Irunen azaroaren 20an ospatuko da Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna

Santi Jiménez Gazteriako ordezkariak ostiral honetan aurkeztu ditu Udalak Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren karietara antolatu dituen ekimen guztiak. Azaroaren 20an izaten da ospakizun hori, aurten, igandea.

«Azaroaren 20a Haurren Mundu Eguna da, eta aukera paregabea, beaz, mundu guztiak haurren eskubideen berri izan dezan. Egindako aurrerapenak ospatzeko eguna da, baina, batez ere, herritarrei haurrak kolektibo zaurgarriena direla gogorarazteko eguna. Ondorioz, haiek pairatzen dituzte munduko arazo eta krisien ondorio gogorrenak, eta ohartu behar gara zer egoeratan dauden haur txiroenak, eta kontzientzia hartu, haien ongizatearen eta garapenaren alde egunero-egunero lan egiteak duen garrantzia ulertzeko», nabarmendu du Santi Jiménezek.

Alde batetik, hilaren 19an (larunbata), gurasoei zuzendutako hitzaldi batzuk eskainiko dira Palmera Monteron, etxeko txikiengan jolasak duen rolaren inguruan. Topaketaren leloa «Adi! Jolasten ari gara!» da. Ekimena 10:00etan hasiko da, eta 13:30ak arte luzatuko da. Hasteko, Imma Marínek «Jolasa, bai gauza serioa!» izeneko hitzaldia emango du. Ondoren, mahai-inguru batean mintzatuko dira Marín, Azkona eta Camas, eta haurren jolasa arriskuan ote dagoen eztabaidatuko dute, hainbat gai aztertuta: eskolaz kanpoko jarduera asko, hirietan daude jolaserako eremuak, etab. Goizeko plana ixteko, jolasari buruzko bizipenetan oinarritutako esperientzia bat izango dugu, Azkonak zuzenduta.

Jardunaldi honetan izena emateko epea azaroaren 4an irekiko da, hemen. Kontziliazio-zerbitzua eskainiko zaie 3 eta 8 urte bitarteko haurrak dituzte familiei. Topaketan izango diren profesionalei dagokienez, Imma Marín Santiago hezkuntza eta jolasaren alorreko aditua da. Marínek maisutza-ikasketak egin zituen, jolasaren eta bizitzaren zenbait garai eta ingurunetan duen balioaren alorreko aholkulari espezialista da. «MARINVA Juego y Educación» enpresa sortu zuen duela 26 urte, eta IPA elkartearen sortzaile eta presidentea da (Haurren Jolaserako Eskubidearen aldeko Nazioarteko Erakundea). Haur Jolasen Behatokiko kide ere bada. Bestalde, Txusma Azkona Mendizabal familiei zuzendutako Plisti-Plasta jolas-espazioaren zuzendaria eta hezitzailea da, Lizarran. Azkona Haur Hezkuntzako diplomaduna da, eta zenbait ikastolatan egin du lan. Laura Camas Garrido, azkenik, hezkuntzaren alorreko ikertzailea da, irakasle dabil zenbait unibertsitatetan eta aholkularitza-lanak egin ditu erakunde askotan, hala nola Haur Jolasaren Behatokia, UNICEF, IKEA edo Toy Industries of Europe.

Igandero: jolasak kalea hartuko du
Gainera, azaroaren 20an, igandearekin, Haurren Eskubideen aldeko nazioarteko Egunean, hain zuzen, haurrentzako jolas-jarduera ugari eskainiko dira Zabaltza plazan eta Colón pasealekuan, Igandero ekimenaren programaren barruan.

Txikis del Bidasoarekin elkarlanean, 12 urte arteko haurrei zuzendutako jarduera batean parte hartuko dute Santiagoko Deabruek, Txiribueltak, Bidasoa Xake Klubak, Turukutupak, Emhanek, Tinta Comicsek, Txispumek eta Parean Elkarteak. Egun horretan, A&B Showsen eskutik joango da kale-dinamizazioa (Asier Burguete). Horrela, haurrek askotariko aukerak izango dituzte gozatzeko: soinu-instalazioa, irakurtzeko espazioa, mahai-jokoak, xakea, psikomotrizitatea lantzeko espazioa, egurrezko jolasak, eraikitzeko gunea, ginkana, etab. 11:00etan hasiko da, eta 13:00ak arte luzatuko.

Horrez gain, 13:00etan «Reziklantes» kontzertu-ikuskizuna eskainiko du Turukutupa konpainiak. Espazio horretan, haurtxokoetako neska-mutilek egin duten mural bat ere ikusgai egongo da. Eguraldi txarra egiten badu, jarduera Martindozenea gaztelekuan egingo da.

Horrela, Irungo Udaleko Gazteria arloak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 31. artikuluaren garrantzia nabarmendu nahi du, jolaserako eskubidearena, hain zuzen.

Haurren eta Nerabeen Foroa
Programazio berezi horren aurrekari gisa, azaroaren 18an, ostegunarekin, Irungo Haurren eta Nerabeen Foroaren 2022-2023 ikasturteko lehen saio bateratua egingo da, hiriko Musika Eskolan. Bertan izango dira San Vicente de Pauleko, Belaskoeneko eta El Pilarreko ikasleak, eta elkarri eta teknikariei, hezitzaileei eta politikariei kontatuko diete zer egoeratan ikusten duten Irun haurren eta nerabeen eskubideei dagokienez.

Haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko helburua zuen, besteak beste, Irungo Udalak 2021eko otsailean aho batez onetsi eta 2024ra arte indarrean egongo den I. Haurren eta Nerabeen Planak. Horrela, herritar aktiboak sustatu nahi dira, eta haur eta nerabeen ahalduntzea erraztu, hiriko gai politikoetan parte har dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude