionara. Aurtengo ediziorako aukeratutako leloa “Harro Herri” da, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasuna islatzeko. Omendua, berriz, “Azterketak euskaraz” kolektiboa izango da.
Albistearen berri izan eta egun gutxira, azaroaren 18ko eguerdian, Irungo San Juan plazan argazki jendetsua atera zuten, Irunen korrikaren irteerak izango duen babesa islatzeko. Argazkian parte hartzeko gonbidapena zabala izan zen: oraingo eta lehengo ikasleak eta irakasleak, Korrika lagun, laguntzaile, euskaltzale, euskaldun, euskaradun, euskalakari eta irundar oro gonbidatu zituzten hitzordura.
Bertaratutakoek ekitaldian Irungo AEK euskaltegiaren mezua entzun zuten. San Juan plazako bozgorailuetatik entzundako mezuak euskaltegitik igarotako ikasleek utzitako aztarna gogoratu zuen. Era berean, Irungo euskaltegiaren historian mugarriak izan diren urteak eta gertaeren errepasoa egin zuen. Era berean, oraindik korrikaren magia sentitu ez duten horiei egitasmora batzeko gonbita egin zien, instituzioek euskararen bultzadan eta zabalpenean duten ardura azpimarratuz.
Leloa
AEK-k 23. ediziorako aukeratutako leloak Korrikaren aurreko edizioaren parte-hartze jendetsuak islatutako harrotasuna adierazi nahi du. Hau da, bere hizkuntzaz harro dagoen Euskal Herriak komunitate indartsua osatzen duela agerian utzi nahi da berriro ere. Instituzioek dagokien erantzukizun handia bete bitartean, Korrikak euskararen normalizaziora bideratuko du lasterketaren bidez bildutako dirua, herri osoaren euskalduntzea helburu.
Omenaldirako tartea
23. korrikan, Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko da. Kolektibo hori baxoa eta brebeta* euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleez osatuta dago. Izan ere, Korrikarekin batera, aldarri berbera partekatzen dute: Euskara. Ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntzaeskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta beren notetan ondorioztatutako kalteak onarturik.
Gazteek osatutako kolektiboa da, gurasoak eta irakasleak bidelagun izan dituztelarik 35 urteko bidean. Korrikak egingo dien aitortzaren bidez kolektiboaren egoera ezagutzera emango da, Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere, jakin dezaten egun gazte horien egoera zein den. Gainera, gainontzeko gazteentzako ere eredugarria izan daiteke beraien jarrera.
Euskararen aldeko lasterketa hasi aurretik ordea, lan handiko hilabeteak daude aurretik. Korrikari laguntzeko hainbat bide daude, korrikan parte hartzeaz gain: antolaketan inplikatuz, diruz lagunduz edo korrikaren informazioa zabalduz. Esaterako, Irunen kasuan, Korrika Batzordea sortuko da antolaketan inplikatu nahi diren horiek elkartu eta indarrak batzeko. Izan ere, pertsona bakoitzaren ekarpena ongietorria izango da kilometroz kilometro euskara zabaltzeko eta indartzeko bidea egingo duen egitasmo honetan.