Irungo AEK-k Hikaren erabileran trebatzeko ikastaroa proposatzen du

Hitanoa “hi” izenordainaren erabileran oinarri duen lagunarteko tratamendua da. 2022/2023 ikasturterako AEK-k hika edo hitanoaren erabileran trebatzeko ikastaroa eskainiko du berriro. Aitor Errazkin izango da ikastaroaren gidaria eta ikastaroaren helburuak nondik nora doazen adierazi du.

Zenbat denbora darama AEK-k Hika ikastaroak eskaintzen?
Ez dakit ziur noiz hasi zen horrelako ikastaroen eskaintza. Nik daukat aurretik egindako antzeko bi ikastaroren berri. Esango nuke AEKn beti izan dela halako ikastaroak egiteko joera. Hala ere, azken urteetan ezin izan da taldea bete. Hika taldea tratamendu informalari lotzen bazaio ere, edozein titulu ateratzeko ikastaroen pareko izate nahi dugu. Esate baterako, dirulaguntzen aldetik, iruditzen zaigu hor ere euskalduntzen ari garela, ondarea jasotzen eta zabaltzen, praktikan jartzen dugun heinean. Ikastaro horrek HABEren partetik eta Udalaren partetik diruz lagundua izateko ezaugarri batzuk bete behar ditu eta horietako bat da 9 lagun behar direla taldea ateratzeko. Nahiz eta urtero jendea apuntatu, azkeneko urteetan ez da taldea osatzea lortu.

Zergatik ikusi zenuten hikari buruzko ikastaro berezituak eskaintzeko beharra?
Joera hori sumatu izan delako. Iruditzen zaigulako gure eskualdean bertako hizkerari lotutako hiztunak denborarekin desagertzearekin batera tratamendu hori ere desagertzen ari dela. Badirudi badagoela tratamendua nola erabiltzeko zalantza edo hanka sartzeko beldurra. Jende bati hitanoa momentu batean gertukoa zaio edo erabiliko luke, baina batzuetan ez du bere burua seguru sentitzen. Iruditzen zitzaigun jakin-mina zegoela eta guk pertsonalki AEKtik ikusten dugu horrek sekulako bide polita izan dezakeela eta sekulako ekarpena egin diezaiokeela herriaren berreuskalduntzeari.

Aurten taldea sortzeko aukerarik ikusten duzue?
Oraindik ez dugu jo aurreko urteetan gerturatu izan den zenbait jenderengana. Momentuz bi lagun bakarrik interesatu dira ikastaroarengatik. Baina elkarrizketa hau irakurtzerakoan norbait ikastaroan izena ematera animatuko balitz AEKrekin harremanetan jartzera gonbidatuko nuke eta topatuko dugu ikastaroan sartzeko modua.

Hika ikastaroak bestelako ikastaroak baino laburragoak izaten dira?
Bai, apur bat murritzagoa izaten da, baina hitano ikastaro arrunt bat baino luzeagoa da. Guk ez dugu bakarrik informazio truke bat egin nahi, tailer moduko bat sortu nahi dugu eta ikasleari praktikatzeko aukera eman nahi diogu. Ikastaro hau herrian eta eskualdean aplikatzeko beste zerbaiten ernamuina izatea nahi dugu.

Jendearen profilari erreparatuta, nolako jendea interesatzen da Hika ikastaroengatik?
Ez dakit. Izan daiteke jakin-min puntuala duen jendea, baina nik dakidala, etorri den asko eta asko da batez ere testuinguru informal horretan bere hizkerari beste puntu bat gehiago gehitu nahi diona. Konfiantza puntu horrekin beste jende zenbaitekin hika aritzeko pausua eman nahi duena. Bestela, kuriositatea baino ez duen jendea ere izan daiteke. Ikasteaz aparte, ikastaroak aukera ematen dizu antzerki tailer bat izango balitz bezala jokatzeko, hitanoa gure ahotik pasatzen dugunean gu pertsona eta hiztun moduan nola sentitzen garen ikusteko.

