Inauteriak data seinalatuak dira irundar guztien egutegietan. Festa koloretsu, alai eta dibertigarri hau ospatzeko, ordea, era ezberdinak daude. Irungo inauterien egitarauan ospakizun era berriek ohitura zaharrekin bat egiten dute.
Inauterien ospakizunekin loturiko jarduerak inauterien asteko aurreko larunbatean abiatzen dira. Hain zuzen ere, otsailaren 23an Kaldereroen konpartsak Irungo erdiguneko kaleak zeharkatu zituen zartagin eta lapiko hotsen bitartez inauterien etorrera iragartzeko. Hurrengo goizean, goizeko 8:30etatik aurrera Irungo Txistulari taldearen Diana Bereziekin iratzarri zen hiria, eguerdiko 12:00etatik aurrera Eraiki dantza taldeak antolaturiko Inude eta Artzainen konpartsan XX. mendeko pertsonai ezberdinak ikusi ahal izateko.
Data garrantzitsuetan murgildu aurretik, otsailaren 28an, inauterietako Ostegun Gizena dela eta, Zanpantzar Konpartsa Irungo kaleetan barrena ibili zen, aurtengo zanpantzarra lehen aldiz hiriko kaleetan zehar paseatzeko. Ibilbidean Bidasoako Eraldoiak, Irungo Udal Kontserbatorioko ikasleak, Auntxa Trikitixa Talde eta Txingudiko Dultzaineroak parte hartu zuten, horren ostean, Zabaltza plazan Zanpantzarra jarri eta Erraldoien Baltsa dantzatzeko.
Baserri giroko inauteriak
Ohitura zaharrei eutsi eta inauteriak era ezberdin baten ospatzeko, Irunen baserri giroko hainbat inauteri antolatzen dituzte hiriko elkarte ezberdinek. Martxoaren 2an, Inauteri Aurrean, goizeko 9:00etatik aurrera Eraiki dantza taldea Bidasoa eta Behobia inguruko baserrietan ibiliko da. Goizeko 9:30etan abiatu odnoren, berriz, Ibarla Meaka Dantza taldeak Meakako baserrietan barrena ibiliko da eta 10:00etatik aurrera Txorimaloak soinu taldeak Anakako auzoan murgilduko da. Martxoaren 3an, Zaldun Inautean, goizeko 9:00etan talde ezberdinek ekingo diote berriz ere baserri giroko inauteriei. Meaka auzoan Egoipar Meaka dantza taldea, Abes eta Meaka auzoan Meakako Adixkideak dantza taldea eta Olaberriako auzoan Kemen dantza taldea ibiliko dira.
Euskal Herri Inauteria
Azkeneko urteen bezala, Kemen dantza taldeak Euskal Herri Inauteria antolatuko du, aurten Xuberoako Maskaradako gaia ardatz hartuta. 12:05etan Pio XII plazatik irten eta San Juan plazan amaituko dute ibilbidea.
Inaute Aurrea eta Zaldun Inautea
Inauterietako ekitaldi jendetsuenetako bat hiri erdiguneko kaleak zeharkatzen dituen Inauterietako Desfile Herrikoia da. Martxoaren 2 eta 3an, larunbat eta igandean, Irungo kaleak zeharkatuko ditu arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bertan 15 konpartsek parte hartuko dute Zanpantzarra eta Bidasoako Erraldoiekin batera, Irungo kaleak, musika, dantza eta mozorroz betetzeko.
20:30etan San Juan plazaren inguruan Burrunba elektro-txarangaren eskutik musika animazioa izango da eta, ordu berean hasita, Zabaltza plazako Disko-festari hasiera emango zaio eta gaueko 23:00ak arteko iraupena izango du. Gainera, aurten, nobedade moduan, “Botiltxarra” programa martxan jarriko du udalak, disko-festan adingabeen artean alkohol kontsumoa ekiditen saiatzeko.
Astearte Inautea
Martxoaren 5ean, inauteriak agurtzeko, 19:00etan Zabaltza plazan dantzaldia egongo da Irun Hiria Musika Bandaren eskutik. 19:30etan, berriz, Zabaltza plazatik abiatuta sardina lurperatu eta Zanpantzar erretzeko jarraigoa irtengo da San Juan plazara iristeko.
Landetxako inauteriak
2019 urteko inauteriak guztiz agurtu aurretik, martxoaren 10ean Landetxa auzoan inauteriez gozatzeko azken aukera bat egongo da. Duela 7 urte martxan jarritako ideiarekin jarraituz, erdiguneko inauteriak auzora hurbilduko dituzte aurten ere. Horretarako, 11:00etatik aurrera Errotazar kaletik hainbat konpartsa abiatuko dira desfilean eta, zenbait kale zeharkatu ostean, auzoko frontoira iritsiko dira, desfilea amaitu eta disko-festa batekin inauteriei azken agurra emateko.