Berdintasuna Amets berdintasuna eta genero indarkeriaren kontrako baloreak sustatzeko asmoa duen ekimena da. Laugarren edizioan, Irungo Berritzeguneaz gainera, Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketako antolatzaileak batu dira, Bidasoa eta Oarsoaldeko ikasleen parte-hartzea bultzatzeko.
Elkarlanaren emaitza gisa Berdintasuna Amets ekimena Asun Casasola Berdintasuna Amets izena izango du aurrerantzean, bi eragileen arteko kolaborazioa irudikatzeko. Ekimenaren izena aldatu arren, hasiera batean Irungo Berritzegunetik bultzatutako ekimenaren helburu eta ekimenean parte-hartzeko oinarrietan ezer gutxi aldatu da, ekimenaren sorrera bultzatu zuten baloreak bere horretan mantendu direlarik.
Zentzu horretan, aurtengo edizioko berrikuntza nagusietako bat Asun Casasola Berdintasuna Amets ekimenera aurkeztu eta aukeratuak izango diren lanak Parean elkartearen webgunean partekatuko direla da, modu honetan, ikasleen lanek zabalpen handiago izan dezaten. Hortaz gain, Parean elkarteak ekimena sustatzeko bideo bat sortu du, euskal kulturaren eremuan lan egiten duten pertsona ezagunen adierazpenak eta ekimenean parte-hartzera animatzen duten mezuak bilduz.
Irungo Berritzeguneko zuzendariak gogoratu duenez “Asun Casasola Berdintasuna Amets ekimena ez da lehiaketa bat, beraz, ez dago saririk”. Marivi Fernandezek azaldu duenez, ekimenean parte hartzen duten ikastetxe guztiek parte-hartzea errekonozitzen duen diploma bat jasoko dute. Hortaz gain, hautatuko lanen egileek deialdiaren marrazkidun txapa bana jasoko dute. Era horretan, ekimenean Bidasoa zein Oarsoaldeko ikasketa zentro guztiek parte hartu dezkete, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa edo Batxilergoko zentroetaraino. Hortaz gain, egitasmoak banaka, talde txikitan, gelaka edo ikastetxe osoan landutako proiektuak onartzen ditu.
2021eko Asun Casasola Berdintasuna Amets egitasmoak martxoaren 26ra arte jasoko ditu ikastetxeek aurkeztutako lanak. Lanak aukeratzerako unean ekimenera aurkeztutako lanen originaltasuna, lanaren kalitatea eta gaiarekiko lotura izatea kontutan hartuko da. Era berean, hautaketa taldea Hezkidetza Mintegiko Berritzeguneko arduradunak, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hekzuntzako ikastetxeetako bi partaide eta Berritzeguneko idazkariak osatuko dute. Lanak berdintasunaamets@gmail.com helbide elektronikora bidaliz jasoko dira. Hortaz gain, Irungo Berritzegunera lanak postaz bidali edo zuzenean Irungo Berritzeguneak Kale Nagusiko 43. zenbakian duen egoitzan eskura uzteko aukera ere eskaintzen da.
Formatu anitz aukeran
Asun Casasola Berdintasuna Amets ekimenak lanak formatu anitzetan aurkezteko aukera ematen du. Besteak beste, eskulanak, idazlanak, ipuinak, mikro-ipuinak, olerkiak, haikuak, rap-a, leloak, logoak, marrazkiak, bideoak, aurkezpenak, … aurkeztu daitezke. Hau da, lanak ikastetxean lantzen diren hizkuntza guztietan aurkezteko aukera ematen da. Dena den, lanaren atzealdean edo fitxategian ezinbestekoa da ikaslearen edo lana egin duten ikasle-taldearen izen-abizenak eta ikastetxearen izena agertzea. Marivi Fernandez Irungo Berritzeguneko zuzendariak azaldu duenez, hasiera batean martxoaren 8a hartu zen ekimena antolatzeko erreferente gisa. Izan ere, ikastetxeek egun horren inguruan sortutako lanak aurkeztu ohi zituztelako Berdintasuna Amets egitasmora. Beranduago, ordea, lanak entregatzeko epea luzatzea erabaki zen, ikastetxeek lanak entregatzeko eta lanak antolatzeko denbora gehiago izan dezaten.
Ekimenaren abiapuntua
Berdintasuna Amets ekimena eskualdeko ikasleen artean ikastetxeetako lanketaren bitartez berdintasuna eta genero indarkeriaren kontrako baloreak bultzatzeko helburuarekin martxan jarri zen. Aurtengo ekimenaren laugarren edizioa izan arren, aurten lehenengo aldiz Parean elkartearekin lankidetzan garatutako proiektua izango da. Ainara Lopez parean elkarteko ordezkari gisa ekimenaren aurkezpenean nabarmendu duenez, “Parean elkarteko kideentzat oso pozgarria da ekimen honetan parte hartzeko aukera izatea”.
Irungo Berritzegunea eta Parean elkartearen arteko erlazioa aurretik dator Marivi Fernandez Irungo Berritzeguneko zuzendariak azaldu duenez, “ aspalditik beraiekin harremana dugu eta Berritzegunean antolatu ohi dugun hezkidetza mintegian parte hartu izan dutelako”. Hezkidetza mintegi horietan erkidego mailako bigarren hezkidetza plana lantzen da. Izan ere, ikastetxe guztiek hezkidetza planean zehazten diren arauak landu behar dituzte. Horrela, Irungo Berritzegunetik antolatutako hezkidetza mintegietan eskualdeko ikastetxe guztietako hezkidetza arduradunek parte hartzen dute.
Ainara Lopez Parean elkarteko ordezkariak azaldu duenez, elkarteak Berritzeguneko ateak beti zabalik aurkitu ditu Parean elkartearen egitasmoak ezagutarazten lagundu edo elkartetik sortutako materialak zabaltzeko. “Irungo Berritzegunearen eta Parean elkartearen artean bideak elkartzea oso aberasgarria dela adierazi du Ainara Lopezek, herrigintza eta elkarte mugimendutik datorren ekimena hezkuntzarekin elkartzeko aukera ematen duelako”, gaineratu du Ainara Lopezek.