Irungo alardeek “Euskaraldia” ekimenean parte hartuko dute

Paco Carrillo, Alarde Tradizionaleko jenerala:

Nola definituko zenuke euskarekin duzun harremana?
Euskararekin gertuko harremana izan dut, nire ama jaiotzez ataundarra delako, nahiz eta aita Gaztelakoa den. Ni Irunen jaio naiz, baina, zoritxarrez, euskara nahiko galdua daukat. Hala ere, ulertzeko gai naiz eta ahal dudan guztietan erabiltzen saiatzen naiz.

Egunerokotasunean asko erabiltzen duzun hizkuntza da?
Orain Debako banku batean lanean ari naiz zuzendari bezala eta, herri euskaldun petoa denez, bezeroekin egunero erabiltzen dut.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Irunen?
Irunen erdaraz ibiltzeko ohitura gehiegi dugula uste dut, nahiz eta euskaraz hitz egiten dakigun.

Zer egin beharko litzateke egoera hau hobetzeko?
Erabiltzea, etengabe erabiltzea. Lotsak alde batera utzi eta, nahiz eta akatsak egin, erabiltzeko ahalegina egitea.

Irungo egoerarentzat “Euskaraldia” lagungarria izango dela uste duzu?
Bai, noski. Hori eta Irunen euskararen erabilera bultzatzeko asmoa duten kanpaina indartsu guztiak beharrezkoak ikusten ditut, aspertu eta jendea euskara hitz egiten hasi arte.

Alardearen eta euskararen artean loturarik dago?
Bai, jende aurreko ekitaldietan herrian dauzkagun bi hizkuntzak erabiltzen saiatzen gara beti. Hortaz gain, sare sozialak, webgunean eta ordenantzak ere euskaraz kudeatzen saiatzen gara.

 

Inma Landa, Alarde Publikoko jenerala:

Nola definituko zenuke euskarekin duzun harremana?
Euskararekin lan egiten dut. Irakaslea naiz eta Txingudi Ikastolan lan egiten dut, beraz, nire lanbidea da. Ikasle erdaldunak euskalduntzea da gehien gustatzen zaidana.

Egunerokotasunean asko erabiltzen duzun hizkuntza da?
Bai, gehien erabiltzen dudan hizkuntza da. Lanean denek euskaraz egiten dugu, familiarekin ere eta lagun gehienak euskaldunak ditut.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Irunen?
Oso makala. Kalean oso gutxi entzuten da eta penagarria da jende asko euskalduna izanda gazteleraz aritzea. Ikastolan egoera hori argi eta garbi ikusten dugu.

Zer egin beharko litzateke egoera hau hobetzeko?
Ez dakit non egon daitekeen gakoa. Nik uste egin dezakegun gauza bakarra euskaldunok garenok, gutxienez, lehen hitza euskaraz egitea da.

Irungo egoerarentzat “Euskaraldia” lagungarria izango dela uste duzu?
Nire ustez oso beharrezkoa da, horri buruz pentsatzeko tartea hartu eta euskaldun zahar askori zer pentsatua emango diela uste dut.

Alardearen eta euskararen artean loturarik dago?
Agintarien juntan gauden guztiak euskaldunak garenez, bilera guztiak euskaraz egiten ditugu. Hortaz gain, jeneral bezala prentsarekin lan egin dudanean, euskarazko prentsa hurbildu zait eta elkarrizketak euskaraz egin ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude