Irungo Udala Néstor Basterretxea (Bermeo, 1924. – Hondarribia, 2014.) artistaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programatutako ekintzetara batu da. Hainbat erakunde eta entitate batu egin dira XX. mendeko euskal artistari omenaldia egiteko. Basterretxea hainbat arlotan eragina izan zuen: arte plastikoetan, diseinuan, arkitekturan, zinemagintzan eta euskal kulturaren sustapenean. Horregatik, hainbat jarduera eta erakusketa antolatuko dira bere obra goraipatzeko.
Eusko Jaurlaritzak sustatutako programa baten barnean, artistaren familiarekin elkarlanean, Néstor Basterretxearen ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna gogoratuko da, bai eta artistaren gizarte-konpromisoa eta haren lanak Euskal Herriko iruditeria kolektiboan duen iraupena ere.
Artistak Irunekin izandako lotura 1958an hasi zen, Iparralde hiribideko etxe-tailerrera etorri zenean. Bertan bizi izan zen 1968 arte. Urte horietan, artistak aktiboki hartu zuen parte Irungo kultura-bizitzan, eta, pinturaz eta eskulturaz gain, altzariak diseinatzen (Biok) eta zinemaren alorrean lan egin zuen. Hain zuzen ere, dokumental batzuk filmatu zituen Fernando Larruquertekin.
Basterretxea, erakusketara
Artistaren mendeurrenaren harira antolatu diren ekitaldien artean, Irungo Udalak, Basterretxearen familiarekin lankidetzan, erakusketa bat jarri du abian. Erakusketa horretan Irunen egon zen bitartean artistak egindako lanak ikusi ahalko dira, besteak beste, Arantzazuko zirriborroak, collageak eta argazkiak, etxe-tailerrari buruzko dokumental bat, garaiko erliebe eta eskultura hautatu batzuk, eta Equipo 57arekin lotura duten pintura abstraktu batzuk. Erakusketa apirilaren 19tik uztailaren 21era arte egongo da ikusgai Menchu Gal aretoan.
Erakusketaz gain, Irungo Udala jarduera-programa erakargarri bat prestatzeko lanean ari da. Ekintza horien helburua izango da artista ezagutzea eta hiriari egin zion ekarpena balioestea. Aurten, hiriko bizilagunek hainbat proposamen gozatu ahal izango dituzte, hala nola bisita gidatuak, tailerrak edo proiekzioak. Udaletik adierazi dute laster emango dela ekintza horiei buruzko informazio gehiago.
Néstor Basterretxea
Néstor Basterretxeak 1942. urtean ekin zion bere ibilbide artistikoari, Buenos Aireseko publizitate-estudio batean diseinatzaile gisa. Hiri horretan ezagutu zuen Jorge Oteiza, 1948an. 1952an Arantzazuko basilikako kriptarako horma-irudiak sortzeko lehiaketa irabazi zuen. Urtebete geroago, lan hori egiten ari zela, bere hamaika horma-irudi ezabatu egin zituzten gauetik goizera, frantziskotarren aginduz.
1956an, Irunera etorri zen Jorge Oteizarekin batera. Hiri honetako Frantzia hiribidean etxebizitza bat eta estudioak eraikitzen hasi ziren. 1958an Equipo 57 taldeko kide izan zen. Hirurogeiko hamarkadan hasi zen haren artea balioesten. Haren heldutasun formal eta esperimentala argi islatu zen Madrilgo Nebli Aretoko erakusketan. 1961ean, Espainiak hautatu zuen eskultore bakarra izan zen Sao Pauloko (Brasil) VI. Bienalean parte hartzeko. 1963an hasi zen zinemagintzan.
Operación H filmazioan eta Alquezar eta Pelotari film laburretan parte hartu zuen. 1968an “Ama Lur” zinta filmatu zuen. 1966an, Gaur taldeko kide izan zen Amable Arias, Chillida, Oteiza, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Sistiaga eta Zumetarekin batera. 1969an, bere lehen obra publiko handia (iturri bat) jarri zuen Irungo Nafarroa hiribidean. Hamarkada horretan hasi zen diseinu industrialean ere, eta altzari modernoen Biok enpresa sortu zuen beste bazkide batzuekin batera. 1970eko hamarkadaren hasieran Irun utzi eta Hondarribian kokatu zen. 1972tik 1975era Euskal Serie Kosmogonikoa sortu zuen. 1974an eta 1975ean, Estela Discoideas seriea sortu zuen.
1980tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren arte-aholkulari bihurtu zen. 1983an, Eusko Legebiltzarreko Bilkura Aretoan dagoen zuhaitz-eskultura egin zuen. 1984an, Arantzazuko kriptako horma-irudiak margotu zituen. 1993an, bere obra arkitektoniko handiena Beasaingo Arriarango presan jarri zuen.
2003an, erakusketa bat aurkeztu zuen San Telmon, bere arkitektura imajinarioko proiektuekin. 2005ean, Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria eta Humanitateetako Eusko Ikaskuntza saria jaso zituen. 2008an, EHUk zilarrezko intsignia eman zion arteari egindako ekarpenagatik. Urte horretan bertan, bere Serie Kosmogonikoa eman zion Bilboko Arte Ederren Museoari. 2013an, Bilboko Arte Ederren Museoak haren lanari buruzko atzera begirako erakusketa handiena eskaini zion: “Nestor Basterretxea, forma eta unibertsoa” .