Erraza da ikastaro batekin hitanoaren erabileran trebatzea?
Nik uste dut azken batean praktika, konfiantza eta elkar entzute kontua dela. Gure zaharrei nola ikasi zuten galdetuta beraien erantzuna beti da berdina: hika ikasterik ba al dago? Azken batean, hizkuntza guztiak, tratamendu guztiak bezala, praktikaren bidez barneratzen dira eta horretarako aukera emateko egokierak sortu behar ditugu.

Gaur egun hikaren erabilera era nabarmenean murriztu dela esan dezakegu?
Bai, nik uste duk inguru euskaldunagoetan gorabeheratsuagoa dela kontua. Irun bezalako hiri batean badakigu kalean euskara zenbat entzuten den eta zailagoa izan daiteke hikaren erabilera neurtzea. Nik esango nuke oraindik erabiltzen dela, eta hirian bai toka eta bai noka hitz egiteko eredu ederrak dauzkagula. Badugu nori erreparatu, nahiz eta gure hirigunean ez sumatu. Izan badira eta gutxira etorrita ere, behar eta nahi baldin bada, hori berreskuratzeko aukera beti dagoela uste dut.

Ikastaroan Irungo eta inguruko formei erreparatzeko asmoa duzue?
Erabat. Tailer izaera ere hortik dator, ikastaroa diferentea izango litzateke irundarrak baletoz, hondarribiar bat baletor, Irun eta Hondarribiko jendea etorriko balitz edo Hendaiako norbait baletor. Parte hartzaileen jatorriaren arabera ikastaroak helburu eta kolore ezberdinak hartuko lituzke, nahiz eta gure hizkuntzak oso antzekoak izan azken batean. Bidasoaldeko hizkera bat eta bakarra izanda ere, herri bakoitzak bere formak gorde ditu eta gure helburua ere hori da, kolore hori ematea eta horrela ikastea.

Hika eskualdean desagertzeko arriskuan egon daiteke?
Ez dakit. Ez dut uste gure eskualdeak hitanoaren etorkizuna markatzeko adina garrantzia duen. Gurean desagertzea gerta liteke, beste eskualde batzuetan askoz indartsuago dago eta etxerik etxe transmititzen den hizkuntza natural horren ardatza da hitanoa. Hemen badirudi ez dela kasua, baina ez nuke horri begira jarri nahi. Nahiago dut hitanoa ikusi gure hizkuntzaren parte den tratamendu baten moduan eta, hala den moduan, ahalik eta etekin handiena atera horri.

Zer esango zenieke oraindik ikastaroan izena emateko zalantzan dauden horiei?
Dudarik gabe jendea animatuko nuke ikastaroan parte hartzera baldin eta tratamendu informalak, hikak edo hitanoak jakin-minik sortzen baldin badio. Animatuko nituzke esanez ez dela izango, inolaz ere, soilik eduki teorikoetara mugatuko den zerbait. Ikastaroak bilatzen du jendearen arteko elkarrizketa eta eskualdean hitanoa kalera ateratzea. Horren jarraipena eginez ikusi daiteke herrian eta eskualdean noraino iritsi gaitezkeen horrelako ekimenei tiraka. Beraz, norbaitek hika ikastaroan izena emateko interesa edukiko balu urriaren 15erako 9 lagun beharko dira gutxienez taldea abiatu ahal izateko. Behin taldea abiatuta, jendeak geroago izena emateko aukera izango du ikasturtean zehar Irungo AEKrekin harremanetan jarriz. Euskaltegiarekin kontaktuan jartzeko hainbat bide daude: Legia kaleko 6. zenbakira hurbilduz, 943 62 88 34 zenbakira deituz, irun@aek.eus helbide elektronikora idatziz edo Whatsapp bidez 688 746 633 zenbakira idatziz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude